Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Arkitektura maskulinoa eta femeninoa

Duela urte pare bat, programa kultural baten testuinguruan, arkitektura eta bestelako gaien inguruko hitzaldi batean, euskal antropologo ezagun batek, galdera-erantzunen denboran, hauxe bota zuen: Bilboko Guggenheim museoaren kurbek arkitektura femeninoaz dihardute. Hitzon oihartzuna –eta shocka– barnean gelditu zait harrezkero, eta Carmen Molak literatura esparruan sortu duen iskanbilaren harira, Santiago Alba Ricok idatzi duen artikulu baten gogoetak esnarazi du anekdota hura.

Alba Ricok, bere ohiko estilo finean, ahots femenino eta maskulinoak literaturan duten esanahiaz dihardu. Berak dio fikzioren erabileran eta literaturaren jardunean ahots femeninoa ez dagoela derrigorrean emakume baten autoretzarekin harremanean, eta disforia literarioa literaturaren oinarria bera dela onartzen du. Hau da, gizon batek ahots femeninoan idatz dezakeela edo alderantziz.

Baina interesgarriena zera iruditu zait, nobelaren artefaktu konplexua osatzen duten egitura-estiloa, gaiaren aukeraketa eta idazteko begiradan ahots desberdinak nahastu daitezkeela; adibidez, forma maskulinoa izatea, begirada femeninoa eta idazketa sintaxi bigeneroa edo queer-a.

“Genero disforia” linguistikoaren ideia arkitekturara eramateak zer gogoeta ekarriko luke? Lehenik, arkitekturak ahots femeninoa edo maskulinoa izateak emakume eta gizon egiletzarekin harremanik ez duela azpimarratzea. Bigarrenik, femeninoa edo maskulino izateak ez duela arkitektura on eta txar kalifikazioekin harremanik; genero-ahots bat espazioarekin loturan hartzean, espazioaren izaera bat edo bestea nagusitzeari esango genioke. Eta orduan, nola ulertu daiteke arkitektura femeninoa eta arkitektura maskulinoa? Dudarik gabe, ahots femeninoak ez luke forma geometriko bat edo beste erabiltzearen erabakiarekin lotuta egon behar, hau da, femenino izatea itxura konkretu batekin ez identifikatzearen alde borrokatuko nintzateke; literaltasun honek analogia handiegia izango bailuke emakumearen gorputzarekin egiten ohi den irakurketarekin, eta berdin, ez genuke maskulinoa eraikin-falo formarekin elkartuko.

Maskulino eta femenino izaeren desberdintasuna espazioan igartzerik balego, ez litzateke ikusmenarekin ziztu batean detektatzekoa izango, eta leku batean egotearen sentsazioarekin loturan egon liteke. Eraikin edo espazioaren forma egiteko modu maskulino edo femeninoaren emaitza bat litzatekeelako. Maskulinoa zeregin logiko, arrazional, tekniko eta funtzionalagoarekin loturan legoke eta femeninoa afektu eta harremanen pentsamenduekin. Honela, maskulinitatea eraikin-izaera finkoago eta sendoagoak sortzeko logika bat litzateke, eta femeninoa, erlatiboagoak.

Ulermen banaketa sinplista hau, Alba Ricok dioen moduan, arkitekturaren egitekoan zehar konplexuago bihurtuko litzateke, erabakigai bakoitzean maskulino edo femenino izateko aukerarekin (lan egiteko modu femeninoa, elementu egituratzaile maskulinoak etab), eraikin baten azken emaitza bigeneroa izateko aukera askorekin. •