Fikzioa, errelatoa eta lagun minak
Maiteminak jota, amaitu berri den harreman batetik onik atera nahian, nahi eta ezinean, tetrisean oker kokatutako pieza sentitzen da, munduak eta mundutarrok ezer pasatu ez balitz bezala aurrera egiten dugun bitartean. Martinek esan dio ulertzen duela, eta aholkatu dio egiteko apnea: arnasa fuerte-fuerte hartu eta gero eutsi, uretan murgil egin eta korronteak eraman dezala utzi. Jon Benitoren “Tetris” ipuineko pertsonaiak dira (2022, Lagun minak).
Psikologo batek tetrisarenaren antzeko metaforarekin azaldu zidan behin terapiak nola funtzionatzen duen: askotan ez dakizu pazientearen galderei zuzenean erantzuten, ez dakizu zerk sortu dizkion zauriak eta zerk konponduko dizkion minak, baina probatzen duzu hemendik eta probatzen duzu handik, eta halako batean, besteak baino garrantzitsuagoa ez zirudien gai bati buruz ari zaretenean, zerbaitek egiten du klak: oker zegoela akaso ez zenekien pieza bat bere hutsunean kokatu da.
Ez dizuet esango literatura terapia denik, baina irakurtzean ere izaten da tetris momenturik. Zutaz ezer ez dakien liburu batean irakurtzen duzu zuk hitzetara ekartzen sekula asmatu ez zenuen min hura, hizkuntzaren lerroaren azpitik azkura egiten dizun desira hori, inori konfesatuko ez zeniokeen esperantza baldar hau. Eta, zurian beltz, hitzetan jarriak ikusten dituzunean, beste zerbait dirudite, nahiz eta hain diren zu. Fikzioak bidea egiten laguntzen die ondo kokatu gabeko sentimenduei.
Pieza-kokatzea
Annie Ernauxen “Pasio hutsa” irakurtzen izan nuen inoiz izan dudan pieza-kokatze bortitzenetakoa: entzun ere egin zela esango nuke, krak. Benitok berak gomendatuta irakurri genuen liburua, irakurle taldean, hara kontuak zer diren.
“Lagun minak” irakurtzean ere gertatu zait, baina beste era batean. Liburu honetan bada ekintza handiez eta konbikzio irmoez haragoko gu bat; gu intimoago bat. Ez dakit ondo esaten zein den gu hori, zerk lotzen gaituen gu horretara: ez dakit den maitatzeko modu bat, ez dakit den bakardadea, den bizitza, den borroka, den toki bat edo denbora bat. Esango nuke liburu hau badela gure belaunaldiaren errelatoan pieza batzuk txukuntzeko saiakera, eta ederki asmatzen duela horretan.
Inork ez zigun esan hau erraza izango zenik. Bidea egiteko eta piezak kokatzen laguntzeko, hor dira psikologoak, hor da fikzioa, hor ditugu lagun minak. •