GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Caoimhghín Ó Caolain
Sinn feineko historikoa

Caoimhghín Ó Caolain: Tsunami bihurtzeko aukera duen olatu baten lehen tanta errepublikanoa

Caoimhghín Ó Caolain ekintzaile errepublikanoarekin hitz egiteak, Irlanda osoan, hegoaldean ere bai, Sinn Feinek duen arrakasta ulertarazten du.

Caoimhghín Ó Caolain ekintzaile errepublikanoa. (GAUR8)

Aurreko asteburuan bildu den Sinn Feinen batzar nagusiaren (Ard Fheis) inguruan, Caoimhghín Ó Caolain elkarrizketatu du Gaur Zortzik, Irlandako errepublikako parlamentuko kide ohia. Ibilbide politiko luzea duen aktibista dugu. H blokeen aurkako kanpainako hauteskunde zuzendari gisa hasi zen, eta 1981ean Kieran Dohery gose grebalaria Dublingo parlamenturako aukeratua izatea lortu zuen. Bide batez, 1982 eta 1985 urteen artean An Phoblacht astekari errepublikanoa zuzendu zuen.

1997tik 2020ra arte, Cavan-Monaghan hauteskunde-barrutitik, Irlandako Parlamentuko legebiltzarkidea izan da Ó Caolain. Urte hartan lortutako garaipenari esker, Sinn Feinek 1957tik Dublingo Parlamentuan zuen lehen hautatua bilakatu zen, eta 1922tik, kargua hartzen zuen lehena. Bere hautaketa alderdia Irlandako errepublikaren politika instituzionalean sartzeko lehen urrats bezala hartzen da.

Lehenengo galdera zure osasunaren inguruan behar du izan. Oker ez banago bihotzeko ebakuntza egin baitizute. 70. urtebetetzea ospatzeko modu bitxia…

Hala da, ez da lehenengo ebakuntza, baina bai orain arte izan dudan larriena. Oraingoz errekuperazioa ondo doa, Ard Fheisera joateko modukoa.

Kokatu al ditzakezu irakurleak, Cavan-Monaghango hauteskunde-barrutia Irlandako mapan, eta Irlandako politikarentzat duen garrantzia?

Monaghan eta Cavan konderriak mugako konderriak deitzen direnetako bi dira, eta Ulster probintzia historikoan "Irlandako Errepublikaren" parte diren hiru konderrietako bi dira. Belaunaldiz belaunaldi, mugako konderrietako errepublikanoek oso paper garrantzitsua jokatu dute gure uhartea eta bertako jendea banatzearen aurkako borrokan.

Gogoratzen duzu noiz izan zen lehen aldia, konturatu zinena uhartea zure etxetik kilometro batzuetara banatzen zuen muga bat zegoela?

Gaztetatik jabetu nintzen mugaz. Nire bizitzaren zatirik handiena mugatik sei kilometro eskasera hazi eta bizi izan dut, horrek Ostiral Santuko Akordioa sinatu aurreko garaian suposatzen zuen guztiarekin. Britainiar armadaren erasoaldiak, kontrolak, atzerapenak eta larderiak, eta mugaren beste aldean tokian-tokian errekrutatutako polizia armatuaren ekintzak, armadako erregimentuenak ahaztu gabe. Horri gehitu behar zaizkio indar britainiarrek errekrutatutako eta zuzendutako paramilitarrak, 1974ko maiatzaren 17an, beste ekintza batzuen artean, Monaghan hiriaren erdigunean leherketa bat eragin zutenak. Horren ondorioz, zazpi pertsona hil ziren.

Esango zenuke familia errepublikano batetik etortzeak bultzatu zintuela politikan buru-belarri sartzera?

