GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

Ezinbesteko telesail laburrak

«The Economist» astekariak berriki argitaratu duen azterketa batean honakoa ondorioztatu du: egun, filmak lehen baino askoz luzeagoak dira. Denbora faltagatik edo, baina horri lotuta, eta pantaila txikira jauzi eginez, sentsazioa dut eduki luzeak ikusteko ezgaitasuna gure gizartean nagusitzen ari den zerbait dela. Gero eta gehiago kostatzen zaigu atal luzeak edo denboraldi ugari dituzten edukiak ikustea.

«Fargo» telesailaren fotograma bat. (GAUR8)

Ikerketa

1930-2022 bitarte estreinatutako 100.000 izenburuen inguruko ikerketan ikusi da filmen batez besteko iraupena %24 handitu dela; 1930eko hamarkadako 81 minutuetatik, gaur egungo 107 minutuetara. Hollywoodeko ekoiztetxe handien kasuan, bereziki Marvel, DC, eta plataforma digitalek ekoizten dituzten filmek, batez bestekoa are altuagoa dute: 150 minutu. Telesailetan, ordea, justu kontrakoa gertatzen da. 2005. urtekoekin alderatuz, adibidez, -nire “Lost eta The Office” kutunen garaia- atal kopurua denboraldiko 18-25 ingurukoa izaten zen. Garai hartako gidoilarien grebak guztia aldatu zuen, eta geroztik, kapituluak apurka murrizten joan dira. Egun, pentsaezina da zortzi ataletik gorako denboraldiak sortzea. Sentsazioa daukat edukia ataletan zatikatzearen hori, produktua hobeto saltzeko egiten den zerbait dela, ikusleari erraztasunak eman eta plataformetan denbora gehiagoz harrapatuta geratzeko estrategia.

Marrazoak

«Zortzi denboraldi ditu» bezalako esaldia entzutean, gehienetan, erantzunak honakoak izaten dira: «uf, ze luzea, zerbait motzagoa nahi dut». Erantzun ganoragabe horiek asko urduritzen naute; sortzaileak erabaki badu bere edukiaren iraupena horrek izan behar duela, obraren alde hartu duen erabakia da eta pentsatu nahi dut arrazoi sendoak daudela horren atzean, kito. Ez da kapritxo bat, arrazoi sortzaileak daude, besterik ez. Arazoa, ordea, iraupenaren erabakiaren atzean helburu komertzialak soilik daudenean loratzen da. Hor, “jumping the shark” (marrazoaren gainetik jauzi egin) delako kontzeptua azaltzen da: atal edo denboraldi konkretu batean, non gertakizun oso garrantzitsu bat gertatzen den, eta une zehatz horretatik aurrera, telesailaren kalitatea nabarmen jaisten hasten den. Izena “Happy day” izeneko telesail batetik jaio zen. Bertan, protagonistak, uretako-eski batzuekin, marrazo baten gainetik salto egiten zuen unean zehazki. Telesaila amaitzear zegoen eta ikusleek momentu horretatik aurrera gehiago ez ikustea erabaki zuten, gertaera zehatz horrek inolako zentzurik ez zuela argudiatu baitzuten, telesailak koherentzia guztia galdu zuela, alegia. Adierazpena Jon Hein izeneko kritikari batek asmatu zuen 1997. urtean, “Jumping the shark” egin zuten 200 telesailen zerrenda osatu zuenean. Arrakasta izugarria izan zuen, eta geroztik, asko erabiltzen den hitza da.

Ezinbesteko zenbait telesail labur

Gaurko helburua, ordea, telesail luzeak gomendatzea baino justu kontrakoa izango da, ezinbesteko zenbait telesail labur nabarmentzea. Jarraian aipatuko ditudan guztiek ezaugarri berbera partekatzen dute: denboraldi bakarreko istorioak dira, hasi eta amaitzen direnak, eta, batez ere, guztiak apartak dira.

