11 OCT. 2024 DBH4ko 1.300 ikaslek STEAM orientabide profesionalerako jardunaldietan parte hartuko dute urrian DBH4ko 1.300 ikaslek hartuko dute parte STEAM orientabide porfesionalerako jardunaldietan. Lanbide hautatzen laguntzea da helburua, eta horretarako, lanbide desberdinetako profesionalekin hitz egiteko aukera izango dute. DBHko azken mailako ikasleei zuzenduta daude jardunaldiak, lanbidea aukeratzen laguntzeko. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako 1.300 ikaslek parte hartuko dute urrian zehar STEAM orientabide profesionalerako jardunaldietan, eta aukera izango dute EAEko industria, zientzia eta teknologia sektoreetako profesionalekin hitz egiteko eta zientziaren eta teknologiaren esparru horietan zer lan aukera dauden jakiteko.Euskal gazteen artean matematika, zientzia eta teknologiarekiko interesa areagotzeko eta arlo horietako irakaskuntza hobetzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxe eta eragile sozioekonomikoek osatzen dute STEAM Sarea.Lakuako Gobernuaren STEAM estrategiaren testuinguruan egingo dira orientabide profesionaleko jardunaldiak. Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila dira topaketen bultzatzaileak, eta Innobasque, Deustoko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Hetel, Ikaslan, AICE-IZEA eta Elhuyar, laguntzaileak.DBH4ko ikasleei ikasketak eta lanbidea hautatzen laguntzea da helburuetako bat, baita STEAM lanbideen aniztasuna erakustea profesionalekin eginiko hartu eman zuzen horien bidez, eta STEAM esparruetako bokazioak eta aurreikuspen profesionalak sustatzea, batez ere nesken artean. Bederatzi jardunaldiPrograman bederatzi jardunaldi egingo dira EAEn, eta 32 ikastetxe eta STEAM hezkuntzako 225 profesional ariko dira. Topaketak hitzordu azkarren bidez gauzatuko dira, ikasleek aukera izan dezaten lanbide desberdinetako bost profesionalekin hitz egiteko. Partaide diren hezkuntza eragileen egoitzetan izango dira hitzorduak, hala unibertsitateetan nola lanbide heziketako zentroetan.Topaketak urriaren 16tik 30era egingo dira. Bizkaian, urriaren 16an AS Fabrik Bilbao zentroan izango da jardunaldia, Mondragon Unibertsitatearen egoitzan; 21ean, EHUren Leioako campusean eta Deustoko Unibertsitatearen Bilbo campusean; 23an, Barakaldoko Nicolas Larburu LHZI zentroan; 25ean, Santurtziko Calasanz zentroan, eta 30ean, Somorrostro Lanbide Heziketako Zentroan.Araban, EHUko campusean izango dira jardunaldiak, Gasteizen, urriaren 16an, eta Gipuzkoan, azkenik, hilaren 23an Deustuko Unibertsitatean (Donostia) egingo dira, eta 30ean Mondragon Unibertsitateko Galarretako campusean (Hernani).