02 DIC. 2023 «Batzuetan badirudi zerbait esaten dugun bakoitzean mundua konpondu behar dugula» Amagoia Mujika Leitza (2001). Hirugarren Nafarroako Txapelketa eta hirugarren finala. Ez da marka makala. 22 urte dituzu eta Nafarroako hirugarren finala. Zein azkar bihurtu zaitugun finaleko «klasiko», ezta? Oso gazte sartu nintzen lehen finalera, 17 urte nituela. Bigarren finalean oraindik berri samarra nintzen eta, hirugarrenean, badirudi beti egon naizela hor. Egia da goiz bihurtzen garela klasiko, baina berri ere bagara oraindik, hasiberriak txapelketan. Hirugarren finala izanda, nire helburuak desberdinak dira. Ez naiz ari puntuez edo postuez, nire bertsokeraz baizik. Eta zer eskatzen diozu zure buruari aurtengo finalerako? Hirugarren txapelketa dut eta txapelketaz txapelketa aurrerapausoak ematea da nire helburua. Bi urtetan zure bertsokeran aurrerapausorik ez badago, geldirik zauden seinale. Gure bertsokera eraikitzen ari garen adin honetan aurrerapauso bat eman nahi nuen txapelketan, eta uste dut lortu dudala. Finalari begira, plaza handi horretan hori islatzea nahiko nuke. Egia da aurreko bi finaletan ez naizela ibili nahiko nukeen bezala, ez da erraza izan nire burua kokatzea finalean. Oraingoan uste dut mentalki prestatuta nagoela eta nire buruari hori baieztatu nahiko nioke. Plaza eder horretan bertsotan dakidan bezala egin nahi dut. Txapelketa oso ona egin duzu, erraz aritu zara. Bai, bertsotan egin nahiko nukeen horretatik gertu ibili naizela uste dut. Txapelketari daukan garrantzia eman nahi diot, ez diot garrantzi gehiegi eman; bertsotara goaz, hau bertso plaza bat da eta ez dezagun gehiegi arrarotu berez arraroa dena. Nire jarrera hori izan da, bertsotara joatea eta jolas sentsazio horretatik aritzea. Uste dut lortu dudala eta pozik nago horregatik. Ez dut esan nahi arinkeriaz aritu naizenik txapelketan, baizik eta joko baten ikuspegitik, goazen jolastera, goazen bertsotara. Kanpotik hori igartzen dela uste dut, erraz egiten ari naizen sentsazio hori. Baina askotan erraz egitea da zaila. Eskertzen da txapelketan jolaserako jarrera hori. Batzuetan badirudi txapelketan zerbait esaten dugunean mundua konpondu behar dugula. Gure bertso bakoitzak ez du gizarteko arazo bat konpondu behar, ez du teoriarik garatu behar edo ez du dramarik egin behar. Uste dut alde horretatik ematen diogula txapelketari garrantzi gehiegi. Egon daiteke diskurtsorako tartea, kritika sozialerako, ideologiarako... eta, gainera, egon behar da. Baina ez diezaiogun gure buruari garrantzi gehiegi eman, ez diezaiogun presio gehiegi jarri, gure bertso bakoitzak mundua konpondu beharko balu bezala. Ez zara finalista berria, baina bai finalista gazteena. Horrek ardura sortzen al du? Ez. Lehen txapelketan bai, parte hartzaile gazteena nintzen eta finalista gazteena nabarmen. 17 urte neuzkan eta nabarmena zen. Hirugarren txapelketa eta hirugarren finala izanda, uste dut nire etiketa ez dela gaztea izatea. Adinari ez diot gehiegi begiratzen, ez da kezkatzeko arrazoi bat. Bertsotan egingo dut ni nagoen garaitik eta ni nagoen tokitik. Final ederra geratu da; finalista berriak, bi emakume, txapelerako hautagai asko... Kartel oso interesgarria da prisma desberdinetatik begiratuta; bi finalista berri daude, bi emakume -Nafarroan urte asko dira ez direla bi emakume aritu-, nahiko final gaztea da eta hautagai desberdinak daude txapelerako. Interesgune asko ditu, eta ezaugarri horiengatik, aspaldi ikusi ez den finala da eta ikusmina dago. Anaiarekin entrenatzen ari zara? Bai, bai. Beti aritzen gara elkarrekin. Adin tarte txikia daukagu -bi urte- eta batera egin dugu ibilbidea. Kasualitatez gainera -jendearentzat ez da esanguratsua izango baina guretzat bai-, txapelketan kantatu dugun ehuneko handi batean batera kantatzea egokitu zaigu. Nafarroako lehenengoan hirutik hirutan; bigarrenean, hirutik bitan; Euskal Herrikoan ni kanporatua izan arte elkarrekin aritu ginen... txapelketako esperientzia oso gertu bizitzea egokitu zaigu eta polita izan da. Zerk kezkatzen zaitu finalari begira? Kezka beti dago, ez goazelako aurrez idatzita dauden bertsoak abestera. Bertsoa beti da soka gainean dantza egitea eta horrek nahitaez sortzen du ziurgabetasuna, sortu gabeko bertsoak sortzera zoaz eta ez dakizu zer abestuko duzun. Ziurgabetasuna bai, baina polita da. Tentsio puntu horrek erakartzen gaitu bertsotara, hain da bat-batekoa, non ezin duzun jakin gero zer izango den, eta horretara jarri behar duzu zure gorputza. Baina saiatuko gara horri garrantzi gehiegi ez ematen, betikoa egingo dugu, bertsotan egingo dugu eta kito. Suelto sentitzen naiz plazan, bertsotan eta buruz ere ondo. Egonarri batekin sentitzen naiz.