The Night Of

HBO MAX

Nasir “Naz” Khan da protagonista nagusia, Queens auzoan bizi den eta Pakistandar jatorria duen erdi mailako ikaslea. Aitari baimenik eskatu gabe, familiako taxia hartu eta Manhattan-en antolatu duten festa batera joatea izango du helburu. Hainbat bidaiariri autora igotzera ukatu ostean (ezin du taxiko “in service” mezua itzali), Andrea Cornish izeneko neska bat igoko da autora. Paseo, droga, alkohol eta hainbat sedukzio jokoren ostean, protagonista, neskaren sukaldean esnatzen da hurrengo goizean. Etxeko eskailerak igo eta agurtzera doanean, ordea, neska ohearen erdian, labankadaz josia, hilik aurkituko du. Momentu horretatik aurrera, bere bizitza betiko aldatuko da. Drama penal desberdin, ausart eta batez ere kritikoa aurkituko duzu harribitxi honetan. Arrazismoa, justizia, politika, arau kulturalak, agintaritza, konformismoa edo borroka bezalako gaiak ukitzen ditu. Helmuga baino, garrantzitsuena bidea dela konturatuko zarete. Hori bai, bide hori, maisulanak iruditzen zaizkidan lehen eta azken atal zoragarri batzuen artean babesturik. Aktoreak, pertsonaiak, gidoia, erritmoaren erabilera paregabea eta alderdi tekniko zoragarria.

True Detective

HBO MAX

Laugarren denboraldia estreinatzear dagoen honetan -2024ko urtarrilean-, telesail antologiko honen lehen denboraldia da ikusi behar duzuna. Denboraldi bakoitzak istorio desberdin bat jorratzen du eta pertsonaiak zein aktoreak ere guztiz desberdinak dira. Matthew McConaughey eta Woody Harrelson protagonista dituen lehen zatia ikaragarria da. Hasierako tituluetatik hasiz, estreinatu eta berehala ikono bihurtu dena. Louisian girotua, Martin Hart eta Rust Cohle poliziek 17 urte luze irauten duen serieko hiltzaile baten jarraipena euren ikuspuntutik eta denboran atzera-aurrera jauzi eginez azaltzen da.

Mare of Easttown

HBO MAX

Pennsylvaniako Easttown izeneko herri txiki batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da. Nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan (Kate Winslet) polizia bertaratu da gertatutakoa argitzeko. Ama helduak, ama oso gazteak, ama bakartiak, sufritzen duten amak dira Easttown herri endogamikoan gertatzen den polizia-drama indartsu honen protagonista nagusiak, eta Mare poliziaren paperean Kate Winslet, sekulako erakustaldia eskaintzen. Telesail honek bere tonuagatik, protagonistagatik eta ustekabeko umore distirak oparitzen dizkigulako, “Happy Valley” gogoratzen du hasiera batean. Baina atalak igaro ahala, “Broadchurch”, “True Detective”, “Sharp Objects” edo, zergatik ez, “Twin Peaks”-en zantzuak ere antzeman ditut. Kate Winslet-en lana eta bere pertsonaia aipatzeko, idatzi propioa sortuko nuke. Ordu luzez hitz egin nezake hemen, eskaintzen duen lana goraipatzeko. Azken hamarkadetako aktorerik onenetakoak, pisu handia du telesailean. Langile klasekoa da, Ameriketako Estatu Batuetako galdutako herri txiki bateko polizia. Bere semearen suizidioak, familia kargek eta oraindik gainditu ez duen dibortzioak zauritu dute. Motxila zamatsu horrekin, herriko neska gazteen bahiketa eta hilketa batzuei aurre egin beharko die. Paregabea!

Band of brothers

HBO MAX ETA NETFLIX

Stephen E. Ambrose-ren “Band Of Brothers” eleberrian oinarrituriko ezinbesteko maisulana. Easy konpainiaren istorioa kontatzen digu, 506. erregimentuaren batailoi amerikarra izandakoa eta 1939-1945 bitarte II. Mundu gerratean Europan borrokan aritu zen jauzkari taldea. Telesailak bizirik irten zirenen elkarrizketak, kazetarien oroitzapenak eta soldaduen gutunak tartekatzen ditu. Gerra bera bezain gordina da: heroismorik eta epikarik gabea, oso hunkigarria da, baina baita negua baino hotzagoa ere. “Saving Private Ryan” filmaren oinordekoa dela esango nuke; ez bakarrik gaiarengatik, baita narrazioaren estiloari eta tonuari dagokienez ere. Inoiz filmatutako irudi beliko onenetako eta zirraragarrienetako batzuk biltzen dituen harribitxia da.

