GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 15 urte hil zen Mauthausenetik bizirik atera zen Jose Maria Agirre Salaberria milizianoa

Gaur hamabost urte hil zen Jose Maria Agirre Salaberria, Mauthausengo kontzentrazio esparrutik bizirik atera zen milizianoa. 90 urterekin hil zen arte nazien erregimenaren ondorioz jasandakoaren berri eman zuen, eskatu zioten guztietan.

Jose Mari, artileriako miliziano Katalunian, 1937-1939 bitartean. (Jose Mari Agirreren familiak utzita.)

1919ko martxoaren 25ean jaio zen Etxebarria herri bizkaitarrean Jose Mari Agirre Salaberria (Etxebarria 1919ko martxoaren 25a – Palma Mallorcakoa, Balearrak, 2009ko irailaren 6a), Egixarre baserrian. Bost anai-arrebetatik zaharrena zen. Gazte zenean familia Irunera mugitu zen eta 1936ko gerrak bizitza hankaz gora jarri zuenean 17 urte zituen.

Bera eta aita, etxean adin militarrean zeuden bi gizonak, Kataluniara bidali zituzten errepublikarrekin borrokatu zezaten. Aita gerran hil zen, eta gerra garaian ere ezagutu zuen gerora bere emazte bilakatuko zena, Marina Garcia Rissech.

1939. urtean, Francoren tropen aurrerapausoekin batera, Agirrek ihes egin zuen Estatu frantsesera, eta bertan errefuxiatu moduan hartu zuten. Rosellongo hondartzetan kokatu zituzten kontzentrazio esparruetara eraman zituzten lehenik; gero, beste euskaldun askorekin, Gursera.

Gerrak eztanda egiterakoan, Frantziako Armadan izena ematera behartu nahi zituzten, eta uko egin zuten  errepublikarrak Septfondseko kontzentrazio esparrura eraman zituzten. Izena eman zuten azkenean, baina 1940ko ekainean naziek Thaon-les-Vosges herrian preso hartu zituzten eta Estrasburgora oinez joatera derrigortu zituzten, 100 kilometro baino gehiago.

Irailean naziek Estatu espainoleko errepublikarrak kondenatzeko agindua eman zuten eta ordura arte ezezaguna zen herri batera eraman zituzten, Mauthausenera. «Spanier» (espainiar) hitzaren S letra josi behar izan zuen bere jantzian, 4553 zenbakiaren alboan.

Milaka hil ziren han. Bizirik atera zirenetako bat izan zen Jose Mari Agirre, nahiz eta hilzorian egon zen. Kontzentrazio esparruak askatzean Mallorcara joan zen lasai bizitzera, bertan zuen familiarekin elkartzeko, eta 2009an, 90 urterekin hil zen arte, nazien erregimenaren ondorioz jasandakoaren berri eman zuen, eskatu zioten guztietan.

‘Egixarretik Mauthausenera’ liburuxkan kontatzen da zer bizi behar izan zuten Mauthausenera deportatutako presoek, Agirreren figuraren bitartez.