13 NOV. 2024 17.000 bisitari baino gehiago izan ditu EHUren Zientzia Asteak Zientzia Asteak publikoaren aldetik izan duen harrera ona nabarmendu du UPV/EHUk, eta programazioaren barruan jasotako 17.000 bisita baino gehiagoren zifra azpimarratu dituzte. Zehaztu dutenez, bisitari horietatik 3.800 DBHko eta Batxillerreko ikasleak zien. Irudian, Zientzia Asteko aurtengo edizioa. (UPV/EHU) GAUR8 UPV/EHUk egin berri duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen 24. edizioak «harrera bikaina» izan du adin guztietako herritarren artean. Guztira, 17.000 pertsonek baino gehiagok gozatu dute programazioaz, besteak beste, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 3.800 ikaslek.EHUko iturriek jakinarazi dutenez, 2024ko Zientzia Astearen eskaintzan 200 jarduera izan dira. 41 txoko zientifiko eta bestelako 150 proposamen baino gehiago egon dira aukeran: 66 tailer, 15 bisita gidatu, bederatzi hitzaldi, 11 erakusketa, lehiaketa bat eta txikienei zuzendutako ikuskizun zientifiko bat. Aurten Zientzia Club itzuli da, «arrakasta handiz», 20 bakarrizketa zientifikotik gorako ikuskizuna eskainiz, eta gainera, gerra guneetan lan egiten duten kazetarien baldintzen inguruko tailerrak piztu duen interesa nabarmendu da. EHUko Kazetaritza Fakultateko hainbat ikaslek modu profesionalean antolatutako hitzaldietan kolaboratu dute, aurkezle eta moderatzaile gisa.Matematikaren eta musikaren arteko harremanaz ere gozatu ahal izan da, Debussyren preludioekin gidatutako kontzertu batean, Bilboko Kontserbatorioan eta Donostiako Musikenen. Erakusketen artean, Bilboko Bizkaia Aretoko surfaren eta zientziaren inguruko bisita gidatuak eta Arabako campuseko ‘UPV/EHU minbizian ikertzen ari da’ erakusketa nabarmendu dira bereziki. Era berean, azpimarratu dute familiek asko gozatu dutela ‘Hazi magiko-matematikoak’ ipuin kontalariarekin.Bestalde, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Sailak argazki lehiaketa antolatu du aurten ere, eta lurraren zientziekin lotutako irudirik onenak saritu ditu. 16. edizioan, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta DBHko 59 ikaslek hartu dute parte, eta 86 argazki aurkeztu dituzte.Zientzia Astearen baitan irekitako erakusketa batzuk zabalik daude oraindik. Horrela, Gasteizko Natur Zientzien museoan, abenduaren 2ra arte egongo da ikusgai Ilustratu babesteko irudi zientifikoei buruzko erakusketa, eta Bilboko Bizkaia Aretoan beste bi erakustaldi ere publikoari irekita daude: 'Surfa eta Zientzia', abenduaren 12ra arte, eta 'Ur tantetako biztanleak', azaroaren 27ra arte.