17 DIC. 2022 Iñaki Murua Jauregi Entrevista Iñaki Murua Jauregi BERTSOLARIA «Niretzat bertsoa zoriontsu izateko bitarteko bat izan da, bai bertsolaritza eta bai elkartea» Bertsoaren aurrea eta atzea primeran ezagutzen ditu Iñaki Muruak. Bertsolari bezala ibilbide luzea osatu du eta parean, oholtzatik kanpo ere lana egin du majo bertsoaren alde. Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan da 2005 eta 2018 urte bitartean. Jende asko poztu da txapeldunari txapela berak jantziko diolako, edonori magala eskaintzen dion patxada baita berea. Bertsolaria eta bertso eragilea da Iñaki Murua. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Amagoia Mujika Familiako lagun kolonbiar bati esan dio abenduaren 18an ez duela libre izango. «Tengo que ponerle la boina al campeón o campeona». Eta bertsolaritzaz ez dakien bati bertsogintza azaltzen hasten denean konturatzen da zer-nolako dimentsioa daukan. «13.000 lagun han, pertsona bat eskuak poltsikoan dituela mikrofono aurrean jarrita, ‘a cappella’, gainera, gaizki kantatzen dugu gehienok. Badaude ondo kantatzen dutenak baina... eta hala ere jendearen isiltasun hori bertsolaria sortzeko trantze horretan ari denean. Zer ona. Eta hori nik uste mendeetako ibilbide baten ondorio dela, entrenamendu baten ondorio, jendeak badaki isiltasuna gorde behar duela, kontzentrazioa lagundu... hori ez da elkarteak azken 40 urteetan lortu duen zerbait, hori gure DNAn datorrela uste dut, bestela ez da posible». Bertsolaria eta bertso eragile nekaezina da Iñaki Murua (Gabiria, 1956). Berak jantziko dio txapela txapeldunari. Abenduaren 18an txapeldunari txapela janztea izango da zure lana. Ez da lana. Niretzat aukera polita da, nahiz eta hasieran ustekabean harrapatu ninduen. Gustuko lanean aritu naiz eta gustuko lan horretan ez diozu zure buruari meritu hori ikusten. Niretzat bertsoa zoriontsu izateko bitarteko bat izan da, bai bertsolaritza eta bai elkartea bera, nahiz eta erremin aldiak ere pasatu tartean. Baserritar batek aukeratzen badu baserritar izatea, nahiz eta lana izan enpresa batean, berak bere bidea aukeratzen eta gustura aritzen bada horretan, inork ez dio omenaldi bat egiten, ez? Ez dakit merezi dugun edo ez, baina niretzat lana baino gehiago ohorea da txapela janztea. Jende askok adierazi dit pozik daudela txapela nik jantziko dudalako eta poz hori sentitzen duten guztien ordezko sentituko naiz han oholtzan. Lana baino gehiago plazer handi bat izango da. Badakizu zer den final nagusi batean kantatzea. 1986an eta 1989an finalista izan zinen. Nola gordetzen dituzu gogoan plaza horiek? Egun ona duzunean edo aldarte onean zaudenean, ederra da. Baina hirugarren puntua tolestatu ezinik eta ihes egiten hasten zaizunean, arrazoiak ezin aurkitu eta larri zabiltzanean, han harmailetan goian daudenak gainera erortzen zaizkizu. Jendeak azpian harrapatzen zaitu. 89an horrelako oroitzapen bat daukat. Alaba jaioberria zen, ospitalean zegoen arazo batzuk izan zituelako eta egoerak irentsi egin ninduen. Burua ez neukan finalerako eta bertsolariak oso kontzentratuta egon behar du. Dena den, ni ez naiz txapelketetan oso ondo aritu, motor txikikoa edo arnasa txikikoa izan naiz eta horrelako saioetan arnasa falta izan dut gehienean. Beste batzuk ikusi ditut lehiakor, edo kanpotik behintzat beste planta bat, beste egoteko modu bat; pazientzia, patxada, segurtasuna... Gogoan daukat txapelketako saio batean, Tolosan, Andoni Egañarekin ofizio bat egin behar nuela. Aulkitik altxatu eta esan nion, ‘beno, orain ikusiko diagu’. Eta Andonik esan zidan, ‘orain ikusiko diagu ez, orain ikusiko ditek’. Haren jarrera beste bat zen. Hor dago diferentzia, hark lau txapel eta nik aurtengo hau beste bati janzteko ohorea. Alegia, bertsolari denek ez dute balio txapelketarako. Irabazteko behintzat beste jarrera bat behar da, nik ez neukana. Batek baino gehiagok esan izan dit, ‘hik bertsolari hasiberri batekin kantatzen dukenean, haren mailan jartzen haiz. Eta eskarmentu handiagoko batzuekin ari haizenean, haien mailan’. Enpatikoegia banintz bezala, eta ez txapelaren bila doana. 