18 NOV. 2023 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } PSOEren kriminalizazioa: merezia, gogotik landua Mikel Zubimendi Agian, denbora kontua besterik ez da eta dena lehertzera doa Espainian. Pedro Sanchez presidente da, «amnistiaren legealdia» deitu dutena hasi da, eta faxisten zalaparta betea dabil Madril aldean, kalean, komunikabideetan, epaitegietan. Botere politikoaren aurkako estatu kolpea koordinatzen ari dira epaileak. Espainia hautsi da, PSOE talde kriminala da, errekonkistaren ordua da, horrela ikusten ditu kontuak gizarte espainiarraren parte handi batek. Eta euskal gizartearen beste parte handi batek, adin batetik aurrerakoak bereziki, kezkaz bizi du hau guztia, belaunaldietan eutsi zaion memoria kondentsatuaren amesgaiztoak suelto dabiltza. Broma gutxi. Ez da bakarrik PSOE EH Bildu eta ERCrekin iragan legealdian bezala orain ere ulertuko dela, oraingoan larriagoa ei da: «anti-España» ordezkatzen duen Carles Puigdemontekin oheratu beharrean da, independentzia aldarrikatzera ausartu zenarekin, azken urteotan Espainiari, eta PSOEri, duin eta arrakastatsu eutsi dionarekin. Badaude Sanchezi baiezko botoa emateko arrazoia hor ikusten dutenak: Espainiaren erorketa azkartzeko. Arrazoi horregatik bakarrik bada ere, merezi duela. Baleko ikuspuntua iruditzen zait, kontuan hartzekoa. Begi aurrean daukagun Espainia pitzatua faktore erabakigarria izan daiteke, teorian behintzat, independentziarako. Botere zentral ahul eta hondatua izatea, gehienetan, independentzia lortzeko beharrezko baldintza izaten delako. PSOEren kriminalizazioa da egoera arriskutsu honetan nabarmendu beharreko ezaugarria. Pedro Sanchez da orain kartzelara (edo PPko eledun batek esan bezala, «erbestera, automobileko maletategian») bidali nahi dena. PSOE da orain ilegalizatu behar den alderdia. Eta ez daukat zalantzarik, berandu baino lehen ikusiko dugula epaile bat hori eskatzen. Denbora kontua da amildegian horrelako erorketa bat ikustea, edo okerragoa, arma tiro pun jo eta norbait bertan hiltzea. Merezita eta gogotik lan eginda iritsi da PSOE bizi duen egoera honetara. Lehenik Euskal Herrian, eta gero Katalunian, eraiki zuten amaraunean erori da. Independentziari ateak ixteko, ezker abertzalea eta katalan abertzaletasuna lurperatzeko saioetan faxistak zuritu eta zilegitu ditu, demokrazia zentzurik eta babesik gabe utziz. Horra orain emaitzak. Demokrazia ala Espainia erabaki behar izan denean, politikaren benetako momentuetan, Espainiaren alde egin duelako, nazionalismo espainolarekin besotik beti, ideologia atzerakoi, biolento eta arriskutsuenarekin eskuz esku, beti Espainiaren batasunaren ideia sakrosantuaren alde. Koldarkeriagatik? Kointzidentzia patriotikoagatik? Iritziak libre. PSOEk ezin ditu orain eskuak burura eraman. Eta hori da ironia: Sanchez presidente egin dugu, hori zelako orain egitekoa, eta badakigu PSOEk hitzemandakoa betetzea ezin duela bermatu. Beste botereen esku sartzerik izango ez dela ezin duenez hitzeman, zenbat balio du PSOEren hitzak? Gero eta jende gehiagok gaitzesten du Espainia, gero eta gorroto handiagoz. Besterik da horrek independentziaren beharra indartu eta horizontea gerturatzen duen. Hor bada, Madrilera begiratu ordez, hango espektakuluarekin dibertitu edo arranguratu ordez, hemen azkartu beharreko ahalegina. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan. • Pedro Sánchez es el que ahora se quiere enviar a la cárcel (o «al destierro, en el maletero del automóvil»). Y veremos a un juez pidiéndolo. Es cuestión de tiempo.