GAUR8 - mila leiho zabalik

Bertso saioak Bizkaiko egoitzetan, adineko pertsonen osasun psikoemozionala lantzeko

Bizkaiko hamabi udal egoitzetan ‘Bertso Ardatz’ kultur ekimena egingo dute, eskualdeko eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolariren laguntzarekin. Osasun psikoemozionala hobetzeko terapia moduko esperientzia bat da, euskara, musika eta umorea uztartzen dituen bertsolaritza bezalako kultur adierazpenarekin gozatuz.

Neera Ibarzabal eta Ander Elortegi bertsolariak dineko pertsonen egoitza batean. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaiko Foru Aldundiak, adinekoen 12 udal egoitzarekin lankidetzan, ‘Bertso Ardatz’ kultur ekimena jarri du abian. Ekimen horren helburua da egoiliarren bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun psikoemozionalak sustatzea bertsolaritzaren bidez, euskal kulturaren adierazpenik esanguratsuenetako bat baita.

Ekimenaren harira, gure kulturan bertsolaritzak eta euskarak duten garrantzia azpimarratu du Leixuri Arrizabalaga Kultura eta Kirol diputatuak. Durangoko udal egoitzan aurkeztu zuten proiektua astelehenean. Bertan, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak erantsi zuen «saio hauek oroitzapenak eta bizipenak aktibatzen» dituztela, «eta aldi berean, konfiantzazko eta jai giroa sortzen dute egoiliarren, bertsolarien eta zentroetako langileen artean». «Horrek barne harremanak hobetzen ditu eta oso onuragarria da maila emozional eta kognitiboan», azaldu zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko udal egoitzei eskainitako ekimena Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Zornotzako egoitzetan egiten ari da.

Musika eta umorea, tresna

Saio bakoitzean eskualde bereko eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolarik hartzen dute parte, esperientzia aberasteko. Gainera, aldez aurretik, zentroetako dinamizatzaileek egoiliarren musika zaletasunak jasotzen dituzte, bertso zaharrei eta herri-kantuei dagokienez, lotura pertsonalizatuagoa eta esanguratsuagoa ahalbidetuz.

‘Bertso Ardatz’ saioek onura ugari sortzen dituzte: egoiliarren osasun psikoemozionala hobetzen dute; depresioa bezalako arazoei aurre egiten laguntzen dute umorearen eta musikaren bidez; interakzio soziala sustatzen dute, bizipenak partekatzeko espazio berriak sortuz; eta egoiliarren, zentroetako langileen eta bertsolarien arteko lotura indartzen dute.

Bertsolaritzak euskal kulturaren protagonista aktibo bihurtzen ditu egoiliarrak, ikuspegi ludikotik, haien parte-hartzea eta ongizatea sustatuz.

Leioan, Ondarroan, Orozkon eta Otxandion egindako lehen saioek balorazio oso positiboak jaso dituzte langileen, zentroetako zuzendaritzaren eta egoiliarren aldetik, eta sortutako motibazio eta konfiantza-giroa nabarmendu dute. Abenduan zehar, saioek ekimen honetan parte hartzen duten gainerako zentroetan jarraituko dute.