Egia bada nire familia errepublikanoa zela, nire amaren lehengusu bat IRAko boluntarioa izan zen, 1957ko urteberriko egunean ekintza batean hil zena. Baina ni gaztea nintzenean, senide batzuek Sinn Feinen alde egiten bazuten ere, ez ginen Sinn Feinen aldeko familia bat. Hori erabaki pertsonala izan zen, eta, horren ondoren, nire familia hurbilenak nire urratsak jarraitzea bultzatu eta lortu nuen.

Zerk bultzatu zintuen mugimendu errepublikanoan sartzera, oso ezaguna ez zen garai batean? Irlandan langabezia-tasa oso altua zen garaian banku batean lan segurua zenuenean, gainera…

Long Kesh eta Armagheko kartzeletako protestak eta 1980ko eta 1981eko gose-grebak. Dudarik gabe. Nire adin bereko emakume eta gizonek Irlandan britainiar gerra-makineriari aurre egiteko behar zen determinazioa erakutsi zutenean. 1982an dimisioa aurkeztu nuen bankuan, eta denbora osoko lana hartu nuen mugimendu errepublikanoarentzat. Nire lehen ardura An Phoblacht/Republican News astekariko zuzendari nagusi izatea izan zen. Postuari eutsi nion 1985ean Monaghan konderriko udal gobernuan zinegotzi hautatu ninduten arte.

Bobby Sands mundu mailako pertsona ezaguna da, baita 1981eko gose-greban bera Westminsterreko Parlamenturako aurkezteko kanpaina ere, baina ez da oso ezaguna beste preso politiko eta gose-grebalari bat, Kieran Doherty, Dublingo Parlamenturako hautatua izan zena hil baino lehentxeago. Eta uste dut bidezkoa dela hautagaitzaren horretan izan zenuen paper garrantzitsua aipatzea. Nola gogoratzen duzu aldi hori?

Kieran Dohertyren kanpainaren zuzendaria izan nintzen 1981eko Dublingo Legebiltzarrerako hauteskunde orokorretan, oraindik bankuan lanean ari nintzela. Ez dut uste bankuko nire nagusiek oso pozik hartuko zutenik! Ulsterko bi konderriko hauteskunde-barrutia den Cavan eta Monaghango jendeak aukeratu zuen legebiltzarkide Kieran Doherty, Belfasteko gazte errepublikanoa. Oso garai zaila izan zen. Kieran Long Kesheko kartzelan hil zen 1981eko abuztuaren 2an, 73 eguneko baraualdiaren ondoren. Ohore handiz irakurri nuen otoitza bere hilobiaren ondoan, Milltown hilerrian, Belfast mendebaldean.

Zure aldetik, 1984ko eta 1989ko Europako hauteskundeetarako hautagaia izan zinen, eta 1987, 1989 eta 1992an Dublingo Legebiltzarrerako hauteskundeetan ez zenuen hautatua izatea lortu. Baina, azkenik, 1996an, Sinn Feinek 1957tik Dublingo Parlamentuan zuen lehen hautatua bilakatu zinen, 1922tik kargua hartzen zuen lehena, gainera. Nolatan? Nola iritsi zinen hautagai izatera, eta eserlekuan eseri zinenetik nolakoa izan zen lana?

Beti izan da talde lana. Ni hautagaia nintzen, baina arrakasta izateko aparteko determinazioa zuen batzorde bateko kidea baino ez nintzen. Kontuan izan behar da bai 84 eta 89ko Europako hauteskundeak, eta baita 87, 89 eta 92ko hauteskunde orokorrak ere, zentsura giroan eman zirela. Testuingurua beso bat bizkarrean lotuta duen borroka gisa deskribatzea motz geratzen da. Urte luzez, Sinn Feinek abstentzio-politika aldarrikatu zuen bi parlamentuetan, iparraldean eta hegoaldean. 1986an politika hori bertan behera utzi zuen alderdiak Dublingo bere Ard Fheis-ean, eta erabaki horrek zatiketa eragin zuen mugimenduaren barruan. Hala eta guztiz ere, ordutik aurrera hautagairen bat Dublingo Parlamenturako hautatua izatea lortuz gero, bere eserlekua hartu eta bilkuretan parte hartu ahal zuen, eta, horrela, agenda politiko benetan errepublikanoa aurkezteko aukera zuen. Bederatzi urte igaro behar izan ziren 1997an egoera hori gertatu arte, baina ordutik politikan ezer ez da gauza bera izan uharte honetan.

