18 DIC. 2024 8.700 jostailu behar ditu Gurutze Gorriak EAEn eta donazioak egiteko puntuak zehaztu ditu Abenduaren 13an eta 14an jostailuak bilduko ditu Gurutze Gorriak Eroskin eta Carrefourren, eta abenduan zehar goizez hartuko dituzte egoitzetan hainbat herritan. Bilketa ‘Eskubideak jokoan’ kanpainaren barruan dago, eta sentsibilizazio saioak izango ditu. Jostailuen bilketa urte osoan zehar egiten du Gurutze Gorriak, baina Gabonetan kanpaina areagotuko du. (Gurutze Gorria) GAUR8 EAEko Gurutze Gorriko Gazte Atalak, Gazteen Gurutze Gorriak, ‘Jostailu Hezitzailea’ izeneko proiektua garatzen dute urtean zehar. Helburua da 0 eta 18 urte bitarteko haurren «jolasteko eskubidea bermatzea». Egitasmoaren barruan, jolasak eta jostailuak hezkuntza-tresna gisa erabiltzea sustatzen dute, eskola eta familia bezalako testuinguruetan balioak transmititu eta «garapen ebolutiboan eragiteko». Jolaserako eskubideen gainean sentsibilizazio saioak egiten dituzte baita jostailuen bilketa ere, urte osoan zehar Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egoera zaurgarrian dauden familiei emateko. Gabonetan kanpaina hori indartuko dute ‘Eskubideak jokoan’ lelopean. 8.700 jolas eta jostailu lortu nahi dituzte hiru herrialdeetako 3.600 haurren artean banatzeko. Herrialdez herrialde, zehaztu dute jolasak bilatzen dituztela Araban 600 haurrentzat, 1.500 haurrentzat Bizkaian eta beste 1.500 haurrentzat Gipuzkoan. Kanpainaren barruan sentsibilizazio-jarduerak ere izango dira sare sozialetan. 2025eko ekainera arte 1.500 lagun kontzientziatzea da helburua. Bildutako jostailuen inguruan zehaztu dute, halaber, ez direla belikoak edo sexista izan behar: «aitzitik, hezitzaileak, parte hartzaileak, taldean lehentasunez jokatzen direnak eta trebetasun desberdinak garatzen laguntzen dutenak». Jostailuak jasotakoan, erakundeko langile teknikoek eta boluntarioek egiaztatuko dute baldintzak betetzen dituztela, eta adinaren arabera eta sustatzen dituzten trebetasunen arabera sailkatuko dituzte. Abenduaren 13an eta 14an Eroski eta Carrefourren izango dira jostailuak biltzen eta hainbat ikastetxetan joko jaialdiak egingo dituztela iragarri dute. Ajebask, Radio Gorbea eta Kids & Us bezalako erakundeek jolasen bilketa sustatu dute. Gainera, Gasteiz, Laudio, Amurrio, Oion, Urduña eta Kanpezuko Gurutze Gorriko egoitzetan jasoko dituzte jolasak, 9.00etatik 14.00etara.