09 SET. 2024 Gaur X urte 89 urte bete ditu gaur Pakita Arregi ohorezko euskaltzainak Gaurko egunez duela 89 urte jaio zen Pakita Arregi EHUko katedradun eta irakaslea. Irakasle zein ikerlari gisa egindako ekarpena aitortu zioten 2010ean ohorezko euskaltzain izendatuta. Arregi, ezkerretik bigarrena, ohorezko euskaltzain izendatu zuten ekitaldian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 89 urte bete ditu gaur Pakita Arregi Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ohorezko euskaltzainak. Nafarra da, Areson jaioa 1935eko irailaren 9an. Soziologia eta Politika Zientzietan Doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitatean katedraduna izan zen erretiroa hartu zuen arte, Euskal Hizkuntza eta Hezkuntzaren Soziologia irakasten zituen. 1964an sortutako Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentziaren zuzendari izan zen eta bertako irakasleentzako euskarazko lehen gaitasun-proben antolaketa berak egin zuen. Hain zuzen ere, 2022an ‘Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentzia’ liburua argitaratu zuen. Halaber, Ikastoletan lanean ari ziren eta Irakasleen Eskolan sartzeko titulua behar zuten irakaslegaientzat Batxilergoko Ikastaroen antolaketa egin zuen. Euskal Herriko Unibertsitatearen ohorezko irakaslea izan zen 2005ean eta Euskal Irakasleen Elkartearen irakasle emeritu izendatu zuten 2007an. Ez dira horiek izan bere ibilbideari egin dizkioten aitortza bakarrak. Izan ere, 2008an klandestinitatean lan egin zuten andereñoei emandako Sabino Arana saria jaso zuen. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria eman zioten, 1960ko hamarkadako andereñoei zuzenduta zihoana. Irakasle lanetan ez ezik, ikerketan ere aritutakoa da Arregi. Lanaren eta hezkuntzaren soziologia eta euskararen alfabetatze arloetan lan ugari argitaratu ditu. Halaber, 2010ean Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.