GAUR8 - mila leiho zabalik

Kaltea prebenitzea


Ohitura zaharra da filtrazioa etxe horietan. Ohiturazko zuzenbidea, nonbait. Ohikoa baita Espainiako auzitegi batek bere ebazpen bat argitaratu baino lehen hedabideren batek argitaratzea. Duela hamar bat egun jakin zen Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuela «Bateragune auziko» defentsak aurkeztu zuen babes helegitea aztertu artean auzipetuak ez dituztela epaituko. Beraz, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak epaiketa baliogabetu ostean, Auzitegi Gorenak Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diez berriz epaitzea eten du behin-behinean Konstituzionalak. Ostegunean jakinarazi zuen gauza jakina zena, eta horretarako argudioak.

Epaiketa babes helegitearen gainean ebatzi baino lehen egiten bada, auzipetuak babesgabe geratuko lirateke. Hori da argudio nagusia. Ez dago legelaria izan beharrik hori ulertzeko. Fiskalak, ordea, babes helegitea baztertzeko eskatu zuen eta Konstituzionaleko hamar epaileak eskaera horren kontra agertu dira. Ez dut esan nahi fiskalak ez duela ulertzen Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoaren 56.2 artikulua, baizik eta haren aplikazioa saihesten ahalegindu dela.

Fiskalak zioenez, ez dago nahikoa argudiatuta epaiketak auzipetuei eragingo liekeen kaltea konponezina dela, eta kalte hori izatekotan «zalantzazkoa» izango litzateke, ez baita jakina auzipetuei zigorrik ezarriko lieketen ala ez. «Hain zuzen ere», horixe esan du gutxi gorabehera Konstituzionalak. Gainera, kausa beragatik epaiketa inpartzial batean zigortutako auzipetuen kasuan... diot nik.

Kaltea prebenitzeko aholku bat, egunotarako baliagarria: «Atera guardasola, euria egiten badu ere». Fiskal horren ustez, ordea, honela beharko luke: «Ez atera, egiten ez badu ere». •