Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

EAJ arrosari greba orokor feminista!

Komunitate transmaribolloaren antitesia da familia heterosexuala. Familia heterosexuala produkzio-erlazio patriarkalen instituzio nagusia da. Instituzio horren barnean gizonak emakumeek egindako lan ez ordainduaz jabetzen dira, harreman hori da gizonak eta emakumeak sortzen dituena klase gisa. Horregatik, gizonik eta emakumerik gabeko gizarte baten alde egiten dugunok gure kritiken jomugatzat hartu dugu instituzio familiarra.

Egungo gizarte kolonialaren ondorioz, emakume zurien sektore zabal batek familian egindako lan ez ordaindua ekidin dezake lan baldintzarik izango ez duten emakume arrazializatuen lana erosiz. Zuriok gorputz arrazializatuen gainean egiten dugun esplotazio egoera bermatzeko beharrezkoa da Atzerritartasun Legeak sortzen duen zaurgarritasun estrukturala, non paperik gabe ezin duzun lan baldintzarik eskatu. Arazoa ez dira arrazializatuak eta migranteak, arazoa haiek eskubideak izatea da. Eskuinak migranteak nahi ditu, baina eskulan prekario gisa. Egoera hori bermatzen duten lege eta instituzioek sortzen dute Estatu-arrazismoa. Bell Hooksek azpimarratzen zuen zapalkuntza ororen aurka borrokatzen ez zuen feminismo bat ez zela guztiontzat, ezta emakume guztiontzat ere, eta horregatik, estatu-arrazismoa zaintzaren inguruko eztabaiden erdigunean egon behar da.

Zaintzaren egoeraren eskema intersekzional sinple batek argi erakusten du pribilegioen kate luzeak ze norabide hartzen duen. Gizonek ez dute zaintzen, ez haien burua ez beste inor, eta zoritxarrez, badirudi ezin ditugula horretara derrigortu, horregatik zaintzen dute emakume zuriek. Lan ez ordaindua (zaintza) egiteak pobretu egiten du, egoera ekonomiko onena duten emakumeek emakume arrazializatuen lana erosten dutelako dute egoera ekonomiko ona. Emakume arrazializatuek egoera txarrenetan egiten dituzte zurion zaintza lanak, baina beti ahazten zaigu guk egin nahi ez ditugun lanak egiten dituzten emakume hauek ere askotan familia dutela, hau da, beste esplotazio eremu bat ere badutela. Horregatik guztiagatik, Euskal Demokrazia patriarkala liburuan jasotzen diren tesiei jarraituz, ezkerreko aldarrikapen historikoa den desmerkantilizazioaz gain, beharrezkoa da migranteen erregularizazioa eta desfamiliarizazioa.

Emakumeek desfamiliarizazioa behar dute zapalkuntza heterosexualetik ihes egiteko, baina desfamiliarizazioa ezin da enpresa pribatuen bidez edo arrazializatuen esplotazio bidez egin. Kalitatezko zaintza publikoa bermatuko duen sistema bat behar dugu, eta horregatik goaz azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorrera. Lan baldintza duinak dituzten langilez eta lan hori ondo egin ahal izateko baliabide materialez hornituta dauden haurtzaindegi publikoak, babes ofizialeko etxeak, zaharrentzako eguneko egoitza publikoak, erietxe publikoak eta zahar-etxeak, familia-plangintza, hezkuntza eta osasungintza publikoa behar ditugulako.

Azaroaren 21ean, “Gure zaintza eredua: eraldatzailea, feminista eta komunitarioa.” zioen post bat jarri zuen EAJ Gipuzkoak X (Twitter) sare sozialean; bertan, EAJ-PNVren logoa arrosaz tindatuta agertzen zen, feminitate normatiboari lotuta dagoen kolore horrekin gogoraraziz zaintza emakumeen kontua dela. Arrosa eta morearen erabileraz gain, ohikoa da eskuinak borroka sozialen, kasu honetan feminismoaren terminologia erabiltzea haien eredu neoliberala hitz politez apaindu eta aurpegi zuriketa egiteko. Baina lapurtu eta esanahiz hustu nahi dituzten hitz guztien artean, badago bat asimilaezina: Publikoa.

Azaroaren 30ean greba eskubidea dugunok kaleak hartuko ditugu, emakume arrazializatu askok eskubide hori ere ez dutela ahaztu gabe. Estatuaren egiturak murriztu eta pribatizatu nahi dituztenen aurrean, atzerritartasun legeak zurioi ematen digun hiritartasun pribilegioa emakume arrazializatuak esplotatzeko erabili nahi dutenen aurrean, zaintza eskubide kolektiboa egitura publikoetatik bermatu behar dela aldarrikatzeko. Estatuaren erakunde publikoak hedatzearen bitartez lortzen delako emakumeen desfamiliarizazioa, doako lana egiteari uztea eta gizonekiko independentzia. •