GAUR8 - mila leiho zabalik

Paradisuak


Mirari bat tarteko, Islamera konbertituko banintz eta paradisua irudikatzen hasteko aginduko balidate, ez nuke jakingo nondik hasi. Gaztetan bai, nire ingurua goitik behera aldatzeko asmoak nituen, baina urteekin, bere akats eta guzti, gizarte honi kariñoa hartzen joan natzaiola ohartu naiz.

Futbola, esate baterako, ez nuke baztertuko. Lehen gizarte berri baterako oztopo gisa ikusten nuen, baina orain zail egiten zait paradisurik irudikatzen asteburuetan Realaren golen bat edo beste ikusi gabe.

Larunbat arratsaldetako manifak ere bere horretan mantenduko nituzke, aspaldi honetan bezala, erakustaldi politikoak izateaz gain, taldeko loturak sendotzeko eta adiskide zaharrak agurtzeko parada ezin hobeak direlako.

Erlijio horretakoek irudikatzen duten birjina saldoaren ordez nik emakume bat edo beste utziko nuke, gutxi eta gertukoak, eta maitasunari hainbat leku emango nioke, adiskidetasunari.

Zerbait aldatzen hasita, lehendakaria aldatuko nuke eta, gure lagun batek dioen bezala, “repris” gehiago duen bat jarri, eta aldaketekin jarraituz, zerga politika, diru-sarreren berdintasuna edo generoen arteko arrakalari heldu beharko bagenio ere, Arnaldok dioen moduan, anbizioarekin bai baina zuhurtziaz eta presarik gabe helduko genioke.

Badakit mundua amildegi klimatikora doan Titanic bat dela, badakit euskara mokadu goxo bat dela marrazoen ozeanoan, badakit egoera geopolitikoa ez dagoela txisteak egiteko, baina betikotasuna izango genuke arazoak konpontzeko, irudikatzen dudan paradisuak antz izugarria baitu bizi dugun gizartearekin eta, ihes egiteko aukerarik banu, mundura itzuliko bainintzateke.

Gauzak, ordea, oso bestelakoak dira beste leku batzuetan. Gazako egoerari buruz, esate baterako, entzun dudan esaldirik gogorrena bertako bizilagun bati entzun nion, zioenean bazegoela jendea hildakoen inbidia sentitzen zuena, haiek sufritzeari utzi ziotelako. Hasten naiz pentsatzen nolako paradisua irudikatuko duten eta odolik, sarraskirik eta israeldar soldadurik gabeko leku batekin konformatuko direla