22 OCT. 2022 Biziarteko zigorraren katea hausteko zerra olioztatuz Maite Ubiria Robert Badinter abokatua Justizia ministroa zelarik egin zen frantses Estatuan espetxe politikaren gaineko benetako azken eztabaida nagusia. Bere eskutik, mugarik gabeko zigorraren logikaren aurrean birgizarteratzearen izpirituari helduta abagune berria hasi zen François Mitterrand presidentearen garaian. Erresistentzia handiak gainditu behar izan zituen, ordea, bere Parisko bulegora errefuxiatu estatutua berritzeko xedez bertaratzen ziren militante anitz, hainbat ETAko kide barne, ezagutu zituen legegizonak bere bizitzako borroka nagusia aurrera ateratzeko. Erresistentzia handiak antzeman zituen bidean, eta tribunan mintzo zelarik eraso dialektikoak ez zituen falta. Alta, hedabideetatik hasi eta kalean jarraituta gorpuztu zen mehatxu kanpainari buru eginez giza eskubideen aldeko zalgurdia bilakatu zen heriotza zigorraren abolizioari bide eman zion gobernua. 1981eko urriaren 9ko data egindakoaren eta egiteke dagoenaren gainean gogoeta egiteko behatokia bilakatu da geroztik. Jakin behar baita heriotza zigorra ezabatu zuen herrialdean biziarteko zigorra indarrean dagoela. Heriotza su txikian bezala irudikatu da sarritan muturreko zigorrak utzitako «hutsunea» bete zuen gaztigua. Urriaren 13an, 32 urte eta erdi kartzelan igaro ondoren, Ion Kepa Parot ETAren ‘Argala komandoko’ kidea kalera atera zen. Handik bost egunetara bera bezala 2011n jarduera armatua alboratu zuen erakundeko kidea izan zen Jakes Esnal etxera itzuli zen, urriaren 18an. Bete beharreko biziarteko zigorra –perpetuité réelle, frantsesez– Zigor Kodearen 221-3 eta 4. artikuluetan jasotzen bada ere, Europako Giza Eskubideen Konbentzioari so eginez frantses justizia ate erdi irekia uztera behartuta dago, hau da, preso orori, baita delitu larrienak egin dituenari ere, askatasuna eskatzeko hautua bermatu behar dio. Hala ere, 2000ko lehen hamarkadaz geroztik baldintzapeko askatasuna galdetzeko eskubidea zuten bai Parot bai Esnal 32 urte eta erdiko espetxealdia bete arte kartzelan atxiki dituzte. Kalera atera ostean, biek ala biek urtebetez eskumutur elektronikoa eraman beharko dute. Are, frantses justiziak agindutakoaren arabera, hamarkada bat gehiago itxaron beharko dute egun 71 urte duten herritarrek erabateko askatasuna berreskuratu arte. Xehetasun horiek oroitarazi ditzagun, euskal jendartearen baitan zabaldutako dinamika zabal eta iraunkorra aintzat hartu gabe zailagoa, agian ezinezkoa ere bai, izanen zelako zigor amaigabearen logikari itsatsita dagoen estatu baten adar judizialak ezarritako giltzarrapoa haustea. Preso ohia gaztetan zapaldutako karriketara itzultzen den momentua berezia da oso, familientzat bidaia nekagarri baten amaiera moduko bat irudikatzen duelako. Alta, manifestazioetan potretetan agertzen zirenak euskal paisaian naturalki gorpuztu diren une berean, Estatuaren bihotzean, hegazti harrapariak Asanblea Nazionalaz jabetu dira berriro ere. Parisen bortizki hil zuten 12 urteko Lolaren kasuaren aurrean, emozioak sublimatzeko hautua egin du eskuin muturrak, «benetako» amaierarik gabeko zigorra galdetuz. Eskerrak “Askatasun eskaeratik segurtasunaren exijentziara” elkarrizketa liburuan 2007an hainbat lanabes idatzi zituela Badinterrek bururatu ez den bidean jarraitzeko. • 32 urte kartzelan eman arren, hamarkada bat gehiago itxaron beharko dute 70 urte baino gehiago duten Haranburuk, Esnalek eta Parotek «erabat libre» bizitzeko