17 DIC. 2022 Plaza bat herri batentzat Ion Telleria Ezlekuan harrapatu ninduen final hark. Guardia Zibila bila etorri zitzaigun eta ezkutuan, ganbara batean kartzelari iskin egin nahirik. Hilabete neraman inor ikusi gabe eta gure herriaren berri izan gabe. Irratiak lainoen babesa zuenean soilik ekartzen zidan euskarazko frekuentziaren bat, eta zeru estali baten zain nintzen, final hartan nolabait egon ahal izateko. Iritsi zen finalaren eguna. Atarian oilasko bat. Inguruko parajeak zuri, elurrez, eta zerua estalita. Irratia piztu... eta bai! «Egun on dagizuela guztioi eta ongi etorri Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera». Uauuuu... Txapelketako saio batera sartzean orduko poza datorkit beti gogora. Poza baita bertsolari txapelketa niretzat, eta hunkitzea, eta melankoniaz negar egiteko gogoa, parte sentitzekoa. Zenbat behar dugun poz hori, parte sentitze hori. «Egun on» esan eta maiz, gehiegitan, «buenos días» edo «bonjour» erantzuten digun herri honetan. Gu ere mutur-oker uzten gaituen erantzuna; kexu eta ezinean azpimarra egitera garamatzana, behin eta berriz. Erabilerak behera egin duela eta gurea dela ardura. Hizkuntza bat dakienak ez duelako egiten galduko balitz bezala! Kaka zaharra! Hizkuntzak ez dira galtzen, hil egiten dituzte. Aspaldi esan ziguten beldurra bandoz aldatu behar dela, ardurak ere aldez aldatzea ez ote den komeni... Euskarak eta herri honek Bertsolari Txapelketarena bezalako plazak behar ditu; ase, oso eta kide sentiaraziko gaituztenak. Mendeko edo bazterreko biziarazten gaituen gizarte honetan lasai, zentro eta eroso sentiaraziko gaituztenak. Lehen mailako plaza bat, konpromiso ariketarik gabe, plazer hutsez beteko dugun plaza. Goza dezagun. •