GAUR8 - mila leiho zabalik

Zaldibartarrek kultur etxearen proiektuari ekarpenak egiteko aukera izango dute

Kultur etxearen proiektuari ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du Zaldibarko Udalak azaroaren 15era arte. Herritarrek eta eragileek kultur programazioa jaso eta garatzeko instalazioak eskaintzeaz gain, herriko ondare diren eraikinak babestu eta Alde Zaharra biziberritzeko duen garrantzia nabarmendu du Udalak.

Azaroaren 15era arte jasoko dira kultur etxe berriaren proiektuari egindako ekarpenak. (Zaldibarko Udala)

Herritarrek eta herriko eragileek ekarpenak egin ahal izango dizkiote kultur etxe berriaren proiektuari. Horretarako, epea zabaldu du Udal Gobernuak azaroaren 15era arte, eta jakinarazi du egitasmoa, dagoeneko, Bizkaiko aldizkari Ofizialean argitaratuta dagoela.

Udal gobernu taldeak zehaztu du EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE oposizioko alderdien abstentzioarekin onartu dela proiektua. Nabarmendu duenez, Elexpe etxea eta Sanjuangoa baserria hartuko dituen proiektuak herriarentzako estrategikoak diren hainbat helburu beteko direla.

«Herritarrek eta eragileek udalerriak merezi duen programazio kulturala garatu ahal izango dute helburu horretarako ezinbestekoa den azpiegitura batean», azaldu dute, baina bada proiektuarekin lortu nahi diren beste helburu batzuk: Alde Zaharraren biziberritzea eta Elexpe etxea eta Sanjuangoa baserria bezalako ondarea zaindu eta balioa ematea, kasu.

Kultur etxe berriak izango dituen ezaugarrien inguruan, zehaztu dute 715 metro koadroko espazio erabilgarria izango duela. «Bilera gelak, ikasgela, liburutegia, auditorioa eta erabilera anitzeko gela» edukiko ditu ekipamendu berriak, eta aurreratu dute liburutegiak gune ezberdinetan banatuko dela: gazteentzako liburutegia, nagusientzakoa, umeentzako beste espazio bat eta irakurtzeko gunea.

Udal gobernuak gogoratu du 1996an erosi zuela Udalak Elexpe etxea, eta handik hiru urtera dohaintzan jaso zuela Sanjuangoa baserria.