‘Emakume zientzialarien argitan’ solasaldi-zikloak hiru saio izango ditu udaberrian, klima-larrialdia edo agroekologia bezalako gaiei eskainita
Elisa Sainz de Murieta Zugadi, Miren Basaras Ibarzabal eta Mirene Begiristain Zubillaga dira ‘Emakume zientzialarien argitan’ zikloaren edizio berriko protagonistak. Ana Galarraga Aiestaranek elkarrizketatuko ditu Donostiako Ernest Lluch kultur etxeko ekitaldi-aretoan.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatutako ‘Emakume zientzialarien argitan’ solasaldi zikloak klima-larrialdia eta agroekologia izango ditu hizpide. Hiru saio antolatu dira udaberrirako, zehazki, martxoaren 25ean, apirilaren 29an eta maiatzaren 20an, 19.00etan, Donostiako Ernest Lluch kultur etxeko ekitaldi-aretoan.
Elisa Sainz de Murieta Zugadi, Miren Basaras Ibarzabal eta Mirene Begiristain Zubillaga zientzialariak izango dira emanaldi berriko protagonistak. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko dibulgatzaile zientifikoak egingo dizkien elkarrizketaren bidez, alor ezberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialariak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Proiektu honen helburua da «emakume zientzialariak ezagutzea». Antolakuntzan dabiltzan bi erakundeek azaldu dutenez, «zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak baztertuta eta ezkutatuta geratu» dira, «eta gaur egun ere, emakumeen diskriminazioa nabarmena da esparru horretan».
Sainz de Murieta, lehen hitzaldian 25ean
Lehenengo solasaldia martxoaren 25ean izango da, ‘Klima-larrialdia, ikuspegi sozioekonomikotik’ izenburupean, Elisa Sainz de Murietaren (Bilbo, 1977) eskutik.
Sainz de Murueta geologoa da. 2010ean ekin zion ikerketa-ibilbideari, BC3 klima aldaketari buruzko ikerketa-zentroan. Bertan egin zuen doktore-tesia. Gaur egun, BC3ko eta UPV/EHUko ikertzailea da, eta, batez ere, klima-aldaketaren ondorioak eta egokitzapen-neurriak aztertzen ditu, ikuspegi sozioekonomiko batetik.
Miren Basaras (Bilbo, 1968) izango da apirilaren 29an egingo den bigarren hitzaldiaren protagonista. ‘Gure osasuna planetaren osasunera lotua dago’ izenburuko hitzaldia eskainiko du.
Mikrobiologian doktorea, Basarasek ibilbide luzea egin du UPV/EHUn irakasle eta ikertzaile gisa. Gainera, zientzia-dibulgatzaile gisa egindako lanagatik da ezaguna, eta hainbat sari jaso ditu, besteak beste, CAF-Elhuyar Merezimenduaren Saria. Gaur egun mikrobiota ikertzen ari da, bereziki sexu-transmisiozko infekzioei dagokienez.
Hirugarren parte-hartzailea Mirene Begiristain (Andoain, 1972) ekonomialaria izango da, ‘Elikadura-burujabetza, agroekologiatik eta feminismotik’ hitzaldiarekin.
Ekonomian doktorea eta UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea eta ikertzailea, nekazaritza eta elikadura sistemak bereziki ikertzen ditu agroekologiaren eta feminismoaren ikuspegitik.
Hiru solasaldiak euskaraz izango dira Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian. Solasaldietako audioak Donostia Kulturako DK Irratiaren eta Elhuyarren ‘Emakume zientzialarien argitan’ podcastean izango dira entzungai.