GAUR8 - mila leiho zabalik

Euzkel Bazkunen Alkartasunaren bilera 1932an Donostian

(RICARDO MARTIN. PHOTO CARTE FUNTSA. KUTXATEKA.)

1928ko uztailean jaio zen Euzkel Bazkunen Alkartasuna, urte haietan euskararen alde lan egiten zuten hainbat elkarte bildu zituen koordinakundea. Ekimena Eusko Ikaskuntzatik abiatu zen eta Bonifacio Etxegaray arduratu zen martxan jartzeaz. Euskaltzaleen Biltzarra, Jaungoikozale, Euskal-Esnalea, Euskeraren Adiskideak, Euskalzaleak eta Baraibar Taldeak parte hartu zuten, eta erakunde horiek guztiak Euzkel Bazkunen Alkartasunako kide izan ziren, Eusko Ikaskuntza barruan integratuz. 1936ko gerra hasi arte iraun zuen, eta batez ere Euskararen Eguna antolatzeaz arduratu zen. Artikuluak erakusten duen bileraren irudia "Photo carte" argazki-estudio donostiarrak egin zuen 1932ko ekainaren 29an. "El Dia" egunkariak irudi hori bera argitaratzen zuen hurrengo egunean, eta bere argazki-oinean Gipuzkoako Aldundiaren lokaletan egindako bileraren berri ematen zuen, «euskararen berpizkundeari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzeko». Argazkian, ezkerretik eskuinera eta zutik: E. Arrue, Jose Ariztimuño "Aitzol", M. Esparza eta A. Anabitarte. Eserita: X. Landaburu, J.M. Barandiaran, B. Etxegaray eta A. Apraiz.