20 NOV. 2024 Ohitura osasungarriak eta minbiziaren prebentzioa landuko dituzte Donostiako Haurtxokoetan Ohitura osasungarriak sustatzeko jarduerak egingo dituzte azaroa eta abendua bitartean Donostiako Haurtxokoen udal sarean. Saio ludikoen bidez, minbizia eta beste gaixotasun batzuen prebentzioan elikadurak duen garrantzia jorratuko dute. Irudian, Martuteneko haurtxokoa. (Donostiako udala) GAUR8 Donostiako Haurtxokoen udal sareak eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak hainbat jarduera garatuko dituzte haurren artean ohitura osasungarriak sustatzeko. Helburua da «modu dibertigarri eta hezigarri batean» lantzea, minbizia bezalako gaixotasunak prebenitzeko.Jarduera horiek ‘Ekimen osasungarriak abian’ programaren barruan kokatzen dira, eta haurrei erakutsi nahi diete «bizi-ohitura osasungarriek kasu askotan gaixotasunak prebenitu ditzaketela, besteak beste minbizia».Udal haurtxokoetan garatuko den jarduera programan haurrek eta euren gurasoek parte hartuko dute. «Saio ludikoak eta dibertigarriak dira, eta jolasa da mezua helarazteko tresna», adierazi du Iñigo Garcia zinegotziak.Alde batetik, elikadura landuko da «haurrek elikagai osasungarrien kontsumoa areagotu dezaten, eta gutxi edo batere osasungarriak ez diren elikagaien kontsumoa murriztu dezaten», eta ariketa fisikoa sustatuko da. Azaroan eta abenduan hiru saio egingo dira haurtxoko bakoitzean, bi haurrekin eta beste bat familiekin. Antiguan izan ezik, bi saio egingo baitira.Lehenengo saioan bi dinamika egingo dira, ariketa fisikoan oinarrituta, eta ordubeteko iraupena izango dute. Bigarren saioa eskerrak emateko izango da, non haurrek diplomak eta txapak banatu ahal izango dituzten eta beraiekin prestatutako askari osasungarria dastatu ahal izango duten.Zehaztu dute saio bat egingo dela gurasoekin, ‘Familiarekin Jolasean’ programaren barruan, hausnarketa bultzatu eta elikatzeko eta erosteko moduen inguruan gogoeta egiteko. Saio hori larunbat batean egingo da Haurtxoko bakoitzean. Azaldu dute, bestalde, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak jarriko duela material guztia eta jarduerak Haurtxokoetako hezitzaileek dinamizatuko dituztela.