GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikerketa batek ondorioztatu du YouTubeko edukiak lagungarriak izan daitezkeela bularreko minbiziari aurre egiteko

UPV/EHUren ikerketa batek ondorioztatu du bularreko minbiziko gaixoentzat «itxaropen eta laguntza gisa» garrantzi handia dutela YouTuben medikuek, erakundeek edota pazienteek argitaratzen dituzten edukiek. Nabarmendu dutenez, lanak erakutsi du beharrezkoa dela informazioa sare sozialetan zabaltzea eta denen eskura jartzea.

EHUren Gureiker taldeko ikertzaileak, irudian. (UPV/EHU)

UPV/EHUren ikerlan baten minbiziari buruz YouTuben dauden bideo esanguratsuenak identifikatu eta mezuak eta iruzkinak argitaratzen dituzten pertsonen kezkak aztertu ditu. Emaitzek erakutsi dute garrantzi handia dutela medikuek eta osasunaren inguruko erakundeek argitaratutako edukiek «itxaropen eta laguntza gisa», baita istorio pertsonalek ere.

Ikertzaileen ustez, ikusitakoak agerian utzi du beharrezkoa dela «medikuntzak egiazko informazioa zabaltzea sare sozialetan eta denen eskura jartzea».

Gureiker diziplina anitzeko ikerketa taldeko kide diren UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleek bularreko minbiziari buruzko mundu osoko 1.247 bideoren erreprodukzio-zerrenda bat aztertu dute. YouTubek gordetzen eta eskaintzen du, gaixotasun horri buruzko edukiak ikusi nahi direnean.

YouTuben gaiaren inguruan sortzen diren komunitateak aztertu dituzte. Ganzabalek azpimarratu duenez, «bi komunitatek edo erabiltzaile motak dute eragin handiena». Horietako bat «rol kolektibo bati erantzuten dioten kanalak dira, hala nola klinikak, ospitaleak, fundazioak edo pazienteen eta komunikabideen elkarteak». Beste komunitatea, berriz, «profil indibidualak dira, gehienak medikuak, baina badira pazienteak eta pertsonaia publikoaren profilen batzuk ere, adibidez, Shannen Doherty aktorearena».

«Beren esperientziak kontatuz edukia sortzeko beharra sentitzen duten emakume-komunitateek osatutako talde garrantzitsu bat detektatu da. Testigantza horietan, «bularreko minbiziaren tratamenduak deskribatzen dituzte, bai tratamendu fasean daudenek, bai dagoeneko gainditu dituztenek, beren beldurrak, borrokak eta itxaropenak kontatzen dituzte.

Ikertzaileak zehaztu du, halaber, minbizi mota horri lotutako nutrizioari eta ariketa fisikoari lotutako informazioa ematen duen komunitate mota ere badagoela.

Bideo gehienak emandako informazio baliotsuagatik esker ona adierazteko direla ikusi dute. ‘Esker oneko komunitatea da: sororitate handia, laguntza handia eta gorroto eduki edo eduki maleziatsu gutxi du», nabarmendu du Ganzabalek.

Azterlana burutu duten ikertzaileek adierazi dute minbiziaren diagnostikoek eta tratamenduek eragiten duten larritasuna «neurri batean arindu» daitekeela YouTube eta beste sare sozial eta plataforma batzuetara joz informazio espezializatua bilatzeko. «Gaixoek bizi izan duten prozesu emozionala partekatzeko eta antzeko egoera bat pasatzen ari diren emakumeen laguntza bilatzeko» aukera on bat izan daitekeela azaldu dute.