Chernobyl

HBO MAX

Pantailan ikusten den guztia beldurgarria eta lazgarria da, min ematen duen telesaila da, hotzikarak sorrarazten dituena. Bost atalez osatutako telesail-motz honek Sobietar Batasunak 1986ko apirilean jasan zuen desastre ikaragarria kontatzen du, AEBetako betaurrekoekin, jakina denez. Txernobyleko zentral nuklearrak eztanda egin zuen egunean bertan kokatzen gaitu lehen ataletik bertatik, apurka trama zientifiko-politikoaren korapiloak askatzen joateko. Harribitxia.

Fargo

HBO MaX ETA PRIME VIDEO

Zoragarria, sarkastikoa, freskoa, frenetikoa, burutsua, ikusgarria eta maila gorenekoa. Joel Coenen 1996ko pelikularen unibertso hedatua den miniserie zoragarri hau azken urteotako suspensezko serierik onenetakoa da. “True Detective” bezala, denboraldi bakoitzean istorio berri bat jorratzen da, pertsonaia ezberdinekin, baina guztiak Minnesotako herri txiki bateko paisaia elurtuaz inguratuak. Besteak beste, Kirsten Dunst, Billy Bob Thornton, Ewan McGregor, Patrick Wilson, Jesse Plemons eta Chris Rock aktoreek antzeztu dute.

Lehen denboraldian pertsonaia gutxiz osaturiko istorio intimistago bat ikusi ahal izan genuen, umore beltzez gainezka, hori bai. Bigarrenean, aldiz, istorio epiko zoragarri bat. 70eko hamarkada, 1979 konkretuki, trama horren beste protagonista bihurtzen da. Liluragarriak dira aurkitu daitezkeen erreferentzia eta keinu zinematografiko guztiak. Gidoi biribila, zuzendaritza lan akasgabea, interpretazio ahaztezinei loturiko pertsonaia zoragarriak... Musika, bitxia, erakargarria. Argazki eta planoen erabilpena, hitzik gabe uzteko modukoa. Pantailan ikusgai duguna kontuan hartuz gero, behintzat, lanketa prozesuan erabili dituzten Storyboard-ak museo batean erakusteko modukoak izango dira, ziur nago.

Gomendio zaparrada

Miniserie bikain ugari egin dira azken urteotan, baina ezin guztietan sakondu. Aipamenik ez egitea tamalgarria iruditzen zaidanez, zerrenda moduan jaurtiko dizkizuet, apartak baitira: “Olive Kitteridge”, “Time, “Hondar Ahoak”, “Its a Sin”, “Unbelievable”, “Sharp Objects”, “La Mesias”, “The Staircase”, “The Outsider”, “Maid”, “Station Eleven”, “The Shadow Line”, “The Virtues”, “Years and Years”, “Normal People”, “The Underground Railroad”, “L'Effondrement”, “Black Bird”, “Quarry”, “When They See Us”, “Mrs. America”, “Esterno Notte”, “Le Buone Madri”, “Mildred Pierce”, “Antidisturbios”, “Carlos”, “Patrick Melrose”, “Escape at dannemora”, “The Act”, “I May Destroy You”, “Efterforskningen”, “Dopesick”, “Devs”, “A Very English Scandal”, “Strappare lungo i bordi”, “P'tit Quinquin”, “Dahmer”, “The Victim”, “Beef”, “The White Lotus”, “Tales from the Loop”, “The Terror”, “Inside Men”, “Når støvet har lagt sig”, “The Haunting of hill house”, “Cry Wolf”, “Irma Vep”, “22. Juli” eta “Kampen om tungtvannet”.