23 DIC. 2022 PANTAILA TXIKIAN 2022ko telesailik onenak Urtea amaitzear den honetan, pantaila txikiaren arloan lehenengo ondorio argia atera dut: Netflixen eduki eskaintzak gainezka egiten duen arren, gero eta zailagoa da bertan kalitate goreneko telesailak aurkitzea. Eskaintza interesgarriekin topo egiteko aukera askoz gehiago dibertsifikatu da gainerako plataformetan. Bigarrenik, Apple tv+-ren kalitate gorakada nabarmena. Honako zerrenda 2022an estreinatu diren telesail berriekin osatu dut. Ez larritu, beraz, «Better Call Saul», «The White Lotus», «Euphoria», «The Boys» edo «Stranger Things» ikusten ez dituzulako. «In my skin», 2022ko telesail onenetako bat. (FILMIN) Gaizka Izagirre Somebody Somewhere HBOMAX Bizitzari aurre egiteko (ia) ilusio gehienak galdu dituen 40 urtetik gorako emakume baten begietatik (Sam), bakardadeari, etsipenari eta frustrazioari buruzko erretratu zoragarria marrazten duen telesaila da honakoa, guztia pertsonaien irribarre ahaltsuekin bustia. Pertsonaia horiek bizitzak ez dituela merezi duten moduan tratatu sentitzen dute, eta telesaila maisuki mugitzen da komedia eta dramaren artean, ikusleari etengabe irribarreak zein malkoak ateraz. Zergatik ikusi beharko zenuke proposamen hau? Hasteko, Bridget Everett-en interpretazio lana zoragarria iruditu zaidalako, hunkigarria eta dibertigarria aldi berean. Iraupen laburra duten zortzi ataletan hainbat gai mahaigaineratzen du: homofobia, alkoholismoa, depresioa, gutxiengoentzako gune seguruak sortzearen garrantzia, AEBetan hiri handietatik deskonektatuta bizitzeak eragiten duena, erlijioak gizartean duen eragina, iragana onartu eta bizirik irauteko beharra, edo espero ez zenuen adiskidetasun harremana sortzea zeinen zoragarria izan daitekeen. Foku mediatiko eta marketin kanpaina guztietatik at geratu den ekoizpen txiki hau harribitxia iruditu zait. In My Skin Filmin Kayleigh Llewellyn-ek sortutako komedia dramatiko beltza da, familiako bizitza disfuntzionala isilpean gorde nahi duen nerabe baten bizitza gogorra azaltzen duena. Bethan da protagonista, bere bizitza familiarra lagunei zein irakasleei ezkutatzen dien neska galesa. Guztiei gauza bera esaten die: aita funtzionarioa dela eta amak giza baliabideen departamentuko enpresa batean lan egiten duela. Baina Bethanen errealitatea oso bestelakoa da, familia egoera jasanezina baita oso. Telesail gazi-gozoa da, “coming-of-age” generoaz baliatuz komedia eta dramaren artean mugitzen baita une oro, eta ikusleari familia egoera guztiz lazgarria helaraztea lortzen du. Gidoi mailan bikaina iruditu zait, eta ikus-entzunezko lengoaiari dagokionez ere nabarmentzen dena; une jakin batzuetan laugarren horma hausten du protagonistak, eta bere pentsamenduen off-eko ahotsarekin batera oso ondo erabiltzen den baliabidea da, telesailari ñabardurak eta sakontasuna ematen dizkiona. This Is Going To Hurt Movistar Odola, mina eta malkoak. Iruzkin hau hasteko aukeratu ditudan hitzak kontuan izanda telesail beliko bati buruz ari naizela dirudien arren, ospitale publiko bateko obstetrizia eta ginekologia sailean mediku lana egiten duen gure protagonistaren bizipenei buruz ari naiz. Hain estresagarria da telesailak transmititzen duen egunerokoa, ezen umore oso beltza duen komedia izateaz harago, thriller frenetiko bat dirudien. Ben Whishaw-k Adam gorpuzten du. Mediku egoiliarra da eta bere bizitzak infernu iraunkorra dirudi. Ospitale bateko