10 OCT. 2024 Igartubeiti Baserri Museoko dolarea urriaren 9tik 19ra jarriko da martxan Sagardoaren XXIII. Astean Igartubeiti Baserri Museoko dolarea martxan egongo da hilaren 19ra arte Sagardo Astearekin bat eginez. Besteak beste, kirikoketa taldearen soinua eta antzerkia dira egun horietarako antolatutako jarduera batzuk. Gogoratu dute, gainera, Igartubetik ikusgai dagoela ‘Munduan lau zaporetan’ erakusketa. Sagarren prentsaketarako prestaketak Igartubeitin, artxiboko argazkian. (Gotzon ARANBURU | FOKU) GAUR8 Igartubeiti Baserri Museoko dolarea urriaren 9tik 19ra jarriko da martxan Sagardo Astearen 23. edizioan. Baserriko sagarra zuzenean prentsatzen eta zukua egiten ikusteko urteko une bakarra da, hilabete gutxi barru hartzitu eta sagardo bihurtzen dena. Sagardo Astearekin batera, hainbat jarduera izango dira, eta, sagarraren prentsaketaz gain, antzerkiak, kirikoketa erakustaldiak, erakusketak eta Chillida Lantoki bisitatu ahal izango dira. Ezkioko museoak jasangarritasunarekin duen konpromisoari jarraituz, aste horretan piztuko den sagar guztia Igartubeiti ingurukoa izango da. Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatuak ohar baten bidez adierazi duenez, Igartubeiti Baserri Museoko Sagardo Astea «gure kulturaren eta tradizioen isla bizia da, gure iraganarekin konektatzeko eta definitzen gaituzten sustraiak hobeto ulertzeko aukera polita». Gainera, urriaren 12, 13 eta 19ko sagarraren prentsaketan kirikoketa talde bat egongo da, sagarrak kolpekatzean sortzen den soinu erritmikoa. Sagar joaleak Igartubeitik antolatu eta Juan Mari Beltran ikerlari, sustatzaile eta euskal musika herrikoiaren figura garrantzitsuenetakoaren eskutik sortutako taldea da. Antzerki emanaldiak Bestalde, urriaren 12, 13 eta 19an, 11.15etik aurrera, antzerkiak izango dira Igartubeitin, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldeak eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarrak antzeztuko dute Kortabarria familia, XVII. mendearen hasieran baserrian bizi zena. Aurtengo edizioan, Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100. urteurrena dela eta, urriaren 12an eta 19an, Chillida Lantokira bisita gidatua eskainiko da gaztelaniaz 17.00etan. Era berean, egun hauetan Igartubeitira hurbiltzen direnek euskal kulturaren eta sukaldaritzaren jatorria eta berezitasuna ezagutzeko aukera izango dute, ‘Mundua 4 zaporetan margotuta’ erakusketaren bitartez.