19 DIC. 2024 Haurren ekosistema digitala ikertu dute Lehen Hezkuntzako azken mailan 11-12 urteko gaztetxoek zer gailu digital eta zertarako erabiltzen dituzten ikertu du UPV/EHUko Weablearner ikerketa-taldeak. Ikusi dutenez, hirutik bik mugikorra dute eta, lagun edo senideekin komunikatzeaz gain, batez ere bideoak ikusteko erabiltzen dute. Sare sozialak ez omen dira adin horretan oraindik gehiegi erabiltzen. Eneko Tejada ikertzailea, Bilboko Hezkuntza Fakultatean. (Fernando GOMEZ | UPV/EHU) GAUR8 Adin txikikoei lehenengo telefono mugikorra oparitzeko unea kezka-iturri da guraso askorentzat. Smartphonearen erabilerari lotutako arriskuez arduratuta, gero eta gehiago dira une hori atzeratzeko ahalegina egiten duten ekimenak. Ikerketen arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan, 13-14 urterekin, ikasle guztiek eduki ohi dute mugikorra. Hori jakinik, hezkuntza eta teknologia aztergai dituen UPV/EHUko Weablearner ikerketa-taldeak aztertu nahi izan du urtebete lehenago, Lehen Hezkuntzako azken mailan, haurren ekosistema digitala nolakoa den. Hau da, 11-12 urterekin zer gailu digital dituzten eta zertarako erabiltzen dituzten. «Ikertzeko adin garrantzitsua da; izan ere, beren kultura digitalaren konfigurazioa lehenago abiatzen den arren, garai horretan hasten dira mugikor propioa edukitzen eta horrek ekartzen du aldaketarik handiena. Telefono inteligentea oparitzea sarbide-erritua bilakatu da. Nolabait nerabe izatera pasatzeko saltoa ematen dute, sare sozialak erabiltzeko giltza ematen zaielako eta, horrekin batera, mundu paralelo baterako sarrera. Bereziki horrek kezkatzen ditu familiak eta ikuspegi teknofobo bat ere zabaldu da. Hala, egoera benetan nolako den aztertu nahi genuen», zehaztu du Eneko Tejada ikertzaileak. EAEko sei eskola publikotako LH6ko 356 ikaslek parte hartu dute ikerketan. Hirutik bik mugikorra dutela adierazi dute, eta herenak dio ikasturtea hasi aurretik jada bazeukala. Gauzak horrela, Tejadak dioenez, «ezin daiteke esan 11-12 urtekoen artean telefono inteligenteen jabetza eta erabilera orokortua denik, baina badakigu etorkizun hurbilean hala izango dela». Erabilerari dagokionez, azterlanak erakutsi du smartphoneak batik bat familiarekin eta lagunekin hitz egiteko erabiltzen dituztela: «Telefono inteligentea edukitzeak zuzenean sare sozialak erabiltzen hastea dakar. Gurasoek seme-alabei mugikorra oparitzen diete haiekin komunikatzeko helburuarekin, non dauden jakiteko eta abar. Baina ohartu behar dute telefonoa emanez haurrek sare sozialetara salto egitea sustatzen ari direla. Ez baitituzte bakarrik senideekin hitz egiteko erabiliko. Datuek erakutsi dute automatikoki lagunekin erlazionatzeko ere erabiltzen dutela. Beraz, noiz oparitu erabakitzerakoan hori kontuan hartu behar dute», azaldu du Tejadak.Sare sozialak ez dira interesgune nagusiDena dela, sare sozialek ez omen dituzte 11-12 urtekoak gehiegi erakartzen. Nagusiki bideoak ikusteko erabiltzen dituzte eta, batez ere, Youtuben sartzen dira horretarako; Instagramen eta Tik Token oso gutxi. «Sare sozialak oraindik ez dira beren interesgune nagusietako bat, eta, ikasle zaharragoen kasuan ez bezala, ez dute gehiegizko esposiziorik. Ezin da esan haiekin interakzionatzen dutenik, oso gutxik sortzen dituztelako edukiak. Gehienak ikusle izatera mugatzen dira eta bideo laburrak atsegin dituzte, azkar pasatzekoak», dio Tejadak. Bestalde, erabilerari lotuta, ikerketak azalarazi du generoaren araberako desberdintasunak badaudela. Neskek batik bat bideoak ikusten dituzte, eta mutilak, berriz, bideojokoetan jokatzen dira euren gailu mugikorrekin.Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek diote 11-12 urteko ikasleen artean arrisku-faktore gutxi antzeman dituzten arren, zuhurtziaz jokatzea komeni dela: «Plan estrategikoak garatu behar dira interneten, sare sozialen eta bideojokoen erabilera seguru eta arduratsu bat sustatzeko. Eta familiei jarraibideak eman behar zaizkie euren seme-alabei lehenengo smartphonea noiz eman erabakitzen laguntzeko».