GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Epaileen matxinada, espainiar arazoaren neurria


Aurtengo urtekarietan Pedro Sanchezen inbestidurak eragindakoa irudikatuko duen argazkia aukeratu behar denean, segur aski Ferraz kalean gauero eginiko elkarretaratze tragikomikoetako batena hartuko dute editoreek. Baina bada irudi sakonagoa eta kezkagarriagoa, nire ustez, hainbeste zabaldu ez den arren. Espainiatik kanpo edonor zur eta lur uzteko modukoak dira epaileek eta fiskalek deitutako kontzentrazioenak. Togadunak kalean protestaka, bai, zeren, eta botere banaketaren alde! Gezurraren aroan izanagatik ere, sinesgaitzak egiten dira irudia eta aldarria; izan ere, legeak proposatu eta onartzea (Amnistiarena, kasu honetan) beste bi botereri dagozkie, Gobernuari eta Legebiltzarrari, ez Botere Judizialari. Botere banaketaren kontrako erasorik izatekotan, beraz, epaile eta fiskal hauena behar luke, edonork ulertuko duenez.

Halere, hor dira, herritarren erabakiaren gainetik ez ezik, legearen gainetik ere beren nagusitasuna betikotu nahian. Jarrera korporatibistak argudiatu dituzte zenbaitek, erreakzio honi larritasuna kendu nahian, baina sakonagoa da arazoa: esku-hartze politikoa espainiar Botere Judizialaren etengabeko joera da, muinean daraman ezaugarria. Katalunian agertu dute, Euskal Herrian zer esanik ez, eta Espainian ere bai tarteka. Estatuaren barruko Estatu gisa definitua izan da Guardia Zibila maiz, eta hala da, baina epaileen jarduna gutxiagotan jarri da ezbaian, eta botere handiagoa da hauena.

Epaile bakar batek, boteregune zehatz batean kokaturik eta militantzia politikoan ondo trebaturik, Gobernuko presidenteak baino aginte maila handiagoa bil dezake. Jose Luis Rodriguez Zapaterok azal lezake noizbait, epaileen erabakiek zenbateraino pozoitu zuten Euskal Herrian 2005 eta 2007 urtearen arteko negoziazio prozesua, euskal preso eta ordezkari politikoen kontra eginez, edo nola ustelarazi zuten Kataluniako egoera 2010etik aurrera, Estatut-aren kontrako kolpearekin. Orain ere, baten batek Sanchezek itxitako akordioak sabotatzeko jardungo duela (edo tropelean) erraz aurreikus daiteke, bera ere auzitegietara eramateko ez bada. Nondik egin zezakeen gehiago Fernando Grande-Marlaskak: Auzitegi Nazionaleko areto batetik edo Barne Ministerioko egoitzatik?

Francoren osteko haustura ezari egotzi zaio askotan espainiar epaile askoren jokabidea. Eta bai, egia da Auzitegi Nazionala Tribunal de Orden Publico zenaren ondorengoa dela. Baina diktadorea hil zenetik ia mende erdia igarota, eskasa da azalpen hori. Toga jantzita kalera atera diren horiek guztiak nerabeak izango ziren, asko jota, erreformari bide eman zitzaionean. Hurrengo bost hamarkadotan landu dute beren oraingo jaun eta jabetza, demagun euskararen aldeko urratsak zapuzteko edo Europako Entzutegiaren erabakiari entzungor eginez Xabier Atristaini kartzela-zigorra berresteko.

Demokrazia aldetik Espainiak dituen gabezia ikaragarrien ikur baino gehiago da Botere Judizial hau. Neurri handi batean PPk eta PSOEk, biek, beren interesen alde erabili ohi dutelako, politikagintzan esku-hartzeko gogo hori elikatuz. Euskal Herrian ere gotortu direla antzematen da Iruñean zein Bilbon hartutako erabakietan, azken hau Iñaki Subijana Auzitegi Nagusiko presidentearen iritziaren aurka. •