29 OCT. 2022 Paseo bat ibaiertzean Itzea Urkizu Arsuaga Udazkenekoa den baina udakoa dirudien arratsalde batez paseoan nabil, ibaia behera eta ni gora. Ederra da bideari eskutik heltzen dion ur ertzari begiratzea, eta ikustea zer sinkronizazio perfektuarekin dantzatzen dioten landare guztiek haizeari, ia uretan dauden txikienek, eta luze-luzeenek. Botanikaren bueltako nire kultura orokorra ezjakinegia da espezie horiek identifikatu ahal izateko, baina hosto berdedunak dira zuhaitz gehienak, eta handienek, zapi bat lepoan balute bezala, adarretan korapilatuta dute huntza gogorarazten didan hosto gorrixkadun adar amaiezin bat. Tokatzen ez zaien adar korapilatsu bat bistan. Pentsatu dut bizitza irudiak eta metaforak eskaini eta eskaini aritzen zaigula etengabe, eta horietatik gutxi batzuk bakarrik irakurtzen asmatzen dugula. Oria ertzeko zuhaitz berde eta handiak inguratzen dituen hosto gorrixkadun landarea izan litekeela sarriegi bide erdira ateratzen zaigun kontraesan propioaren ezinegona; oso agerikoa izanagatik, ezkutatzen saiatzen garen hori bera. Zeure burua antirrazistatzat izendatzea, baina hegazkin batean sartu eta jatorri jakin bateko bidaiaria aldamenean egokituz gero, haren mugimendu guztiak hegazkinaren balizko leherketarekin erlazionatzea. Gu izaten uzten ez digun egitura administratibo-politikoari gorazarre egiteko jaieguna deitoratzea, baina furgoneta hartzea eta egun horixe bera Pirinioez gozatzen pasatzea. Parekoari elite segregatzaile baten parte dela aurpegiratzea eta, bitartean, egunero-egunero kioskoan erostea lurralde honetako eliteen eta botereguneen agerkari konplizeak. Alegia, gu geu garela gure adar propioetara korapilatzen den espezie inbaditzailea. Ez ote dugu geure burua behar bezainbeste zalantzan jartzen? Edo, hain justu, norbere hautu eta ekintzak etengabe galbahe batetik pasatzen aritzetik sortzen dira hautu eta ekintza kontrajarriak? Batek daki. Dantza eta gizonezkoak Batek daki, gureekin bakean ez baldin bagaude, zergatik tematzen ote garen gainerakoen kontraesanak ulertzen. Zergatik daramadan astebete ETBko albistegian eskainitako berri bati bueltaka. Zergatik iragarri nahi izan zuten Segurako suelto txapelketa, emakumeok “bakarrik” –gure artean, alegia– dantza egitera kondenatuta gaudela esanaz. Zergatik osatu ote zuten erreportajea, dantza taldeetan gero eta gizonezko gutxiago daudela azpimarratuz, eta hori maskulinitate hauskorrari –bakarrik– atxikiz; dantza egiten duten gizonak baztertuak izan ohi direla zehaztuz. Zergatik ez ote zioten horri gehitu, esaterako, hainbat gizonezko dantzatik aldendu direla, kasualitatez, dantzarako postu garrantzitsuenak galtzen hasteko aukera begien bistan ikusi dutenean. Albisteak planteatutako errealitate hori zergatik ez ote zuten estatus sozialaren ikuspegitik ere teorizatu, azalduz, plaza gizonezkoena izatetik emakumezkoena –ere– izatera pasatzeko trantsizioan, dantzak prestigioa galdu duela gizonezko zenbaiten burmuinetan. Zalantzarik gabe, birpentsatu behar dut larunbat arratsaldez ibaiertzean paseoan ibiltzearen ideia... • ¿No nos cuestionamos lo suficiente? ¿O es que las elecciones y acciones surgen de estar pasando constantemente por un tamiz?