27 DIC. 2024 Nerbioiko Parke Linealak Urduñarekin izango duen hegoaldeko lotura gauzatzeko hitzarmena sinatu dute Nerbioiko Parke Linealak zati berri bat izango du Urduñaraino. Hitzarmena sinatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Udalak, hegoaldeko lotura gauzatzeko; eta iparraldekoa definituko duen proiektua idazten ari dela aurreratu dute. Urduñako hiriguneko sarbideetako bat. (Raul BOGAJO | FOKU) GAUR8 Bizkaiko Foru Aldundiak eta Urduñako Udalak hitzarmena sinatu dute Nerbioiko Parke Linealaren hegoaldean Urduñarekin izango duen lotunea gauzatzeko. Diputazioaren hitzetan, «mugikortasun iraunkorrarekiko konpromisoa» indartuko du proiektuak. Urduña udalerriko Landatas auzoan egingo dute ibai-parkearen lehen lotura.Aldundiko ordezkariek adierazi dute «funtsezko aurrerapausoa» dela «lurraldearen integrazioan eta ingurumenarekin harmonian motorrik gabeko joan-etorrien sustapenean».Nerbioiko Parke Linealak (PLN), 33 kilometroko ibai-parke gisa sortua, Amurrio, Aiara, Laudio, Urduña, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiaga udalerriak zeharkatzen ditu, eta «bide berdeen eta espazio irisgarrien erabilera sustatzen duen ingurumen eta turismo korridore bat da», azaldu du Diputazioak.Urduñatik igarotzen den PLNa Arabako trazadurarekin lotzen da bi puntu estrategikotan, «hegoaldean, Landatas auzotik barrena, eta iparraldean, HUAtik (hondakin-uren araztegia) gertu». 2,5 metroko zabaleraForu Aldundiak bultzatutako proiektuak BI-4906 foru errepidean proiektatutako oinezkoen pasabiderainoko 295 metroko zatia hobetzea biltzen du. Ibilbide horrek 2,5 metroko zabalera izango du, hormigoi desaktibatuz diseinatuta egongo da «iraunkortasuna eta paisaia-integrazioa ziurtatzeko, eta landare-lurrezko bermak izango ditu.Gainera, Tertanga Errekan dagoen pasabidearekiko lotura ahalbidetuko duen zati urbanizatu bat aldatzea aurreikusten da, «Landataseko urbanizazioarekin lotura osatuz». Guztira 95.921,33 euroko inbertsioa suposatzen du proiektuak, eta «azpiegitura jasangarria eta irisgarria bermatzen du».Iparraldeko loturaAldi berean, Mugikortasuneko Foru Zuzendaritza Urduñako iparraldean «lotura definituko» duen proiektu bat idazten ari da. Zati horrek «konplexutasun tekniko handiagoa planteatzen du», espazio txiki batean elementu hauek elkartzen baitira: BI-625 errepidea, Nerbioi ibaia, Urduñako HUA eta egoitza.Sonia Perez Ezquerra Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuarentzat, proiektu honek «berretsi» egiten du «mugikortasun iraunkorraren alde egindako apustua, ez bakarrik lurraldeak lotzen dituena, baizik eta Bizkaiko ingurune naturalari balioa ematen diona, ingurumena errespetatzen duen eta pertsonengan zentratzen den konexio-eredua sustatuz».Iker Santocildes Perez Urduñako alkateak «erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia» azpimarratu du. «Zalantzarik gabe, oso ekimen berezia eta esanguratsua da Urduñarentzat, komunitate gisa dugun nortasuna eta konpromisoa indartzen dituena», adierazi du.