08 DIC. 2024 Gaur X urte John Lennon hil zuten New Yorken 1980ko abenduaren 8an, Mark Chapmanek John Lennon abeslaria hil zuen New Yorken, bere «hipokresia» salatzeko. John Lennon 1969an. (Roy KERWOOD | WIKIMEDIA COMMONS) NAIZ 1980ko abenduaren 8an, Mark David Chapmanek John Lennon ‘The Beatles’ taldeko kide ohia hil zuen. Hiltzailearen arrazoi nahasgarriek, biktimaren nortasun konplexuak eta teoria konspiratibo iraunkorrek Lennonen heriotza gai agortezina bihurtzen dute azterketa eta hausnarketarako. Duela 44 urte, Lennon Yoko Ono bere emaztearekin itzuli zen Dakota eraikinean zuen apartamentura, New Yorkeko Central Park ondoan. Mark Chapman, 25 urtekoa, Hawaiiko bere egoitzatik hegazkinez iritsi eta hara bertaratu zen. Ospetsuen atzetik zebilen, aspalditik ari zen krimena prestatzen, eta arratsalde hartan Lennonen autografo bat lortu zuen ‘Double Fantasy’ diskoaren azalean. J. D. Salingerren ‘Zekale artean harrapaka’ liburuaren kopia bat beste eskuan eta 38 kalibreko pistola batekin, bost bala jaurti zituen. Lau jaso zituen musikariak. Chapman, kristau bihurtu zen mugimendu hippyaren jarraitzaile ohia eta gizarte-langilea, Lennonekin eta bere ustezko hipokrisiarekin obsesionatu zen maitasunaz, bakeaz eta materialari uko egiteaz kantatzeagatik, luxuz beteriko bizitza bat gozatzen zuen bitartean. Krimena egin ondoren, erresistentziarik gabe entregatu zuen bere burua, eta nahasmendu bipolarretik hasi eta eskizofreniara arteko nahasmendu psikiatriko batzuk diagnostikatu zizkioten. 25 urte eta biziarteko espetxe zigorra arteko kondena ezarri zioten, eta 13 aldiz eskatu du baldintzapeko askatasuna. Yoko Onoren oposizioagatik, neurri batean, beti ukatu egin diote askatasun hori.