Aipatzen duzun zentsuraren inguruan, uste duzu 1994an Sinn Feineko kideen ahotsak Irlandako errepublikako irrati eta telebistan entzuteko debekua kentzea faktore erabakigarria izan zela Sinn Feineko parlamentari oldeari ateak irekitzeko orduan?

Egia esan, Hedabideen Legetik 31. atala kentzea elementu garrantzitsua izan zen ni 1997an Sinn Feinek parlamentuko kide bakar gisa aukeratu ninduenean. Aurreko hauteskundeetan zentsurak eragotzi egin zuen nire hautesleengana hurbiltzea edo beste hautagaiekin hauteskunde-eztabaidetan parte hartzeko aukera. Telebistan zein irratian. Orduan, hautesleek aukera zuten gure proposamenak ebaluatzeko eta erabaki bat hartzeko, eta horren arabera, beharrezko informazioa izateko. Nire hautagaitza bozkatuena izan zen barrutian 1997ko hauteskunde orokorretan.

Egia al da Irlandako parlamentuko kide gisa lanbide arteko batez besteko soldataren baliokidea baino ez zenuela jasotzen, legebiltzarkide gisa gainerako soldata alderdiari emanez?

Urte askotarako, bai. Baina politika hori arindu egin zen duela urte batzuk,. Hipoteka bat eta bost alaba nituen hezteko.

Irlandako politika kanpotik jarraitzen dutenei harridura sortzen dien elementu bat Irlandako gerra zibilaz geroztik alderdi bakoitzetik sortu ziren bi alderdiak, Fianna Fáil eta Fine Gael, boterean txandakatu izana da, eta are bitxiagoa bada ere, orain koalizioan gobernatzen dute. Nolatan?

Hamarkadak igaro ahala, Irlandako historiako garai tristeenetako bat izan zen gerra zibilaren urteetatik, bi alderdi horiek jarrera politiko gero eta antzerakoagoak hartu dituzte. Nire bizitza politiko gehienean ez da desberdintasun politiko esanguratsurik egon Fiana Fáil eta Fine Gaelen artean. Biek eskuinera jotzen dute boteretsuenen laguntza lortzeko lehian, eta hori lortzeko lehian jarraitzen dute. Gaur egun ez dago itxurazko desberdintasunik haien artean. Eta egungo koalizioari buruz, ezohiko ezkontza zen, baina Sinn Fein gobernutik kanpo mantentzen zutela ziurtatzeko konfiguratu zen. Etorkizun hurbilean aurre egin beharko diote horri.

Lehen esan dugun bezala, Sinn Feineko lehen diputatu hautatua izan zinen, baina 2020an erretiratu zinenerako beste 22 kide zenituen. Azken hauteskundeetan 37ra igo zen kopurua, eta hurrengo hauteskundeen ondoren, aurreratzen ez badira 2024aren amaierarako izango direnetan, ez dirudi ezinezkoa denik Sinn Fein Dublingo parlamentuan ordezkaritza handiena duen alderdia bilakatzea. Ez dago batere gaizki. Zure ustez, zergatik bihurtu da hain ezaguna alderdia boto-emaileen artean, iparraldean zein hegoaldean?

Zalantzarik gabe, hazkunde esanguratsua izan da. Nire ustez, gure hautetsiek, Irlanda osoan zehar, bai Dublingo Parlamentuan, bai Stormonteko Batzarrean, eta baita herri mailan ere, beren lanarekin lagundu egin dute babes hori handitzen. Baita alderdiko kideek ere 32 konderrietan zehar. Horiek guztiek konpromiso handia dute, eta hautesleek osatuta ikusi nahi duten hauteskunde-plataforma bat antolatzeko gai dira. Eta uste dut ikusiko dutela.