89ko finalean erietxean zegoen alaba jaioberria zenuen buruan. Aitatasunaz ez da asko hitz egin bertsogintzan. Final hartan, gaia jartzen zidaten eta niri ez zitzaidan burutik joaten alabaren irudia. Egia da aitatasunaz ez genuela asko hitz egiten eta segur aski gizonaren rolak horrela behar zuen; gizonak ez du negar egin behar, gizonak gizon izan behar du... baina zer da gizon izatea, ba? Sentimendurik gabeko makina bat? Ni beti gogoratuko naiz 89ko finalaz, irudi horiek orain ere oso presente dauzkat. Baina ez da hori bakarrik. Gero saiora joan behar eta seme-alabak, txikiak, negarrez ez joateko esanez. Behin edo behin gertatu zait saiotik bueltan iluntzean etxera etorri, atea ireki etxera sartzeko eta ate atzean traban semea, pijamarekin seko lo. Goizeko ordu bietan han, aita noiz etorriko zain. Gogorra da aita izanda bertsolariaren ibilera hori eramatea. Txapelketan ikusten ari den bertso maila nabarmendu du Muruak. Jagoba MANTEROLA | FOKU Horri buruz ez da asko hitz egin publikoki. Orain ari naiz zurekin. Gure garaian niri bakarrik ez zitzaizkidan gertatuko gauzak hauek, baina egia da gure artean ez ditugula partekatu. Gure umeak tribuan hazitako umeak dira. Mendi irteeretan kuadrillakoen bizkarrean ageri dira argazki guztietan, aita falta zen, bertsotan zegoelako. Une hartako pena ez zait ahazten. Semeak behin puntua jarri zidan Zegamako saio batean, «aita bertsoetatik desapuntatu zaitez». Baina orain atzerako horrek ez dauka zentzurik eta iruditzen zait tribuan haztea ere interesgarria dela, alde horretatik gure umeek ez daukate gabezia nabarmenik. Gatozen aurtengora, Iruñera. Zein zortzikote ederra finalean. Bai, pozik nago. Inbidia puntua ere sentitu dut saioetan zer-nolako lanak egin dituzten, zer sorginkeria erakutsi duten, zein maila, hizkuntzarekin jolasteko nolako gaitasuna... harrituta nago. Gaiekin ere pozik nago, oso ausartak iruditu zaizkit, terreno berriak esploratzen ari denaren arriskuak hartu ditu gai-jartzaile taldeak. Terreno berriak esploratzen baita bertsolariak ere. Bai, lan handia egin da, ertz handiak eta asko ikusi ditugu. Belaunaldi aldaketa nabarmendu egiten da, Txirritaren garaian latina edo erdara asko sartzen zelako kexa zen. Oraingoek beste hizkuntza eta tresna batzuk erabiltzen dituzte. Gaurkotasunari heltzeko bakoitzak bere erremintak erabiltzen ditu. Azken finean bertsolaritza aspaldiko tradizioa da, baina aldiro berritzen doana, tradizio moderno bat dela esango genuke. Gaurkotasunik ez daukanarentzat ulertzea kostatu egiten da eta hor dago aldea. Nik dena ulertuko banu, zerbait gaizki egiten ari gara. Eta nik ere nire aldetik jarri behar dut zerbait gaurkotasun hori ulertzeko. Zortziak zure umeak balira bezala begiratzen dituzu. Oso gertukoak dira zuretzat. Ez dira nire umeak, baina bai, oso gertukoak. Hazten ikusi ditut. Konplikatu diet bizitza pixka bat, iruditzen zait jende gazteari bizitza konplikatu egin behar zaiola, ez txarrerako, baizik eta aukera eskainiz. Zu lanean ari zarela hor ondoan izan. Hala ere, nik ikasi gehiago egin dut haiengandik, zorionekoa izan naiz zentzu horretan, bai eskolan eta bai bertsogintzan gazteekin jarduteak eman didan irakaspena sekulakoa da. Zentzu horretan oso pozik nago, bertsolaritzan lortzen ari dena izugarria da, alderdi guztietan aurrerapen handia ematen ari da. Nafarroa Arenako oholtzan, urduri jarriko zara? Bai. Ni motor txikikoa naiz eta plaza handia da hori. Gero ez dut uste bertsorik kantatuko dudanik. Hain egun borobila ez nuke trakestu naiz. Urduritasuna, parkinsonak ematen duen ikara, emozio guztiak puntan... ez dakit egoera horretan bertsoa kantatzeko gai izango naizen. Ez diot uko egiten, baina ez nuke eguna desitxuratu nahi. Zer moduz zaude osasun aldetik? Ondo nago, pastillen mende. Horrela, mahaiaren babesean egoteko, ondo, baina mikrofono baten aurrean, zutik, horrenbeste jenderen aurrean, ez dut niri burua irudikatzen. Esan balidate derrigor kantatu egin behar dudala, segur aski kantatu egingo nuke. Baina esan didate ez daukadala kantatzeko obligaziorik eta ez noa nire burua arriskuan jartzera eta egun horretako aho zaporea aldatzera, deskuiduan irristadaren bat egingo banu edo. Unean erabakiko dut. Gustatuko litzaidake kantatzea, bertsolari bat hil arte kantuan aritzen da. Ametsetan ere pentsatu dut bertso hori ez dakit zenbat aldiz... ikusiko dut.