23 DIC. 2022 HISTORIA LURPEAN Gorpuak, tenpluak eta perretxikoak Erromako lur azpiko labirintoan Erromako Appia Anticako harrobiko 35 kilometroko lurpeko galeriak birgaitu egin dituzte eta bisiten bidez ezagutu daiteke haren historia luzea. Tenpluak, hilobiak edo perretxiko haztegia kokatu izan dira bertan. Via Appia Antica antzinako Erromako galtzada garrantzitsuenetariko bat. 3.500 hektareako parkeko ibilbidean mausoleoak, katakonbak, hilobi-monumentuak edo villen hondarrak ikus daitezke oraindik. (e55evu | GETTY IMAGES) Raul Martinez Mendo (Efe) Erromako kaleen azpian, 15 metroko sakoneran, esklaboek zulatutako labirinto ilun bat dago. Bi mila urtez betiereko hiriarentzat baliagarri izan da harrobi, hilerri, tenplu edo perretxiko haztegi gisa, eta orain jakin-mina duen orok oinez edo bizikletan bisitatu dezake. Hainbat hamarkadatan abandonatuta eta hondatuta egon ondoren, Erromako Lurpeko Bideen Elkarteak berreskuratu eta birgaitu egin ditu Appia Anticako harrobian lurperatuta zeuden 35 kilometroko galeriak. Harrobi zaharrean era guztietako jarduerak gauzatu izan ziren, 1985ean itxi zen arte. Milaka urteko bizitza, gaur egun, hedapen historikorako berreskuratutako hainbat gunetan gogoratzen da, eta mota guztietako jendearentzat bisita gidatuak antolatzen dira. «Labirintoa» historia handiko lekua da, misteriotsua, iluna eta galeriaz betea. Guk beti izan dugu argi espazio honen potentziala», zehaztu zuen Alfonso Diaz elkarteko presidenteordeak. Appia Anticako harrobian bisitariak iraganera bidaiarazten dituzten espazioak daude, hala nola mitraismoaren tenplu berregin bat -Inperioaren garaian Erromara iritsi zen erlijio bat da-, edo Bigarren Mundu Gerran erabilitako aireko babesleku bat. Dibulgazioaren alderdiaz harago, jarduera ludikoak ere garatzen dira, hala nola linternen argipean bizikletaz egindako txangoak, antzezlanak, kontzertuak edo Antzinako Erromaren historian oinarritutako «escape room» bat, guztiak ere harrobiko pasabideen iluntasun misteriotsuak babestuak. Hain zuzen ere, askok «Labirintoko» iluntasunean betiko atseden hartzeko leku bat aurkitu zuten. Izan ere, heriotza ere pasabide horien nortasunaren parte da. Zuzenean lotuta daude Pretextatoko katakonbekin, non milaka pertsona lurperatuta dauden. Hain zuzen ere, 750.000 hilobi baino gehiago pilatzen dira Erromako katakonbetako 170 kilometro tuneletan zehar, lur azpiko hilerri handi batzuetan. Han lurperatzen zituzten lehen kristauek beren hildakoak, erlijio hau jazarria zegoen garaian. Baina ez dira soilik kristauen aztarnak aurkitu galerietako hormen artean lurperatuta. «Labirintoko» pasabideak induskatu zituzten esklabo askoren bizitzak ere bertan amaitu ziren, baita erabateko iluntasunean noraezean ibili ziren eta inoiz irtenbiderik aurkitu ez zuten pertsonen bizitzak ere. Halere, bizitzaren loraldia ere bultzatu zuten hango hezetasun eta tenperatura baldintza egonkorrek: XX. mendean txanpiñoi haztegi bat kokatu zuten bertan. Horixe izan zen harrobiak izan zuen azken erabilera handia, hiru hamarkada inguruko ahanzturan erori aurretik. «Harrobiaren sarrera sasiz beteta eta landarediaren artean ezkutatuta zegoen, eta barrura iristeko, Indiana Jonesen film batean bezala, matxetekadaz egin behar izan genuen bidea», azaldu zuen Diazek. «Labirintoa» hiriko birika berdeetako bat