14 NOV. 2024 Bost zientzialari gazte bilduko ditu ZarautzOn elkarteak solasaldi batean Modelo Aretoan Bost ikertzaile gazte bilduko ditu ZarautzOn elkarteak Zarautzen Zientziaz Blai ekimenaren hamargarren edizioan, hilaren 19an, Modelo Arteoan. Arlo ezberdinetan lantzen ari diren ikerketa proiektuak azalduko dituzte bost hizlariek, 19.00etan abiatuko den solasaldian. Zarauzko hirigunea, arxtiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Zarautzen Zientziaz Blai ekimenaren hamargarren edizioak bost ikertzaile gazte bilduko ditu solasaldi batean datorren asteartean, hilak 19an: Esther Udabe, Leire Lopetegui, Jakes Udabe, Mikel Artetxe eta Naiara Rodriguez-Florez. Zarauztarrak dira lehen lau ikertzaileak, eta zumaiarra bosgarrena, eta zehaztu dutenez, lantzen ari diren proiektu profesionalei buruz hitz egingo dute. «Aipatzekoa da bostak, nahiz eta gazteak izan, ibilbide profesional oparoak ari direla jorratzen arlo ezberdinetan», eta «denak gaur egungo erronkekin lerrokatuak: material berrien eta horien hainbat aplikazioetan hala nola industrian, osasun arloan, ekonomia zirkularra, baliabideen kudeaketa arduratsuan eta nola ez Adimen Artifizialean», azaldu dute. Adierazi dutenez, «gai horietaz zerbait gehiago ikasteko aukera» emango du hitzaldiak, baita «herritar ikerlari gazte hauek» bertatik bertara ezagutzeko ere. Profil ezberdinak Esther Udabe kimikan graduatua da, kimika aplikatua eta material polimeroetan masterra du eta 2020an doktoratu zen. Orain, Tecnalian egiten du lan, eta «ekonomia zirkularreko erdi-erdian kokatzen da bere lana», zehaztu du elkarteak. Naiara Rodriguez-Florez industria ingeniaritzan lizentziatua TECNUNem, Bioingeniaritza doktoregoa burutu zuen Imperial College London unibertsitatean eta orain Ikerbasquen egiten du lan. Aipatu dutenez, «hezur biomekanikan eta hezurren ordezkoen diseinu eta fabrikazioan oinarritzen da» bere lana. Leire Lopeteguiren lan arloa arrantzaren ikerketarekin lotuta dago. Biologia gradua ikasi zuen UPV/EHUn, itsats baliabideen kudeaketan masterra egin eta AZTI zentroan egiten du lan. Doktorego-tesian tunido tropikalak arrantzatzean nahi gabe harrapatutako marrazoen dinamikak aztertu ditu. Kimikan graduatua, kimika aplikatua eta material polimeroetan masterra du Jakes Udabek. Nanopartikulak tumoreetan nola sartuko diren aurreikusteko ikaskuntza-ereduen sorreran egin du lan. Bantec Group-eko aholkularia da eta materialen zientzian gidatzen ditu ekimenak, «arreta berezia jarriz nanoteknologian eta horien aplikazio industrialean». Hizkuntzaren prozesamenduan doktorea da Mikel Artetxe, solasaldiko bosgarren gonbidatua. Azken urteetan jaso dituen sariak nabarmendu du ZarautzOn elkarteak, eta gogoratu du «Reka adimen artifizialeko startuparen sortzaileetako bat» dela.