erditze eta ginekologia hegalean egiten du lan, eta burdinazko eskuarekin gobernatzen du zuzendari oso zorrotz batek. Protagonistaren une emozional bortitzenetan, laugarren hormaren haustura tartekatzen da, alegia, pertsonaiak zuzenean ikusleari hitz egiten dio, eta modu honetan sortzen den konplizitatea istorioaren euskarrietako bat bilakatzen da. Ahaztu “House”, “Greys Anatomy” eta tankerako mediku telesail konbentzionalak. Oso gutxitan ikusi eta bizitako sekuentzia estresagarriak, gogorrak, dramatikoak eta, noski, baita zoriontsuak ere pantailaratu baitituzte Lucy Forbes eta Tom Kingsley sortzaileek, guztia gainera, umore (oso) beltzez bustia. Egoera horiei ezinezko ordutegiak dituzten lanaldi amaigabeak gehitzen badizkiegu, lo faltaren edo nekearen erruz harturiko erabaki txarrak, une surrealistaz beteriko istantak biziaraziko dizkigute. Lan mota honetan gertatzen dena kontatzeaz gain, arrazakeria, lan prekaritatea eta gizarte britainiarreko gai polemiko gehiago ere salatzen ditu; erditzea normaltasunez garatzen ez denean sortzen diren albo-kalteak adibidez. Slow Horses Apple tv+ “Slough House” -zingirako etxea- Londresko kale ilunenetan ezkutatuta dagoen bulego baten izena da. Ezkutatuta, MI5ekoa delako (barne segurtasunaz arduratzen den Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzua), eta “zingira” ezizena, bertako langileak aurreko misioetan porrot egin zuten agenteak direlako, lehen mailako eginkizunetatik baztertuak izan diren agenteak, egoera prekarioan ari direnak. Talde horren burua Jackson Lamb dugu, itxura kaskarrekoa, zikina, jasanezina, alkoholikoa, manipulatzailea, baina baita gupidagabea eta oso eraginkorra ere, Gary Oldmanek maisuki gorpuzten duena. Talde supremazista batek gazte pakistandar bat bahitzen duen unean hankaz gora jarriko du Zingira eta, noski, Britainia Handiko inteligentzia zerbitzua. Hortik aurrera, akziozko espioitza thrillerren osagarriak erabiliz eta ironia zein umore beltz pintzelkadak, saguaren eta katuaren arteko jokoan murgiltzen gaituen telesail adiktibo bat aurkituko duzu. Ezin da alde batera utzi “Slow Horses”-ek inteligentzia agentzia britainiarrari jaurtitzen dion dardo zehatza eta pozoiduna, eskuin muturreko taldeekin dituen lotura zuzenak edo zeharkakoak eta bere helburuak lortzeko nola erabiltzen dituen erakutsiz. Black Bird Apple tv+ “Mindhunter” edo “True Detective”-ren erako proposamenak gustuko badituzue, adi izenburu honi. Premisa zentzugabea dirudien arren, benetako gertaeretan oinarritzen den telesaila da honakoa. Jimmy Keene (Taron Egerton) droga trafikatzaileari hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote. Kartzelan sartu eta hilabete gutxira, ordea, bi aukera proposatuko dizkiote: lehena, dagoen tokian jarraitu eta hamar urteak oso-osorik betetzea; bigarrena, aske utziko dute, baldin eta segurtasun goreneko espetxe batean sartu eta Larry Hall ustezko serieko hiltzailearen lagun egiten bada. Zertarako? Hainbat hilketaren aitortza lortzeaz gain, neska batzuen gorpuak non lurperatu dituen jakiteko. Generoaren ezaugarri den polizia ikerketa ere topatuko duzu jakina, baina Dehanek zehaztasun milimetrikoz idatzitako elkarrizketetan oinarritutako thrillerra da. Telesailaren zimenduak Jimmy eta Larryren arteko elkarrizketetan ezartzen dira -“Mindhunter” telesail bikainarekin gogoratzea saihetsezina da- eta bien arteko harremana katuaren eta saguaren arteko jokoa