Nerea GODOY FUENTES
Hezitzailea eta Bizipozako kidea
3 BEGIRADA:

Akatsaren apologia

Akatsa egiteko beldurra zama handia bihur daiteke.
Akatsa egiteko beldurra zama handia bihur daiteke. (GETTY IMAGES)

Nerea naiz, hezitzailea eta Bizipozako kidea, 26 urteko bilbotarra. Gure auzoko parkeetako banku batean jesarrita nago, aurikularretatik musika entzuten dudan bitartean. Ingurura begiratu eta abestiaren bideoklipean egongo banintz bezala sentitzen naiz, txikitatik egiten dudan zerbait da. Pentsatu al duzu inoiz zenbat gauza egiten dituzun berdin, txikia zinenetik? Ez dira gehiegi izango, zoritxarrez.

Iraganeko ume txikia, itzaliko ez den inozentzia. (Nostalgia - Kauta). Ederra da auzoko bertako dendak zabaltzen ikustea. Bada, hosto eta makilak hanburgesa, izozki, pizza eta txokolate bihurtzen diren postutxo bat jarri dute nire ondoan; txin! soinua egiten duten diru txanponekin (diru bat, bi diru, hiru diru...) salgai daude. Halako batean, bi nerabe jesarri dira nirearen ondoko bankuan, hamaseina urte izango dituzte. Bata negar zotinka ari da eta besteak laguna besarkatzen du, besoetako bat laztantzen diolarik. Inpotentzia eta amorru malkoak dira, etsipen puntu batekin, lagunari azaldu dionez, ez du Bio-ko azterketa amaitu, oso luzea zelako, ez du gaindituko eta irakasleak begitan du. Gurasoek errieta egingo diote eta gainera, ez da erizaintzan sartuko. Lagunak bi eskuak heltzen dizkio, “Titanic” pelikularen bukaera ematen du, kezka, estres, antsietate, beldur itsasoan ez itotzeko egur zatiari helduta daudelarik.

Etorkizunik ez baldin badu, zertarako nahi dut memoria? (Hondartzako muxuaren himnoa - Jon Maia).

Marrazketa teknikoan 3’2 atera nuenean, heziketa fisikoko abdominalak egiteko froga gainditu ez nuenean, pretérito perfecto simple galdetu eta «no lo sé» erantzun nuenean, ez nekien. Eta horrek beldurra ematen zidan, hanka sartzeak, zigorrak, errietak, eta oraindik ere ematen dit, beste hainbat gauzen artean. Halakoetan korapiloa egiten zait sabelean, bero olatua igotzen zait bizkarrean gora eta arnasa sakon-sakon hartzen dut, birikak bete ezin banitu bezala. Bakoitzak bere beldurrak ditu eta ezagutu egin behar lituzke, aurre egin edo kudeatu ahal izateko. Parkeko txikienei otsoaren beldur diren galdetuko bagenie, baietz esango ligukete, otsorik sekula ikusi ez duten arren. Eta, nor ez da otsoaren beldur? Benito Otsoa, kapela eta jaka urdinak ez zaitzatela engaina, otsoak armairu sakona baitu!

Eta ezin badugu margotu gure erara, koloretako maskarekin gauen deabruak gara. (Deabruak gara - Huntza).

Hona hemen otsoaren hainbat mozorro: porrota, bakardadea/galera eta zigorra, eta hirurek dute “besteen aurrean ikusgai egotearen” faktorea jokoan; hau da, nire porrota denen ezagutzapean egotea, adibidez. Gauzak honela, otsoek zintzo itxurako bi aliatu aurkitu ohi dituzte gure hezkuntza-sisteman: alde batetik, gehiegizko eskakizuna, autoexijentzia, bere txano gorri lerden, masail arrosa, otzara bete eta irribarre saltaria daramatzala. Txanogorritxo deituko diogu: otzaran sartu aurretik hamar bizkotxo prestatu eta zakarrontzira bota dituena, “hobeto egin zezakeelako”, amonatxoaren etxera joateko hiru bide dakizkiena, bakarra erabiltzen duen arren badaezpada beste bi prestatu dituena.

Bestalde, etsipena, bere asperdura keinu, hortz arteko lastotxo, zutik mantentzeko makila eta etengabeko aharrausian ari dena. Artzaina deituko diogu: otsoa etorriko zela hainbestetan mehatxu egin ziotenez, etorri zenean axola ere egin ez ziona.

Zergatik norabide bakar bat? Zoriontasunak bihotzak adina bide dauzka. (Zer den bizitza? - Itziarren Semeak).

Artzainez eta txanogorritxoz beteak ditugu ikasgelak, akatsak ez baitu lekurik gure eskoletan. Batak edonon ikusten du otsoa, eskolaldia bukatzean ere, lanean, etxean, lagun artean, hanka sartzea ekiditeko hainbat modu garatuko ditu. Trebea den horretara mugatzea edo zerbait egin baino lehen gutxienez hamaika aldiz pentsatzea, besteak beste. Artzainak ere otsoa izango du bidelagun, egiten duen oro gaizki dagoela egintzat emanez, bere burua gutxietsiko du, arlo akademikoari muzin egingo dio edo bere gaitasunek gizartean ekarpenik ez dutela sentituko du.

Ez dakit ondo esan dudan, goazen berriro hastera! (Han zeuden - Manolo Urbieta).

Publikatu gabeko aipu batekin bukatu nahi nuke: txarto eginez, ondo egiten ikasten da. Eta jo eta ke saiatu eta nahi duzuna lortuko duzu, eta lortzen ez baduzu, saiatu zara. Horixe esaten baitzigun andereño Maitek, idazten eta irakurtzen irakatsi zigunak; hori baino erronka handiagorik! Azkar ahaztu genuen nonbait, irakaspen puska hori; berriz ere txarto egindakoaz gozatu eta ikasi ahalko bagenu, amorratu eta ezkutatu ordez...

Otsoek eskolan bazkarik topa ez dezaten, beldurraren pedagogia baino, egin dezagun akatsaren apologia. •