04 NOV. 2024 Jokoteknia euskal bideogintzaren inguruko jardunaldiaren VII. edizioa egingo dute hilaren 9an Bilbon Jokoteknia, euskara eta bideojokoak ardatzaren inguruko jardunaldia egingo dute larunbatean (azaroak 9) Euskararen Etxean, Bilbon. Topaketak guraso eta hezitzaileentzako edukiak bilduko ditu, baita bideojokoen munduan murgiltzen direnentzako ere, itzulpengintza, argitaratze eta sormen prozesuei begira, adibidez. Jokoteknia bideojoei buruzko jardunaldiaren VII. edizioa egingo dute azaroaren 9an Bilbon. (Azkue Fundazioa) GAUR8 Azkue Fundazioak eta Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia elkarteak Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zazpigarren edizioa antolatu dute azaroaren 9rako Euskararen Etxean, Bilbon. Jardunaldia 9.45etik 13.00etara egingo da eta bideojokoen munduan euskararen presentzia areagotzea eta komunitatea sortzea izango dira hitzorduaren ardatz nagusietako bazuk. Topaketa ‘streaming’ bidez jarraitu ahal izango da EITBren webgunetik eta YouTubeko kanaletik. Berritasun bat dakar egiataruak: arratsaldez gamer gela egongo da, 16.00etatik 19.00etara. Aurten, beste behin, lau hitzaldi eta mahai-ingurua izango dira Jokoteknian, euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz. «Gurasoei eta hezitzaileei begira jarriko gara, gazteek jokatzen dituzten bideojokorik ezagunenak zein horien edukiak aztertuz. Itzulpengintzaren munduan ere barneratuko gara, bideojokoak euskaratzeko prozesua ezagutzeko. Gainera, bideojoko baten argitalpen prozesuan marketingak duen garrantzia jorratuko da. Amaitzeko, Euskal Herriko bideojokoen estudio nagusienetakoaren sormen prozesuan barneratuko gara, zehazki, artean eta diseinuan sakonduz», aurreratu dute. Mugak, aholkuak, marketina... Aurtengo jardunaldian askotariko gaiak aztertuko dira, bideojokoa eta euskara ardatz horren inguruan, Euskal Herrira begira jarrita. Horrela hasteko, Unai Arrugaeta irakasleak bideojokoak mugatzeko eta erabiltzeko aholkuak azalduko ditu. Bigarrenik, Ibai Oihanguren informatikari eta bideojokozaleak itzulpengintzari nahiz euskaratutako bideojokoei buruz hitz egingo du. Hirugarrenik, Maite Martinez Atabey Creations estudioko kideak bideojokoen marketinari lotutako diseinuaren gakoak eskainiko ditu, eta, azkenik, Mikel Antero Keplerians taldeko arte zuzendariak ‘Glitchmare’ bezalako bideojokoen sormen prozesua aurkeztuko du. Jardunaldia bukatzeko, mahai-ingurua izango da 12.30ak aldera, Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology, Harrobia Ikastola eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.