16 SET. 2024 Neiker buru duen proiektu europar bat nekazaritzako elikagaien hondakinekin egindako bio ongarriak aztertzen ari da Neiker euskal zentro teknologikoa buru duen proiektu europar batek nekazaritzako elikagaien hondakinetatik eratorritako ongarri jasangarrien ekoizpena aztertzen ari da. Gainera, hamar bio ongarri berri baliozkatu behar dituzte ‘Landfeed’ izeneko egitasmo horren barruan. ‘Landfeed’ izeneko ekimenak lau urteko iraupena izango du. (Neiker) GAUR8 Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea nekazaritzako elikagaien hondakinetatik eratorritako ongarri jasangarrien ekoizpena bultzatzeko programan ari da lanean. Izan ere, zazpi herrialdetako 21 bazkidez osatutako Europako partzuergo baten buru da. ‘Landfeed’ izeneko ekimenak lau urteko iraupena izango du eta nekazaritza jasangarriago bat garatzen lagunduko du, hondakinen berreskurapena sustatuz, karbono-aztarna murriztuz eta lurzoruen osasuna hobetuz, ohar batean jakinarazitakoaren arabera.Ongarri mineralak, hala nola nitrogeno, fosforo eta potasio konposatuak, Europan gehien erabiltzen direnak dira, baina haien energia ekoizpenak karbono-aztarna handia sortzen du.Proiektu berriak 6,6 milioi euroko aurrekontua du, eta ongarri mineralen erabilerari alternatiba eskaintzeko sortu da, nekazaritzako elikagaien hondakinak bioongarri bihurtzea proposatu baitu. Jasangarriagoak izateaz gain, lurzoruaren egitura hobetzen dute eta higadura murrizten dute.Proiektuaren buru izateaz gain, algetan oinarritutako ongarri horientzako estaldura biodegradagarriak garatuko ditu Neikerrek. Estaldura horiei esker, mantenugaiak modu kontrolatuagoan askatzen dira, landareen hazkunde eraginkorragoa ahalbidetuz, eta, aldi berean, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea dute helburu. Lurzoru desberdinetan eraginkorrak Proiektu honen esparruan, hamar bio ongarri berri baliozkotzea aurreikusten da, Europako hainbat tokitan saiakuntzak eginez, baldintza klimatiko eta lurzoru mota desberdinetan eraginkorrak direla frogatzeko.Helburua da ongarri horiek prezio lehiakorretan eskuragarri egotea, nekazariek ongarri mineralekiko duten mendekotasuna murrizteko eta klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko.Proiektu honek landa-ekonomiak eta ekonomia periferikoak ere bultzatu nahi ditu, bioekonomian oinarritutako negozio-lerro berriak sortuz. Proiektuak 150 lanpostu sortuko ditu Teruel eta Jaen eskualdeetan, baita Estatu frantseseko eta Italiako beste eremu batzuetan ere.Gainera, bioongarrien tokiko ekoizpenak kanpoko baliabideekiko Europar Batasunaren mendekotasuna murriztuko du, eta horrek nekazaritzako autosufizientzia hobetuko du eta ongarrien balio-katearen iraunkortasuna indartuko du.