21 MAY. 2022 AURKITU ALA HIL Mexiko 100.000 desagertuen langa gainditzeko zorian dago Urtero bezala, euren auzia mahai gainean jartzen saiatzeko baliatu zuten Amaren Eguna desagertuen senideek. Gizarteak indiferentziarekin ikusten du oraindik gaia, baina tamalez, gero eta gehiago dira mobilizazioetara iristen direnak. Desagertuak gero eta gehiago direlako, jakina. Latza da haien ahotsa entzutea, baina itxaropen mugagabe baten isla ere badira. Beñat Zaldua Lerro hauek idazten hastean, Mexikon 99.831 pertsona daude desagertuta ofizialki, benetako zifra ezagutzea ezinezkoa baita. Egunean 20 eta 30 pertsona artean desagertzen dira herrialdean. Testu hau irakurlearengana iristen denerako, beraz, 100.000 desagertuen langa aise gaindituta egonen da dagoeneko. Drama erraldoi hau Mexiko Hiriko kaleetan gorpuztu zen joan den maiatzaren 10ean, Amaren Egunean. Badira urte batzuk desagertuen senideek –amak, gehiengo nabarmenean– egunari esanahia aldatu nahi izan diotela, ospatzeko ezer ez dutela gogorarazteko, eta Mexikon oihartzun gutxi daukan gai hau mahai gainean jartzen saiatzeko. Drama eta biktimizazio geruzak pilatzen doan tragedia da desagertuena: galerari ezjakintasuna gehitzen zaio, gizartearen eta gobernuaren indiferentziarekin batera. «Zerbait eginen zuen...». Hermelinda Ruiz tamauliparrak 12 urte daramatza bere seme Roberto Cordoba Ruiz bilatzen. «Ez zaiola gertatuko uste du jendeak; gure seme-alabak gauza txarretan sartuta zeudela uste du, bilatu egin zutela gertatu zitzaiena. Agintarien aldetik, berdin: zertan zebilen zure semea? Ez dute ezer egiten. Nire kasuan, bi aldiz galdu dute espedientea, eta nire kopiarekin ireki ahal izan dut berriz. Fiskaltzara joaten naizenean, ez dut galdetzen ikerketa nola doan; nik ematen diet nire ikerketaren berri, behintzat espedientean sar dezaten», dio, haserre. «Hori gara haientzat, zifra bat espediente batean. Horregatik gustatzen zait esatea desagertuak 100.000 gehi bat direla; nire kasuan, 100.000 gehi Roberto. Nire semea ez delako zenbaki bat», azaldu du Ruizek, eta gizarteari enpatia eskatzen dio: «Jendeak ulertu egin behar du edonori gertatu ahal zaiola, ez direla kasu isolatuak, estatu krimenak direla». NBEren txosten gordina Erantzukizunaren inguruan txosten gordina argitaratu zuen duela hilabete bat Nazio Batuen Desagerpen Behartuen kontrako Batzordeak. Mexikon, desagertzeak «krimen perfektuaren paradigma» direla adierazi zuen. Izan ere, 100.000 desagertu eta gorputegi eta hobi komunetan identifikatu gabeko 52.000 gorpu dituen herrialde honetan, 36 sententzia judizial baino ez daude gaiaren inguruan. Bere txostenean, desagerpen kasu batzuk zuzenean funtzionario publikoek eragiten dituztela dio batzordeak, baina gainera, egilea zein izan den inporta gabe, ikertzeko ardura beti Estatuari dagokiola azpimarratzen du. Bere eginbeharra da kasuak argitzea, baina jarrera ez dator bat, gehienetan. Laura Curielek zazpi urte daramatza bere alaba Daniela Mabel Sanchez Curiel bilatzen. 