02 DIC. 2023 «Ez dakit posible den final batera gozatzera joatea; unea bizi nahi dut» Amagoia Mujika Barañain, 1996. Bosgarrenez parte hartu du Nafarroako txapelketan eta lehen finala du. Duela bi urteko txapelketan finalaren atarian geratu zinen, puntu erdi bat tarteko. Aurten garbi zenuen helburua finala zela? Egia esan, bai. Duela bi urte dezenteko saltoa eman nuen, bederatzigarrena izatea lorpen handia izan zen. Baina arantza hori geratu zitzaidan, pixka bat gehiago eginez gero finalean egon nintekeela sentitu bainuen. Aurtengo helburua hori zen. Helburu potoloa jarrita, txapelketan sufritu egin al duzu? Bai, sufritu egin dut eta ez dakit zergatik sufritu dudan hainbeste. Lehen saiora nahiko lasai joan nintzen eta, hala ere, gaizki pasatu nuen, ezin kontzentratu. Eta Altsasuko finalaurrekoan ere urduritasuna nabaritzen nuen gorputzean, oso fisikoa. Txapelketarainoko bidea oso polita izan da, asko entrenatu dugu bertso eskolan. Saioa Alkaiza eta Irati Majuelorekin elkartzen naiz. Bide hori oso polita izan da, baina txapelketa bera, oso gogorra. Estuasun fisikoa aipatu duzu. Txapelketa prozesu fisikoa ere bada, ezta? Bai, gorputzetik asko dauka eta beti ahaztu egiten zaigu. Bertsolaria beti aurkezten da buru bat bezala, burmuina eta ahoa bakarrik balitz bezala, baina gorputza ere badauka eta jendaurrean jartzen da. Adibidez, ez dira berdin hautematen emakume gazte bat edo gizonezko gazte bat oholtzan. Altsasuko finalaurrekoan, saio oso txukuna eginda, bakarkako lana egiteko hartu zenuen denborak puntu dezente kendu zizkizun. Ganbarakoetan denbora beti izan da nire ahulgunea. Saiatu gara hori entrenatzen bertso eskolan, baina Altsasun ez zen ondo atera. Bigarrena nintzen ganbaran, ez nuen denbora asko izan saioari buelta batzuk eman eta gorputza erregulatzeko. Eta gaia oso zabala zen. Gai oso zabaletan galdu egiten naiz, gai zehatzagoak gustatzen zaizkit, helduleku itxiago bat daukatenak. Gaiari nondik heldu pentsatzen joan zitzaidan denbora mordoa. Gainera, buruan beste ahots bat neukan piztuta “Sarai, denbora asko hartzen ari zara, erabaki, hartu bide bat”, esaten zidana. Korapilatu egin nintzen. Horrek ia finaletik kanpo utzi zaitu. Bai, eta kontziente nintzen. Duela bi urte bederatzigarren geratu nintzen, puntu erdi batera. Eta finalaurrekoan bakarkakoan hartutako denbora zigortu zidaten puntutan. Altsasuko saioa eta gero disgustua hartu nuen, berriz egoera bera errepikatu zitekeela ikusten nuelako. Bideko minak aparte utzita, nola zaude finalerako? Egia esan, oso pozik nago. Ez dakit posible ote den final batera gozatzera joatea, baina unea bizitzera joan nahi dut, ez dadila saioa nire gainetik pasa. Bertan egon nahi dut eta finala bizitu. Finalista berriaren zapatak. Toki ederra. Duela bi urte Saioari pankarta bat egin genion Iratik (Majuelo) eta biok: “Dena irabazteko” jartzen zuen. Aurten nik daukat dena irabazteko. Hori sentitzen dut, ez daukadala ezer galtzeko. Saioa Alkaizarekin entrenatzen duzu. Biak finalean egotea eta aspaldiko partez bi emakume izatea garrantzitsua da, ezta? Bai, oso pozik gaude eta ospatu genuen jakin genuenean. Nafarroan emakume asko dabil bertso eskolan haurtzaroan eta nerabezaroan, baina gero Nafarroako bertsogintzan, plazan eta jendaurrean gabiltzanak, ez gara hainbeste. Portzentajea ez da hainbeste aldatzen plazatik txapelketara. Ez gara hainbeste emakume bertsolari Nafarroan, hori da kontua, eta horrek ardura ematen du. Abenduaren 2, Anaitasuna. Zer pizten zaizu azalean? Gogoa. Egia esan, oso pozik nago, izugarri gustatzen zait sortu den zortzikoa eta ilusio handia daukat. Oso baikor nago finalera begira.