bilakatu den arren, bietako batek bakarrik daki jolasten ari direla. Station Eleven HBOMAX Artea da guztiz kolapsatu den mundu baten euskarri nagusia, eta kultura, pandemia batean bizirauteko ezinbesteko elementua. Hori da telesail berezi, poetiko eta eder honek utzitako mezu garrantzitsuetako bat. Bi denbora tarte erabiliz -pandemia iristen den unea eta 25 urte geroago- mundu postapokaliptiko baten ikuspegi berritzailea aurkezten digun ekoizpena da, zeinetan, honelako narratibetan ohikoa izaten denaz beste, indarkeria ez den planetaz jabetu. Tartean, pertsona sorta paregabea eraiki du Patrick Somerville sortzaileak. Haien garapena zoragarria iruditu zait, behar den denbora hartzen baitu ezagutu eta ulertu ditzagun. Une batzuetan, “The Leftovers” gogorarazi dit, eta hori asko esatea da. Monster: The Jeffrey Dahmer Story Netflix Milwaukeeko munstroaren istorioa azaltzen duen telesail ilun eta deserosoa. AEBetan, 1978-1991 artean, Jeffrey Dahmer izeneko serieko hiltzaile honek burutu zituen hilketa beldurgarriak ardatz dituena. Gaizkia pertsonaien bidez erretratatzea lan liluragarria iruditu izan zait beti. Ikusle modura, benetan existitu den (ala ez den) pertsonaia ilun eta beldurgarri baten garapenaren testigu izatea itzela iruditzen zait, baina baita arriskutsua eta oso zaila ere. Hamar ataletan horrelako munstro batekin enpatia sentituz gero, eremu oso ilunetan sartzeko aukera egongo litzateke zuzendarien aldetik eta moralki zalantzagarria izango litzateke trataera hori. Aldiz, lehen segundotik pertsonaia hori nazkagarria eta jasanezina egiten bazaigu, ez genituzke bi atal ere iraungo telesaila ikusten. Ryan Murphy-ren abileziarik handiena justu erdibidean kokatu izana da; hau da, pertsona mespretxagarri, ilun eta oso krudela dela une oro erakusten duen arren, bere gizatasunaren zertzelada txiki batzuk ere erakusten dizkigu -aitarekin duen harremana, garai hartan homosexuala izateak zer zekarren, bizi izan zuen bakardadea…-, eta bien arteko konbinazioari esker sortzen den enpatia (oso-oso) txikiaz lagunduta, guztiz eramangarria egiten du telesail osoa. Nabarmentzeko beste alderdia biktimei eman dien ahotsean datza. Hiltzailearen eta biktimen erradiografia txundigarri horien artean, kritika nahiko zuzen eta garbia tartekatzen da: ikerketa polizial hutsal eta tamalgarriaren gainean suma daitekeen homofobia eta arrazismoaren kiratsa. Pachinko Apple tv+ Istorioak XX. mendean zehar mugitzen gaitu Koreak Japoniaren inbasioan bizi izan zuen errealitatearen zati bat ezagutarazteko. Sunjaren begietatik egiten du bidaia hori, 1920ko hamarkadan hasi eta 1989ra arte. Testuingurua hain zabala izanda ere, tonua nahiko intimista da. Debekatutako maitasun batekin hasten den istorio epiko eta intimoa kontatzen du, Korearen, Japoniaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean bidaiatzen duen kontakizun bihurtu arte; gerra eta bakea, maitasuna eta galera… era guztietako osagarriak topatuko dituzu telesail honetan. Hau guztia oso interesgarria izanik ere -are gehiago gertaera historiko horien inguruan dugun ezjakintasuna kontuan hartuta-, gaia ez da telesail honen bertuterik handiena; urteko telesail onenetarikoa bihurtzearen arrazoi nagusia, kontatzeko modua da, historia hori, intimoa eta orokorra aldi berean, nola pantailaratu duten alegia. Testuinguru horretaz baliatuz, belaunaldi oso baten erretratua egiten du, beren seme-alabak eta