21 MAY. 2022 «Ez da hainbesterako, neska» Amagoia Mujika Telleria Haurdun nengoenean behin baino gehiagotan aipatu zizkidaten behien erditzeak, nireak horien antzekoak izango zirela iradokiz. «Errapeko minaz» ere hitz egin izan zidan gizonezkoren batek, erditu berritan nire bularretako mina norainokoa zen bazekiela adierazi nahian edo. Gero, beti dago bere izebaren erditzea graziaz kontatzen dizun gizonezko hori. Bai, bai, harraskan platerak garbitzen ari zela erditu omen zen, konturatu gabe. Inguruan zebilen ahizpak moztu zion zilbor-hestea eta jaioberria eskutrapuarekin garbitu zuen. Eta, gero? Ba, gero segi sukaldea garbitzen, zer egingo zuen, ba? Amonak erditu baino lehen porru-patatak utzi zituen prest sukaldean; amonaren ama baratzeko lanak amaitu arte ez zen etzan ohean erditzera; eta urruneko izeba bati haurra irristaka atera zitzaion hanka tartetik komunean. Eta horrela segi eta segi, mitoak, kondairak eta gertaerak nahasian, helburu bakarrarekin: Erditzea ez da hainbesterako, neska. Hilekoaz, berriz, apenas hitz egiten da. Baina inguruko emakume gehienek izango zuten, ba, hilekoa? Baina, hori, ixo. Ezkutatu beharrekoa eta garrantzirik gabe bizi beharrekoa dela erakutsi digute. Eta inguruan hilekoarekin oso gaizki pasatzen zuenik bazen –eta bazen–, exajeratua eta ahula zela iradokitzen genion. Guk geronek, inguruko emakumeek. Hilekoa ez da hainbesterako, neska. Emakumearen gorputzarekin lotutako gauzak garrantzirik gabekoak direla saldu digute. Gure minek ez dutela min ematen sinisteraino. Eta guk ere askotan tapatu ditugu gure minak, horrek ahulago eta zaurgarriago egingo gintuelakoan. Hilekoa albistegietako gai bihurtu da eta ezin kokatu gabiltza, tankera ezin hartu onerako edo txarrerako ote den. Ohitura falta izango da. Baina bai, emakumearen gorputzarekin lotutakoak garrantzitsuak dira; eta, ez, gizonezkoek horri buruz ez daukazue ideiarik. •