18 SET. 2024 Abian da irakurzaletasuna sustatzea helburu duen Booktuberboom sariketaren edizio berria Instagramen, YouTuben edota TikToken irakurritako liburu baten inguruko esperientzia partekatu, gomendioa eman, sinopsia edota iruzkina argitaratzen duten gazteek aukera bat dute Booktuberboom sarietarako hautagai izateko. 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. GAUR8 Gazteen artean ikus-entzunezkoen eta sare sozialen bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duen Booktuberboom egitasmoaren zortzigarren edizioa jarri dute abian. 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta, irakurri duten euskarazko liburuari buruzko bideo labur bat grabatzea eskatzen du ekimenak, alegia, «booktube, bookstagram edo booktok bat sortu, dagokion sare sozialera igo eta blogeko formularioa bete», gogoratu dute antolatzaileek ekitaldiak ohi duen funtzionamenduaren inguruan.‘Book’ (liburua) eta Tube (YouTube) hitzak lotzen dituen ‘booktube’ terminoak YouTube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko gomendioa, kritika edo iruzkina adierazten du, «liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa».‘Bookstagram’ Instagramen egindako liburuaren gaineko post bat da, eta ‘booktok’, TikToken bideo bertikal labur batean eskainitako sinopsia, zehaztu dute antolatzaileek.Nabarmendu dute «sare ikaragarriak» sortu direla «bai nazioarte mailakoak, bai tokian tokikoak, hizkuntzaren arabera gehienetan» eta horrek suposatzen duen azpi-kultura digitalaren sorrera: «booktuber, bookstagramer eta booktoker horiek, azken finean, euren esperientzia literarioak besteekin konpartitu nahi dituzten neska-mutilak baitira eta neurri horretan literatur kritikari berrien sare eta plataformak ari baitira sortzen». Izan ere, ‘booktuber’, ‘bookstagrammer’ eta ‘booktoker’ plataforma sortzea da antolatzaileen helburua, «liburuen euskal influencer komunitatearen lehen hazia landatuz». Azaroaren 25era arteAzaroaren 25ean, eguerdiko 12.00etan, bukatuko da lehiaketan parte hartzeko aukera. EAEko Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri elkarteak antolatuta, sariketak proposatzen duen erronka erraza da: «liburu bat irakurri, kamera, mugikorra edo tableta hartu eta grabatu liburu horri buruzko iruzkina-gomendioa».Grabatutako bideoa YouTube kanalean, Instagramen edota TikToken argitaratu eta Booktuberboom blogeko parte hartze orria bete behar dute. Ohartarazi dute, bestalde, bideoa bi modutan igo daitekeela: publikoa (publikoaren sarian lehiatzeko) edo ikusezin aukeratuta, modu pribatuan parte hartzeko eta soilik epaimahaiak ikusteko». Azpimarratu dute, gainera, booktubea euskaraz egin behar dela, euskalkia edozein dela baina euskara «zuzen eta egokia» erabiliz. Bideoek jaso behar duten gutxieneko informazioa ere zehaztu dute: liburuaren izenburua, egilearen izen-abizenak eta Booktuberboom lehiaketan parte hartzeko lana dela aipatzea. Aurreko edizioetan bezala laguntzaile ezagunak izango ditu lehiaketak, euren gustuko liburuak gomendatuko dutenak. Honakoak dira aurtengo gonbidatuak: Sua Enparantza dantzari eta aktorea, Julen Portillo TikTokerra, Zuriñe Hidalgo abeslari eta aurkezlea, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezle eta umoristak, Olatz Salvador musikaria, Aitziber Garmendia aktorea edota Iholdi Beristain aktore eta abeslaria.