25 SET. 2024 Etxepare Euskal Institutuak Hizkuntzen Europako Eguna ospatuko du Bruselan, Lisboan eta New Yorken Gaur bertan izango den errezitaldi poetiko eleaniztunak emango die hasiera Hizkuntzen Europako Egunaren ospakizunei, eta programazioarekin bat eginez hainbat jarduera antolatu ditu Etxepare Euskal Institutuak, zenbait euskal idazleren laguntzarekin. Irudian, Miren Agur Meabe, programazioan parte hartuko duen euskal idazleetako bat. (Maialen ANDRES | FOKU) GAUR8 Etxepare Euskal Institutuak bat egingo du Hizkuntzen Europako Egunaren ospakizunekin, Bruselan, Lisboan eta New Yorken egingo diren ekitaldiekin. Hain zuzen, Miren Agur Meabek errezitaldi batean hartuko du parte Portugalgo hiriburuan, Harkaitz Cano Bruselako Transpoesie jaialdian izango da, eta euskara ikasteko hastapen klaseak eskainiko dira New Yorkeko Queens Night Market azokan. Hizkuntzen Europako Eguna ostegunean ospatuko da, irailaren 26an, kontinentean dagoen hizkuntza eta kultura aniztasuna bere nortasunaren funtsezko elementu gisa balioesteko eta sustatzeko helburuarekin. Etxepare Euskal Institutuak bat egiten du asmo horrekin, eta euskara eta euskal kultura Europako beste hizkuntza batzuekin batera hainbat jarduera sustatzen ikusarazteko. Horrela, Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, asteazken honetan, irailaren 25ean, Hizkuntzen Europako Egunaren bezperan, errezitaldi poetiko eleaniztuna egingo da Cervantes Institutuaren Lisboako egoitzan, Iberiar penintsulako hizkuntzak ordezkatzen dituzten idazleekin. Ekitaldia Cervantes Institutuak berak antolatu du, Portugalgo Instituto Camões, Consello da Cultura Gallega, Institut Ramon Llull eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean. Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria Lisboan izango da, Miren Agur Meaberekin batera. Espainiako Poesia Saria eta hiru bider Euskadi Saria eskuratu dituen idazle bizkaitarraz gain, Miriam Reyes Carcamo (gaztelaniaz), Golgona Anghel (portugesez), Oriana Mendez (galegoz), Miriam Cano Manzano (katalanez) eta Esther Prieto Alonso (asturieraz) idazleek ere parte hartuko dute errezitaldian. Poemak Bruselan Bestalde, irailaren 26tik 28ra, poesia izango da nagusi Bruselako espazio publikoetan eta garraio sarean, eta 20 bat egileren poema originalak irakurri ahal izango dira, bakoitza bere jatorrizko hizkuntzan eta frantsesera eta nederlanderara itzulita. Olerki horien artean euskarazko bat egongo da, Harkaitz Canok idatzia; Cano da, hain zuzen, Transpoesie jaialdira gonbidatutako idazleetako bat. EUNIC European Union National Institutes for Culture harreman kulturaletan diharduten erakundeen sare europarrak 2011tik antolatzen du Transpoesie, eta Etxepare Euskal Institutua EUNICen Brusela eta New Yorkeko klusterretako kide elkartua da. Hizkuntzen Europako Egunarekin bat eginez, jaialdiak hainbat ekitaldi antolatzen ditu Belgikako hiriburuko metropoli eremu osoan, hala nola irakurketak, mahai-inguruak, eztabaidak eta idazketa saio publikoak. Harkaitz Cano izango da inaugurazio ekitaldira gonbidatutako egileetako bat, Jardin des Citoyens-en, eta Luxenburgoko enbaxadan egingo den 'Surrealism de Lux' ekitaldian ere hartuko du parte. Europako hizkuntza aniztasuna azpimarratu nahi duen jaialdiak mugimendu surrealistari keinua egingo dio 14. edizioan, hain zuzen ere, Andre Breton artistak argitaratutako manifestu ospetsuak 100 urte bete dituenean. Eskolak, Queens Night Marketen Azkenik, euskarak eta euskal kulturak lekua izango dute New Yorken ere, Queens Night Market gaueko azoka ezagunean egingo den ekitaldi berezian, larunbatean, irailaren 28an. EUNIC New York sareko kide diren erakundeek hainbat jarduera ludiko eta kultural antolatu dituzte Europako ondare linguistiko aberatsa erakusteko eta Hizkuntzen Europako Eguna ospatzeko, hala nola dastatze gastronomikoak, kontzertuak, dantza edota hizkuntza klaseak. Programazio horren barruan, Etxepare Euskal Institutuaren eta AEBetako Euskadiko Ordezkaritzaren arteko lankidetzari esker, Beñat Urrutia dantzari eta ikertzaileak euskal dantza emanaldia eskainiko du, eta bertaratzen direnek euskara ikasteko hastapen klaseak hartzeko aukera ere izango dute.