den Caffarella parke erromatarraren erdian kokatzea lagungarria izan da antzinako tunelak gaur egunera arte mantentzeko, baina milaka urtetako horma horiek jasan duten utzikeriak eragin nabarmena izan du. Erromako Lurpeko Bideen Elkartekoak arduratu dira egitura indartzeaz, luiziak saihesteko. Izan ere, ohikoak dira eremu horretako jarduera sismikoarengatik eta Caffarella parkearen gainazala zeharkatzen duten errekastoetatik iragazten den uraren eraginagatik. Hori dela-eta, bisitariek ezin dute tunel batzuetan sartu, azken hamarkadetan eraitsi egin baitira eta honezkero ez baitira seguruak publikoarentzat. Galeria sare luzea mantentzeaz Erromako elkartea osatzen duten boluntarioak arduratzen dira. Publiko orokorrari 15 euroren truke eskainitako bisita gidatuei esker sostengatzen da. «Bisitei esker, espeleologiari buruzko gure ikerketekin jarrai dezakegu, eta, etorkizunerako, lurpeko bideen museoa sortzea da gure asmoa», azaldu du lehendakariordeak. 750.000 hilobi baino gehiago pilatzen dira Erromako katakonbetan, 170 kilometroko hedapena duten lurpeko tuneletan zehar. (Frank BACH / GETTY) ERROMAKO HISTORIAREN ARDATZA, UNESCOREN ZERRENDARAKO HAUTAGAI «Labirintoa» izena hartu duen harrobiaren gainetik Via Appia Antica igarotzen da, antzinako Erromako galtzada garrantzitsuenetariko bat, dudarik gabe zaharrena eta ospetsuena. Via Appia Antica parkeak 3.500 hektarea ditu. Duela 2.300 urte eraiki zuten erromatarrek Inperioaren erdigunea Ekialdeko atearekin lotzeko, Brindisiko portuan, Inperioa hedatzeko bidean. Orain Italiak haren ospea berreskuratu nahi du, Unescoren ondarearen zerrendan sartzeko. «Ez zen bakarrik konkista bidea izan, menderatutako herrietan bizimodu eta kultura erromatarra zabaltzeko bidea ere izan zen», azaltzen dute agintariek. Bere ibilbidean mausoleoak, katakonbak, hilobi-monumentuak edo villen hondarrak ikus daitezke oraindik. K.a. IV. mendean eraiki zuten, Errepublikaren garaian, Apio Klaudio Zentsorearen aginduz; hortik izena. Hiriko lehenengo akueduktua eraikitzea ere berak agindu zuen. Hasiera batean Capuaraino iristen zen bidea baino ez zen, Italia barruan lehenengo konkistak sustatzeko. Erromak bere boterea zabaldu ahala Via Appia ere luzatzen hasi zen, K.a. 191n Brindisira iritsi arte. Bide estrategikoa eta Inperioaren ardatza bihurtu zen eta haren inguruan villak, hilobiak eta mota guztietako monumentuak eraiki zituzten. Inperioa erori zenean denbora luzez erabili gabe geratu zen eta Erdi Aroan pelegrinaje bide izan zen. Brindisi berriro ate bihurtu zen, baina oraingoan kristauen Lur Santurako. Errenazimentuan, mundu klasikoa berpiztu nahian berreskuratzeko lanak hasi ziren. Gerora, beste gertaera batzuen lekuko izan zen. Fosse Ardeatine mausoleoan, 1944an gertatu zen sarraskian hildakoak omentzen dira. Alemaniako okupazio tropek bertan exekutatu zituzten 335 zibil, judu eta preso politiko, ausaz aukeratuak, partisanoek eraso batean hil zituzten 33 soldadu alemaniarrak mendekatzeko. Appia Anticako harrobian bisitariak iraganera bidaiarazten dituzten espazioak daude, hala nola mitraismoaren tenplu berregin bat edo II. Mundu Gerran erabilitako babesleku bat Pasabide horiek induskatu zituzten esklabo askoren bizitzak bertan amaitu ziren, baita erabateko iluntasunean inoiz irtenbiderik aurkitu ez zuten askoren bizitzak ere