bilobak aurrera ateratzeko sufritu eta ahal zuten guztia egin zuten emakume korearrena. Melodramarako joera duen garaiko drama bat bezala definituko nuke. Familia baten exodoaren eta identitatearen erretratua da, batez ere arbasoen kultura menderatu, mespretxatu, galdu eta erbesteratu denean. Muntaia lan paregabeaz baliatuz, paraleloan kokatzen ditu gertaera guztiak, denboran etengabeko jauziak eginez. Hauek, nahasgarriak izan beharrean, ezinbesteko bihurtzen dira osotasuna hobeto ulertzeko, iraganaren eta orainaren arteko oihartzunak etengabe entzuten baititugu, eta batak bestearekiko duen eraginaz kontziente gara. Atalak igaro ahala, solte geratzen diren hariak lotzen ditugu eta narrazio sendoari esker une emozionalak eta estetikoak biderkatu egiten dira. The Bear Disney+ Goi sukaldaritzaren alorrean eta munduko jatetxerik onenean lanean ari den chef gazte batek bere karrera eta anbizioak bazterrean utzi beharko ditu, Michael anaiak bere buruaz beste egin ostean, Chicagora itzuli beharko duelako, bere familiaren jatetxe txikia aurrera eramateko: “The Original Beef of Chicagoland”, auzoko sandwich jatetxe xume bat. Nortasun ikaragarria duen eszenaratzea erabiliz, auzoko sukaldaritzaren aldeko apologia bikaina iruditu zait telesaila, eta argumentuak pertsonaiak bere barne mundua sukaldaritzaren bidez nola berregiten duen erakusten digu. Jatetxe baten barruan gerta daitezkeen gorabeherak fisikoki eta mentalki kontrolatzeaz gain, anaiaren suizidioak dakarren kudeaketa emozionala ere presente egongo da une oro. Era honetako negozio baten alde argitsu zein ilunak erakusteko ahalegin hori erreminta zinematografikoen bidez ere ezin hobeto gauzatzea lortu dute. Aparta! Severance Apple tv+ Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi? Mark Scout-ek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude eta beraien oroitzapenetan lan eremua eta bizitza pertsonala guztiz bereiztea eragiten du. Alegia, lanean ari diren bitartean ez dute bizitza pertsonaleko ezer oroitzen, ezertxo ere ez; ez dakite non bizi diren, familiarik duten ala ez, edo zoriontsu ala triste bizi diren, esaterako. Lantokiko ateak gurutzatu eta bizitza pertsonalera bueltatzen direnean, aldiz, alderantzizkoa gertatzen da. Badakite fisikoki non egiten duten lan, beraiek hala nahi dutelako baitoaz bertara, baina ez dakite zer lan mota egiten duten, zeintzuk diren lankideak, lana gorroto duten ala ez eta abar. Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka makabro eta harrigarri honetan kokatzen den esperimentu ausart hau zalantzan jartzen hasten den unean, ordea, Mark misterioz beteriko espiral batean murgilduko da. Gai eta istorio original honi, gainera, Ben Stillerrek maisuki zuzentzen duen lehen mailako aktore zerrenda gehitu behar zaio: Adam Scott, Patricia Arquette, Dichen Lachman, John Turturro edo Christopher Walken. Estetika ere txundigarria iruditu zait. Erakargarritasun nagusietako bat Stillerrek mikromundu bat sortzea lortu izana da. Departamentu bakoitza ekosistema propioa da, eta bertan barne iraultzak, liskarrak eta ustekabeko adiskidetasunak ere gertatzen dira. Guztia da hain aseptikoa, hain txukuna, hain garbia, hain zuria, baina era berean jariatzen duen lurrina hain dago faltsukeriaz betea eta hain da artifiziala, ezen ikusle gisa oso deseroso sentiarazten zaituen, aztoragarria izateraino. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia.