GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Bilbo Euskararen Hiriburua’ erakusketa dago ikusgai Begoñan, 14 panel euskarak Bilbon izan dituen mugarri historikoak jasotzeko

Euskarak Bilbon izan dituen mugarri historikoak jaso dituen erakusketa antolatu du hiriko Udalak, bilakera horretan eragina izan duten pertsonak eta erakundeka nabarmenduz. Erakusketa ibiltaria da, Begoñako barrutian egongo da ikusgai eta hiriko barrutietatik igaroko da.

Agintariak, erakusketaren aurkezpenean. (Bilboko Udala)

Bilboko Begoñako Udal Barrutiak ‘Bilbo Euskararen Hiriburua’ udal erakusketa antolatu du urriaren 30era arte. Bertan, 14 panelen bidez, euskararen mugarri historikoak bilduko dira, eta otsailera arte, hiriko barruti guztietan egongo da ikusgai.

Bilboko Udalak antolatzen du erakusketa, Euskaltzaindiaren eta Labayru Fundazioaren laguntzarekin. Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, erakusketak «agerian uzten du Bilbo eta euskararen arteko lotura historikoa dela, antzinatik datorrela, gure herriak eta hizkuntzak harreman estua, sakona, erabatekoa dutela»,

‘Bilbo Euskararen Hiriburua’-ren helburua euskarak Bilbon duen presentziari balioa ematea da. Edukiari dagokionez, XX. mendearen hasieratik hizkuntzak herrian izan duen bilakaera aurkezten eta irudikatzen du erakusketak, bilakaera horretan eragina izan duten pertsonak eta erakundeak bereziki azpimarratuz.

Udalak datorren abenduaren 3an ospatuko duen Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu dituen ekitaldien barruan kokatzen da.

Aurreratu dutenez, erakusketa publiko orori zuzenduta dago, paneletako azalpenak irudiekin osatzen dira, irakurketa arina eta erakargarria izan dadin, eta informazio guztia lau hizkuntzatan eskaintzen da, QR kodeen bidez. Kode horiek, gainera, bideoak eta soinua sartzea errazten dute.

Erakusketa Begoñako barrutian egongo da ikusgai, urriaren 30era arte; San Inazion, azaroaren 4tik 14ra; Errekalden, azaroaren 18tik 22ra; Burtsan, azaroaren 26tik abenduaren 5era; Castañosen, abenduaren 15etik 30era; Abandon, urtarrilaren 3tik 16ra; Otxarkoagan, urtarrilaren 20tik 30era; eta Basurtun, urtarrilaren 3tik otsailaren 14ra.