Beñat GAZTELUMENDI
Bertsolaria
3 BEGIRADA:

Baina

«Antsiaz arakatuko duzu zure barrua froga gehiagoren bila».
«Antsiaz arakatuko duzu zure barrua froga gehiagoren bila». (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Zaintza erdigunera ekarri» esan duzu, zure ahots grabez, zure eztarri sendoz, eskuak patrikan zeneuzkala. «Zaintza erdigunera ekarri», zure 30 eta 40 urteen arteko gorputzik gabeko zer neutro horretatik. Ez gazte eta ez zahar, ez gizen eta ez argal; zu zaren zer normal hori, zu zaren zu pilako hori, zu zaren zu egoki, zu jator, zu errespetagarri horretatik; zauden lekuan beti ondo egoten zaren zu horretatik eskatu duzu zaintza erdigunera ekarri behar dela; mundua aldatu behar dela. Beste ahots askoren aldamenean ipini duzu zurea; ez baxuago eta ez ozenago, badaezpada ere, dezibeletan ere neurritsu; sekula ez zara nabarmendu zalea izan. Eta, hala ere, azken aldian behin baino gehiagotan ez ote zaren nabarmen geratzen. “Gazte” deitzen zizuten lehenago; “mutil” ere bai tarteka, baina “gizon” deitzen hasi zaizkizunetik azkura moduko bat igartzen duzu garondoaren gune gorderen batean. “Gizon”. Kontsonante eta bokal gogorrez osatutako zera hori; beti beste batzuen soinean ikusi izan duzun koadrodun alkandora hori, bizkar zurrun hori, iritzi-sail sendo hori. “Gizon”. Konturatzerako jantzi zara besteren arropetan eta ispilua begien parean jartzen dizutenero zalantza egiten duzu parean daukazun hori zu ote zaren benetan.

Isilik onartzen dituzu etiketak, ordea, batzuetan ez baitago isiltzea baino metodo eraginkorragorik disimuluan pasatzeko. Hitz-beste egingo duzu, edo, alderantziz, leloren bat errepikatzen ariko zara, «zaintza erdigunera ekarri», adibidez, «gizon bai baina» esan nahiko bazenu bezala. Bazarela, baina ez zarela. Ez zarela besteak bezalakoa. Mundua ulertzen duzula, izenak leku batean jarri zaituela, baina zure jarrerek, zure izaerak, zure ekintzek beste batean. Eta istorioren bat kontatzen hasiko zara: nola behin halako lagun hark behar zintuenean bere aldamenean egon zinen. Nola beste batean zure aitona-amonak zaintzera joan zinen ospitalera. Zeinen sukaldari ona zaren; zeinen ondo ateratzen zaizkizun paella, oilaskoa labean eta igandetan eta okasio berezietan soilik prestatzen dituzun beste hainbat errezeta.

Eta parekoen begietan asperdura sumatzeak sutu egingo zaitu; antsiaz arakatuko duzu zure barrua froga gehiagoren bila, bazarela baina ez zarela adierazten duten adibide gehiagoren miran. Baina hutsune bat sumatuko duzu sabelaren eta eztarriaren arteko puntu zehaztugabe batean. Zaindu bai, baina. Egoera ezohikoetan, epikoetan, gai zara sakrifizio neurri gabekoak egiteko. Baina egunerokoak gaina hartzen dizu. Garbitu nahiko zenuke sukaldea, baina. Egoerak gain hartu dion lagunarengana joan nahiko zenuke, baina. Gurasoei bisita gehiago egin nahiko zenizkieke, baina. Behin banderak erantzitakoan, zaintzaren ardatzaren ze aldetan jartzen zara zu? •