20 SET. 2024 EHUren tesi batek neke kronikoaren sindromea aztertzeko protokoloa lortu du Neke kronikoaren sindromea aztertzeko protokoloa garatu du Iñigo Murga EHUko ikertzaileak, sintomak klinikoki ezaugarritu eta azpitaldeak osatuz. Nabarmendu dute tresna erraz batzuk eskaintzen dituela lehen arretan diagnostiko goiztiarra egiteko. Iñigo Murga EHUko Neurozientziak Saileko ikertzailea. (UPV/EHU) GAUR8 UPV/EHUko Neurozientziak Sailean garatutako doktorego-tesi batek neke kronikoaren sindromea duen paziente bakoitza ebaluatzeko protokolo bat zehaztu du. Iñigo Murga EHUko ikertzaileak zazpi urtez aztertu du gaitz konplexu hori, eta paziente bakoitzaren sintomatologia aztertu ondoren, «gaixoen profil ezberdinak» daudela ondorioztatu du, ‘Frontiers in Psychiatry’ aldizkarian argitaratutako aurkikuntza batean. Ikerketak «sintoma guztiak klinikoki ezaugarritzea eta azpitaldeak osatzea» lortu du, «paziente bakoitza ebaluatzeko protokolo oso zehatz bat ezarri ahal izateko», azaldu du Murgak. Gaixotasuna ezaugarri jakin batzuk balitu bezala aztertzen da, baina tesiak erakutsi du «askotariko ezaugarriak» dituela eta hori neke kronikoaren sindromearen azterketan aurrera egiteko oinarria izan daitekeela. Lan horrek agerian uzten du, halaber, gaitz hori ikusarazteko beharra, eta tresna erraz batzuk eskaintzen ditu lehen mailako arretan diagnostiko goiztiarra egiteko. Neke kronikoaren sindromea sindrome neurologiko bat da, hainbat sistema organikotan eragina duena eta desgaitasun handia sortzen duena. Neke iraunkor eta esplikatu gabea islatzen du, esfortzu txiki fisiko zein mentaletan. Jatorri ezezaguneko patologia konplexua da, eta bertan nabarmen murrizten dira pazientearen jarduera profesionalak, sozialak eta etxekoak. Batez ere emakumeei eragiten die, ugaltzeko adinean daudenean, baina haurtzaroan ere ager daiteke. Iñigo Murgak nabarmendu du gaitzak garrantzi berezia hartu duela Covid-19aren osteko sindromearekin duen antzekotasunagatik, eta, horregatik, ikertzea aholkatu du, «baldintza ezberdinen edo benetan berdinen aurrean gauden zehazteko».