GAUR8 - mila leiho zabalik

Supremazistak


Nazio identitatea bere borrokaren erdigunean jartzen duen edonor supremazista omen da. Espainiako ezkerreko sektore batzuen arabera –kasualitatez beren nazio nortasuna aitortuta eta babestuta dutenek–, gure nazio identitatea aitortua ez dugunon nahiek ahaztu egiten dituzte langile klasearentzat benetan garrantzitsuak diren kontuak. Kazetari ezkertiar ezagunen zutabeak irakurri ditut, nazionalismo katalana borroka burgestzat jotzen eta, orain, ezker abertzaleari supremazistatzat jotzen.

Honi buruz asko galdetu diot nire buruari: zer elementuk osatzen dute nire identitatea, eta zergatik nazio identitateak galdu du zentraltasuna beste gaien aurrean? Orain dela 20 bat urte galdetu izan balidate nire burua definitzeko nazio identitatea eta hizkuntza, euskara alegia, jarriko nituzke erdigunean. Nafar euskalduna izanik, nire gaztaroan horiek ziren nire politizazio prozesuan garrantzi gehien zuten kontuak. Euskal hiztuna izatea pasa den mendeko 90eko hamarkadako Nafarroan militantzia kontua zen.

Gogoratzen dut 2003. urtean Italian Erasmus egiten nengoelarik, harrotasunez eta, era berean, desafiatzeko asmoz, euskalduna nintzela erantzuten nuela nire nazionalitatearengatik galdetzen zidatenean. Espainiar estatutik kanpokoa bazen galdetzen zidanari Basque Country esaten nion, baina oraindik gustu handiagoa hartzen nion estatuko batek harriduraz entzuten zuenean nire erantzuna jakinda nafarra nintzela. Etxean bizi zen gatazka politikoa azaleratzeko eta horri buruz hitz egiteko aitzakia ezin hobea zen. Gogoan ditut ere nire lagun komunista italiarrekin solasaldi amaigabeak, euren ikuspegi internazionalistatik ez zutelako ulertzen zergatik ni bezalako ezkertiar batek ematen zion horrenbesteko garrantzia nazioaren auziari.

Orain dela gutxi Italiako Erasmuseko garaietan ezagutu nuen Pugliako (Italiako Hegoaldea) Angelo lagun mina izan genuen bisitan. Orain Bartzelonan bizi da, neska laguna katalana du. Hizkuntza minorizatuez asko hitz egin genuen eta galdetu nion ea Erasmuseko garaietan bezala nazio identitatearen kontua nahi ezkertiarrekin batu ez daitekeen gaia ote den. Beste modu batean ikusten duela esan zidan eta orain ohartu dela zer motatako zapalkuntza izan duten, esate baterako, Italiako dialekto guztiek. Nazio identitatea ez da inoiz eztabaidagaia izan ez-baimendutako auzia izan delako, «ez gara sekula horretara ausartu».

Urteekin, arazo nazionalak garrantzia galdu du nire nortasunean. Identitatea, askotan, ukatzen zaigunaren arabera eraikitzen dugu. Intersekzionalitatearen teoriaren ikuspegitik esan genezake denok jasaten ditugula zapalkuntzak, era berean zapaltzaileak garen bitartean; hau da, pribilegioek eta desabantailek zeharkatzen gaituztela. Eta, hainbat faktoreren arabera, zapalkuntza sentituenaren inguruan eraiki ohi dugu gure identitatea. Beharbada, nire nerabezaroan eta lehen gaztaroan hizkuntzaren eta nazioaren gaia hain garrantzitsuak izan zirelako, eta horien aitortza bilatzen nuelako etengabe, iritsi nintzen hain berandu feminismora. Gaur egun gure herrian nazio identitateak ez duela garrantzirik eta horri zentraltasuna ematea supremazismoa dela esatea feministak emakumeen zapalkuntzari zentraltasuna emateagatik «hembristak» direla esatea bezala dela iruditzen zait. Hizkuntza minorizatu bat eta egoera diglosikoan bizi dena gaztelera eta frantsesarekin alderatzea tranpa egitea dela iruditzen zait. Bere identitate nazionala onartuta eta babestuta dutenen aldetik nazio identitate periferikoetan kokatzen garenoi supremazista deitzea, lotsagabekeria galanta. •