GAUR8
«PLANETA BIZIA»

Munduko ornodunen populazioak %69 murriztu dira 1970etik

WWF gobernuz kanpoko erakundeak argitaratzen duen «Planeta bizia» txostenaren emaitzak oso kezkagarriak dira. 89 adituren artean egindako ikerketak dio munduko ornodunen populazioa %69 murriztu dela 1970etik. Latinoamerikan eta Kariben %94ra ere heltzen da, eta ur gezako espezie asko arrisku larrian daude. Neurriak berehala hartzeko eskatzen diete gobernuei.

Okil gorria Ipar Carolinako golf zelai batean (David CANNON / AFP PHOTO)
Okil gorria Ipar Carolinako golf zelai batean (David CANNON / AFP PHOTO)

Ornodunen populazioak %69 murriztu dira 1970etik, WWF gobernuz kanpoko erakundeak “Planeta bizia” txostenean adierazi duenez. Txostenaren arabera, «beherakada lazgarri» horrek munduko biodibertsitatearen larrialdia nabarmen adierazten du.

GKEaren txostena bi urtean behin egiten da, eta gobernuei, enpresei eta gizarteari dei egiten die naturaren aldeko hitzarmen global batekin konprometitzeko, Parisko Akordioaren antzera.

Lanak datu «kezkagarriak» erakusten ditu arrainen, anfibioen, narrastien, hegaztien eta ugaztunen populazioei buruz; adibidez, Latinoamerikako eta Karibeko ornodunen populazioen batez besteko beherakada ehuneko 94koa da, eta ur gezako espezieen munduko populazioek ehuneko 83ko beherakada izan dute.

“Planeta bizia” txostena WWFko eta Londresko Zoologia Elkarteko 89 adituk egin dute eta 1970etik 2018ra bitartean planeta osoko 5.230 ornodun espezieren ia 32.000 populazioren datuak biltzen ditu. Ondorioa argia da: premiazkoa da eraldaketa ekintzei ekitea egoera hori iraultzeko eta 2030erako natura joera positiboan jartzeko.

Azterlanak zera dio, krisi bikoitza duen planeta mailako larrialdia bizi dugula gaur egun, «krisi klimatikoa eta biodibertsitatearen galera eta naturaren degradazioa, txanpon beraren bi aldeak direnak», eta ohartarazten du ondorioak sentitzen ari garela jada: muturreko fenomeno meteorologiko gero eta ohikoagoek eragindako desplazamendu eta heriotzak, elikadura segurtasunik eza areagotzea, lurzoruak agortzea, ur gezaren eskuragarritasunik eza edo gaixotasun zoonotikoen hedapena.

Lanak nabarmentzen du larrialdi horren inpaktu negatiboek pertsona guztiei eragiten dietela, baina bereziki pobretuenei eta baztertuenei.

Jaitsiera handiena ur gezako populazioena izan da, mundu mailan %83 murriztu baitira. Adibidez, Amazonas ibaiko izurde arrosak ehuneko 65eko murrizketa izan du, eta planetako koralen erdiak galdu egin dira, kate inpaktu negatiboarekin; izan ere, horiek itsas espezie guztien laurdena dira, eta gizakiak barne hartzen dituen kate trofiko konplexu bati eusten diote. Gainera, 31 marrazo eta arraia espezieetatik 18k munduan duten ugaritasuna %71 murriztu da azken berrogeita hamar urteetan.

Kausak eta konponbideak

Murrizketa horren arrazoi nagusien artean, habitataren degradazioa eta galera, espezieen gehiegizko ustiapena, espezie inbaditzaileak sartzea, kutsadura, klima aldaketa eta gaixotasunak daude.

Faktore horietako askok eragina izan zuten adibidez Afrikako basa bizitzako populazioen %66ko jaitsieran, baita Asiako Pazifikoko %55eko jaitsiera orokorrean ere. Egileentzat, lurraren erabileraren aldaketak dira naturarentzako mehatxurik handiena.

Bestalde, txostenak dio aipatutako ingurumen krisi bikoitza arindu daitekeela zenbait neurri garaiz hartuz: kontserbatzeko eta lehengoratzeko ahaleginak handituz, elikagaiak modu jasangarriagoan ekoitziz eta kontsumituz, eta sektore guztiak azkar eta sakon deskarbonizatuz.

89 egileek arduradun politikoei eskatzen diete ekonomiak eralda ditzatela, baliabide naturalak behar bezala balora daitezen. Ziurtatzen dute ezinezkoa izango dela naturarentzako etorkizun positiboa lortzea mundu osoko herri indigenen eta tokiko komunitateen eskubideak, gobernantza eta kontserbazio lidergoa aitortu eta errespetatu gabe.

Datorren abenduan, munduko liderrak Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenaren Alderdien XV. Konferentzian bilduko dira. Bertan, WWFk espero du liderrek konpromisoa hartzea klima aldaketaren aurka Parisen sinatu zen tankerako akordio batekin, biodibertsitatearen galera lehengoratzeko eta 2030erako «natura positiboa» ziurtatzeko.

