10 OCT. 2024 Euskal Zinema Dokumentalaren X. Asteak bost film eskainiko ditu Gasteizen urriaren 21etik 25era Urriaren 21etik 25era Euskal Zinema Dokumentalaren X. Astea ospatuko da Vital Fundazioa Kulturgunean, Gasteizen. ‘Los Williams’, ‘Muerte en Amara’, ‘Arantzazu’ eta ‘Chaplin. Espiritu gitano’ dira proiektatuko diren lanetako batzuk. Irudian, Pello Sarasua ‘Arantzazu’ dokumentalaren egilea. (Jon URBE) GAUR8 Vital Fundazioak antolatzen duen Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen hamargarren edizioa egingo da urriaren 21etik 25era bitarte, eta «garrantzi sozial handiko» bost film eskainiko dituela iragarri dute. Vital Fundazioa Kulturunean izango dira emanaldiak.19.00etan hasiko dira eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Aurtengo berritasun nagusia da Vital Fundazioak Dokumental Onenarentzako Publikoaren Saria antolatu duela, 2.000 eurokoa, antolatzaileek jakinarazi dutenez.Dokumentala protagonista duen zikloari «gaurkotasunak eta kalitateak» eman diote garrantzia. Horrela, emanaldi bakoitzean dokumentala aurkezten da hasieran, eta, ondoren, filma proiektatu eta bukatzean protagonistekin solasaldia izaten da.Raul de la Fuentek zuzendutako ‘Los Williams’ dokumentalak hasiko du zikloa urriaren 21ean. Iñaki eta Nico Williams futbol jokalariek lehenengo pertsonan kontatutako film luze dokumentala da, familiari eta kirolari buruzkoa. Hilaren 22an, Aitor Gonzalez de Langarica arabarraren ‘Muerte en Amara’ ikusi ahalko da. Zuri-beltzean grabatua, Donostiako Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldiaren azken edizioan aurkeztu da, eta Gaizka Fernandezek eta Manuel Aguilarrek Begoña Urrozen kasuari buruz egindako ikerketa jarraitzen du. Donostiako Amara geltokian 1960an DRILek jarritako bonba baten leherketaren ondorioz hil zen 20 hilabeteko neskatoa izan zen Urroz.Euskal Zinema Dokumentalaren X. Asteak urriaren 23an jarraituko du, Pello Sarasuaren ‘Arantzazu’ dokumentalarekin. Frantziskotarrek 500 urteetan herriari emandako ondare immaterial baliotsua jasotzen du lanak. Chaplinen legatuaEra berean, Carmen Chaplinek ‘Chaplin | Espiritu gitano’ aurkeztuko du hilaren 24an. Filmak elkarrizketa esklusiboak eta aurretik ikusi gabeko Chaplinen legatua eskainiko ditu. Bere herentzia erromaniaren esplorazio argigarria da, elkarrizketa intimoetatik, filmen laburpenetatik, etxeko filmetatik eta artista erromani garaikide ospetsuen ekarpenetatik sortua.Senitarteko ugariren parte hartzeaz gain, Geraldine Chaplin kasu, beste hainbat aurpegi ezagun agertuko dira, hala nola Johnny Deep, Fernando Trueba edo Alba Flores. Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi du aurtengo Donostia Zinemaldian.Azkenik, urriaren 25ean, zinemaz hitz egingo da Jone Ibarretxeren eta Nere Falaganaren ‘Esto no es Hollywood’ filmaren eskutik. Aitaren eta osaba-izeben heriotzaren ondoren, Jone Ibarretxek Ibarretxe anaiei buruzko dokumental bat egitea erabaki zuen. Euskal ikus-entzunezkoen sektorean aitzindariak, sortzaileak, ganberroak eta geldiezinak izan ziren, eta EAEn egindako zinemaren aldeko apustua egin zuten, errealitate izan baino askoz lehenago.