24 egun pasatu behar izan ziren poliziak eta fiskaltza diligentziak egiten hasteko. «Oso gaztea da, itzuliko da, egun batzuk eman iezazkiozu», esaten zioten. «Ez zuten ezer egin», dio, nahiz eta Danielaren kasuan susmagarri garbi bat egon: «Nire alabak bortizkeria sufritzen zuen etxean, bere semearen aitarekin gogor eztabaidatu ondoren desagertu zen, baina ikerketan sekula ez da genero perspektibarik egon». Hermelinda Ruizek bezala, Laura Curielek pena handiarekin ikusten du gizartearen indiferentzia: «Soilik gertatzen zaienean konturatzen dira dagoen arazoaz». Ruizek ez bezala, ordea, zer edo zer espero du oraindik Andres Manuel Lopez Obradoren gobernutik: «Buelta eman dezatela eta ikus gaitzatela behingoz, entzun dezatela esateko daukaguna». Kanpainan zehar Lopez Obradorrek erreferentzia ugari egin zizkien desagertuei, eta egia da Desagerpen Behartuen kontrako Batzordea bere gobernuari esker iritsi zela Mexikora, aurreko gobernuak ez ziolako eskatutako baimena onartu. Bisitaren ostean argitaratutako txostena, ordea, ez zitzaion gustatu presidenteari, eta Batzordea kritikatu zuen. Senideen arabera, gainera, kontraesankorra da zentzu askotan, adibidez armadaren paperarekin. Militarrak kaletik aterako zituela esan zuen, baina inoiz baino presentzia handiagoa daukate Mexikoko bizitza publikoko alor guztietan. Militarizazioa da, hain zuzen, Nazio Batuetako batzordearen txostenak gogor kritikatu zuen puntuetako bat. Elkartzearen garrantzia Akatsak onartu eta ekintzara pasatu dadila eskatzen dio Gobernuari Curielek. Bitartean, maiatzaren 10 guztietan kalera ateratzen jarraituko dutela dio, egun garrantzitsua baita senideentzat. «Zazpi urte hauetan ez dut lortu ez justiziarik ez egiarik, baina beste ama askorekin elkartu naiz, borrokan jarraitu ahal izateko», azaldu du. Helburuari buruz, zalantza gutxi: «Gaur hemen gauden senide guztiak berriz hemen egon behar ez izatea, amaitu dadila bilaketa, aurkitzen lagundu diezagutela, gure seme eta alabei negar egiteko eta hitz egiteko leku bat izan dezagun behingoz». Metro batzuk aurrerago, Reina Renovak malko artean berretsi du elkartzearen garrantzia. Estatu Batuetan bizi ziren, eta Chihuahuako herri batera bisita egin zuten egun batean desagertu zitzaien Alexis semea, duela zortzi urte. «Gertatzen zaiguna oso tristea da, ama asko garelako horrela gaudenak, baina horrek jarraitzeko indarra ematen digu. Niretzat oso garrantzitsua izan zen bakarrik ez nagoela ikustea». Beste bi seme-alabek AEBetan jarraitzen duten arren, Renova Mexikon bizi da ordutik. «Nire semea egunero bilatzen dut, ezin naiz bizi bestela», azaldu du. Desagerpenen kasuistikak hamaika dira: narkoa da erantzulea kasu askotan, baina beste asko daude: bortizkeria matxistarekin lotutakoak, duela 40-50 urteko gerra zikinarekin zerikusia dutenak, kazetariak, Erdialdeko Amerikako migranteak eta abar. Kasu guztiek konpartitzen dute, ordea, inpunitatearen itzala, eta senide guztiek dauzkate puntu komun batzuk: iraunkortasuna eta bila jarraitzeko determinazioa, euren bizitza arriskuan jartzeraino. Ez da mehatxu abstraktu bat, gertatu izan delako. Gutxienez bost senide bilatzaile hil dituzte azken urteetan, Estatuak egiten ez duen lana egiten zuten bitartean. «Ez dago negarrik gabeko egunik, ez oinazerik gabekorik, ezta bilaketarik gabekorik ere», dio Reina Renovak. «Ez dago atsedenik; astelehena, igandea edo jaieguna, igual dio, alaba falta zaizunean, egun guztiak dira berdinak», azaldu du Laura Curielek. «Beti esaten diot berdina bilobari, bilatzeari uzteko bi arrazoi baino ez daude: edo topatu dudalako, edo hil egin naizelako», esan du Hermelinda Ruizek amaitzeko. «Fiskaltzari ez diot galdetzen ikerketa nola doan, ez dutelako ezer egiten; nik ematen diet nire ikerketaren berri, behintzat espedientean sar dezaten», azaldu du Hermelinda Ruizek «‘Oso gaztea da, itzuliko da, egun batzuk eman iezazkiozu’, esaten zidaten hasieran. 24 egun pasatu behar izan ziren lehenengo diligentzia egin ahal izateko», dio Laura Curielek