09 SET. 2024 Suizidioaren aurreko prebentzioa hizpide izango dute Azpeitian hilaren 16an Suizidioaren prebentzioa jorratuko du hilaren 16an Azpeitian egingo den hitzaldi batek. Gaiaz naturaltasunez hitz egiteko espazioa sortu nahi dute, jarraibideak eskaini eta estigma, bakardadea edota errudun izatearen sentsazioa bezalako egoerei aurre egiteko. Agifes elkarteak anotlatu du suizidioari buruzko hitzaldia. (Agifes) GAUR8 Suizidioaren inguruko mitoak apurtu eta prebentzioan laguntzeko hitzaldia antolatu du Agifesek Bidegin elkartearen laguntzarekin. Hilaren 16an izango da Azpeitian, Mankomunitateko ekitaldi aretoan, 18.00etatik aurrera. Bi hizlari izango ditu saioak: Bidegin elkarteko Belen Perales eta Eneko Izagirre, suizidioz hildako pertsonen senideak biak. Doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntza ematen du Bidegin elkarteak. Ohar batean Agifesek aurreratu du hizlari biek euren esperientzia eta bidean ikasitakoa partekatuko dutela hitzaldira bertaratzen direnekin. «Suizidioaz naturaltasunez mintzatzeko espazioa sortzea izango da saioaren helburua; izan ere beldurrik eta taburik gabe hitz egiteak bizitzak salbatzen dituela badakigu», nabarmendu dute, Bideginen mezua gogoratuz. Irailaren 10ean Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna da, eta horren harira, esperientziak partekatzeaz gain, jarraibideak eskaini nahi ditu saioak «sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta beren buruaz beste egiteari buruz pentsa dezaketen pertsonak inguruan dituztenei». Zehaztu dutenez, «Bidegin elkarteko ordezkariek senideei beharrezko babesa ematearen garrantziaz hitz egingo dute, bai maila pertsonalean bai maila sozialean». Horregatik, suizidioaren ondoan sor daitekeen traumari aurre egitea, estigma jasateak eragiten duen egoera, bakardadea, beldurra edota errudun sentsazioa izango dira jorratuko diren sentimenduak. Bestalde, Agifesek gogora ekarri du abian dagoela antolatzen dituen ‘Kazetaritza eta Buru Osasuna’ sarien 2024ko edizioa. Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko». Ekimenak buru osasunaren inguruko kazetaritza lanak sustatzea du xede, osasun mentaleko pertsonalen kolektiboari buruz ikuspegi arduratsuarekin informatzen duten profesionalen lanak nabarmenduz. bereziki gizarte sentsibilizazioan eta estigmaren aurkako borrokan fokua jarrita.