Sinn Feinek azaroaren 10ean eta 11n egin du Ard Fheis, udaberrian egin ohi den ekitaldia, baina Europako Parlamenturako hauteskundeak eta Irlandako errepublikako tokiko hauteskundeak gertu daudenez, badirudi alderdi guztiek egutegia aldatu behar izan dutela. Zein izan da aurtengo gai nagusia?

Aurten, pandemiaren etenaldiaren ondoren, bi eguneko Ard Fheisera itzuli da. Etxebizitza, hezkuntza eta gizarte justu eta berdinagoa lortzeko beharrezko neurriak izan dira gai garrantzitsuenak. Gure herriaren eta bertako jendearen bateratzera bidean orain egin behar diren urratsek ere ekitaldiaren zati handi bat hartu dute. Eta, jakina, herri palestinarraren aurka egiten ari diren sarraskia izan da nazioarteko atalaren gune nagusia. Palestinar herriak Palestina aske batean duen autodeterminazio eskubidea aho batez berretsi da.

Zure ustez, zein izango da eztabaidagai nagusia Irlandako hurrengo hauteskundeetan?

Irlandako hautesleek, eta bereziki boto-emaile gazteenek, benetako aldaketa nahi dute. Konfiantzazko ordezkariak nahi dituzte. Etxebizitza eskuratzea eskubide bat izatea nahi dute; osasunerako sarbidea premian oinarritu behar da, eta ez bakoitzak ordaintzeko duen gaitasunean; gutxieneko bizi-maila bat beharrezkoa da herritar guztientzat, eta, azkenik, hezkuntza-maila guztietan aukera-berdintasuna egin behar da guztiontzat, adingabekoentzat, gizonentzat eta emakumeentzat, ahalik eta ahalbide handiena lortzeko aukera izan dezaten.

Eskuin muturreko alderdiak gorantz doaz Europa osoan, eta kasu batzuetan, Alemanian esaterako, alderdi faxistak dira, argi eta garbi. 2019ra arte Irlandak joera horretatik kanpo zegoela zirudien, baina badirudi birus horrek Irlandako gizartea ere kutsatu egin duela. Hurrengo hauteskunde lokaletan eta orokorretan ordezkaritza lortuko dutela uste duzu?

Zoritxarrez, Irlandako gizartean badira ahots arrazistak eta erraz engainatuak direnen arteak emozio txarrenak elikatzen dituztenak. Beti erne egon behar dugu faxismoaren mehatxuaren aurrean, dagoeneko Europako herrialde askotan baitago. Espero dut ez dutela ordezkaririk lortuko hurrengo hauteskundeen ondoren, ezta geroago ere...

Zein izango litzateke zure aurreikuspena hurrengo hauteskundeei buruz? Dublingo parlamentuan ez dirudi inork garaipen argirik lortuko duenik. Sinn Fein koalizioan joango litzateke Fianna Fáilekin edo Fine Gaelekin, betiere emaitzek hala nolako ezkerraren eta independenteen arteko koalizio baten aukera ematen ez badute?

Hori, hasiera batean, alderdiaren zuzendaritzaren esku dago, eta, ondoren, kideek erabakiko dute babestu edo baztertu, egokitzat jotzen badute. Ziur nago Sinn Feinek eserleku gehiago lortuko dituela Irlandako parlamentuan, eta espero dut nahikoa izango direla Dublinen ezkerreko gobernu bat osatzeko edo zuzentzeko. Izaera honetako lehena izango litzateke, joan den mendeko 20ko hamarkadatik, orain 100 urtetik, lehenengo eta bigarren legebiltzarretatik.

 

Onwards to a United Ireland of Equals - Berdinen Irlanda Baturantz - Ar aghaidh chuig Éire Aontaithe Chomhionann.