Desagertzeko arrisku larrian dagoen tigre korear bat kume batekin, Yongin hiriko Everland parke tematikoan (Anthony WALLACE / AFP PHOTO)

Gobernuz kanpoko erakundeak dio kolapso klimatikoa, naturaren galera, kutsadura eta covidaren pandemia giza eskubideen krisiak direla. Ingurumen osasungarrirako eskubidea aitortu zaien 80 herrialde baino gehiagotan, ingurumen lege eta politika irmoagoak, inplementazio eta betetze hobea, parte-hartze publiko handiagoa eta, garrantzitsuena, ingurumen errendimendu hobea lortu dira.

Juan Carlos del Olmo WWFren Espainiako adarreko idazkari nagusiak uste du pertsonek zein naturak aurrera egiteko moduko etorkizuna eraiki daitekeela: «Ezinbestekoa da ekitatea, justizia eta klima aldaketaren eta natura galeraren ondorioak integratuko dituzten ikuspegi berriak sartzea, bai eta aldaketa sistemikoak ere, ekoizten eta kontsumitzen dugun moduari, erabiltzen dugun teknologiari eta gure ekonomia eta finantza sistemei helduko dietenak. Aldaketa horiek bultzatzeko helburuez behin eta berriro hitz egiteari utzi behar zaio, balioez eta eskubideez hitz egiteko, bai politiken ikuskeran, bai eguneroko bizitzan», baloratu du.

 

BASOA SUNTSITZEAREN ONDORIOAK KAMERUNEN

Kamerungo hegoaldean, Campo Ma'an parke nazionaletik gertu lurrak dituzten nekazariak sutan daude animaliek, batez ere elefanteek, beren lana suntsitzen dutelako. WWF gobernuz kanpoko erakundea gizakien eta faunaren arteko gatazkak geldiarazten saiatzen da.

Campon, Ekuatore Gineako mugatik hurbil, hogei bat salaketa jaso dituzte parke nazionaleko kontserbazio zerbitzuek. Esaterako, parketik 3 kilometrora dagoen bere bananondo sailean erasoa jaso eta astebete eskasera, Simplice Yomen hasperenka dabil, «kokoteraino gaude» esanez elefanteek txikitutako bananondo enborren hondakinen artean. Pakidermo horiek «enborraren zati freskoa» gogoko omen dute, mineraletan aberatsa, eta manioka, artoa, kakahueteak edo batata ere jaten dute, Michel Nko'o, parkeko administrazio arduradunak azaldu duenez.

Kamerunen, gizakien eta faunaren arteko gatazkak ugaritzen ari dira baso trinkoen mugetan. Laborantza suntsiketen kasuak batez ere animalia erreserba babestuetatik hurbil gertatzen dira, bereziki iparraldean.

bi elefante kume Kenyako Samburu erreserba naturalean (Jane WYNYARD / AFP PHOTO)

Campo inguruko herrixka bakoitzean, «3 edo 4 hektarea sail landu suntsituak izan dira, hau da, herritarrentzat diru galera handia», Nko'o jaunak dioenez. «Txikizioen %80 edo %90» elefanteei egotzi behar zaizkie, eta gainerakoak gorilei, txinpantzeei, bufaloei, trikuei, pangolinei eta arantzurdeei. Lehen, lursail landuen suntsiketen maiztasuna «txikiagoa» bazen ere, «nabarmen handitu da nekazaritza industriak parkearen kanpoaldean kokatu zirenetik», azaldu du Nko'ok.

2.000 hektarea baso trinko eta birjina baino gehiago suntsitu ditu, adibidez, olio palmondoaren laborantzaren mesedetan CamVert enpresa agroindustrialak. Gobernuak 60.000 hektareako kontzesioa eman zion, baina GKEen presioagatik 39.000 hektareara murriztu zen. «Hemen bizi ziren elefanteek ez dute nora joan eta herrixketako soroetan amaitzen dute», dio Charles Memvi parkeko kontserbatzaileak.

Inguruan, basotik ateratzen diren egur kopuru handiak ikus daitezke. Eta zerra baten zaratak txorien kantua itotzen duen bitartean, behatzaile talde batek oihana zeharkatzen du gorilen bila. WWFk «ohitze» proiektu bat abiatu zuen duela hamar urte, gorila talde bat giza presentziara ohitu eta ekoturismoa garatzeko. Helburua bikoitza da: populazioa sentsibilizatzea espezieen zaintzari buruz, eta, aldi berean, gizakiaren eta faunaren arteko gatazkak apaltzea. «Garapena sortzeko modua aurkitu behar da (...) mundu guztiak kapital natural hori izan dezan», espero du Yann Lauransek, WWFren Frantziako adarreko Lurreko Biodibertsitatearen arduradunak.

Kamerungo legeak, esaterako, ez du kalte-ordainik aurreikusten parkeetako animalien erasoen biktimentzat. WWFk proposatu du «probatzea eta ikertzea» aseguru sistema baten aukera, erasoen biktimei kalte-ordainak emateko.