Gazte boluntarioen udako auzolandegietan inskribatzeko epea zabalduko du Lakuak
Astearte honetan bertan zabalduko du Lakuako Gobernuak gazte boluntarioen udako auzolandegian izena emateko epea. Aurtengo kanpainak bederatzi auzolandegi aurreikusten ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteentzat, 241 plaza eskainiko dituztenak.

Bihar irekiko dute Lakuako Gobernuaren Gazte Boluntariotzako Auzolandegietan izena emateko epea. Hamabost eguneko bederatzi auzolandegi aurreikusten ditu aurtengo programak, guztira, 241 plaza eskainiz.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak jakinarazi duenez, aurten bi eremu mota egongo dira adinaren arabera: bost izango dira adin nagusikoentzat. 18 eta 26 urte bitarteko lagunentzat dira, dibertsitate funtzionala duten pertsonak izan ezik, 30 urtera arte parte hartu ahal izango baitute azken hauek; eta beste lau adin txikikoentzat (14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat).
Adin txikikoentzat auzolandegiak Arraia-Maeztun, Bilbon, Gueñesen eta Berangon egingo dira, 75 plazarekin. Gainerakoak Muxikan, Santurtzin, Lekeition, Derion eta Bergaran egingo dira.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskainiko diren plazez gain, beste autonomia-erkidego batzuetan ere eskainiko dira, 18 urtetik gorakoentzat.
Euskal Herrian kokatutako bederatzi eremuetako bakoitzak gai espezifiko bat izango du: arkeologia eta industria-ondarea berreskuratzea; ondare historikoa eta ingurumena berreskuratzea; hirugarren adineko pertsonen gizarte-dinamizazioa; eta memoria historikoa.
Goizetan parte-hartzaileek gaikako lanak egiten dituzte, eta arratsaldeetan eta asteburuetan jarduera osagarriak egiten dituzte.
Aurrez izena emateko epea bihartik apirilaren 22ra arte dago zabalik. Apirilaren 23an egingo da helmugak hautatzeko zozketa.
«Aurrez izena emateko prozesua bitarteko elektronikoen bidez egingo da. Hori dela eta, Gazteria Zuzendaritzak BakQ txartela (edo identifikazio elektronikorako beste edozein bide) eskuratzea gomendatzen du prozesu osoa egiteko», zehaztu dute.
Prozesu osoa www.gazteaukera.euskadi.eus web orriaren bidez egin ahal izango da.