GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
LANDER CAMARERO
ZINEMAGILEA

«Irakeko ingurune zinematografikoa aldatuko du gure filmak, gizartea bera eraldatzea zailagoa da»

Iraketik itzuli berria da. Motxila bete bizipen ekarri du. Ez da erraza izan Iraken filmatzea. Ahalik eta ikusle gehienengana iristea da orain erronka.

LANDER GARRO

Hogeita hamar urte ziren jada Iraken komediarik filmatzen ez zela. Horren berri jakin zuenetik ideia jira-biran zuen buruan. Pentsatu eta egin. “A Serious Comedy” dokumentaleko materiala beso azpian hartuta itzuli da Bagdadetik Lander Camarero (Bilbo, 1981).

Nizar Rawi Irak Short Film Festival jaialdiko zuzendariarekin izandako hizketaldia izan zen dokumentalaren abiapuntua eta irakiarra bidaide izan du proiektu honetan. Hark laster uxatu zizkion friboloegia izan zitekeenaren beldurrak. Bere parte hartzea ezinbestekoa izan da, ez baita erraza Mendebaldeko zinemagile batentzat Iraken lan bat filmatzea, are gehiago bertako hizkuntzan denean.

Irakeko herriaz daukagun irudia baztertu nahi izan du. «Guda eta arazoak bakarrik erakutsi izan dira azken urteotan. Beste edozein kultura bezala erakutsi nahi izan dut. Irudi positiboa eman nahi dugu. Ez pentsa asko bilatu behar denik, errealitatea bera erakustea nahikoa da», argitu du Camarerok.

“What about Columbus” eta “Political Story” lanekin ireki zuen bidetik jarraitzen du Camarerok berak sortutako Pressure Filmak ekoiztetxean. «Fikzioa eta dokumentala nahastea gustatzen zait. Metafikzioa gustatzen zait, sormen prozesua erakustea, emaitza bera baino».

Noiz sortu zen dokumentala egitearen ideia?

Palermoko Zinema Jaialdian ezagutu genuen elkar duela hiru urte. Epaimahaiko kidea zen bera. Bere iritzia eskatu nion han aurkeztu nuen “What about Columbus” dokumentalaren inguruan. Hura ere komedia zen. Zer esango berak? Ez zuela umorea inondik inora harrapatu... Zintzoki erantzun zidan eta grazia egin zidan. Orduan esan zidan duela hogeita hamar urtetik ez dela komediarik egin Iraken. Lagun egin ginen eta iaz Granadan elkartu ginen. Bera han ari da ikasten eta ni oporretan nenbilen. Orduan erabaki genuen proiektua abian jartzea. Iaz berak zuzentzen duen jaialdira gonbidatu ninduen, bizi duten egoera bertatik bertara ikus nezan. Hilabetez egon nintzen. Ondoren Mohammed Rohaina idazlearekin eta Nizarrekin elkartu eta gidoia idatzi genuen. Eta joan den otsailean 34 egunetarako joan nintzen filmatzera.

Zu zeu bakarrik joan zinen?

Bai, zerbait gertatuz gero, ardura handia zen... Zu bazoaz zuri gertatzen zaizu… Han etxetik beti norbaitekin atera behar nuen. Zerbait gertatzea loteria tokatzea bezalakoa da, baina behin baino gehiagotan ikusi nuen urrutira auto-bonba batek eragindako leherketaren kea. Zenbat eta jende gehiago ezagutu han, beti da norbaiten ezaguna zauritu edo hil dutena. Hala ere, egoeraz oso jabetuta daude eta barrezka ere ikusten dituzu. Nire adinekoek, 30 urte ingurukoek, ez dute bestelako egoerarik ezagutu, beraz, normaltasunez bizi dute. Eta egon dira gaur egungoa baino egoera okerragoak. Irakek eta irakiarrek bizi duten egoera oso konplikatua da. Ni hona itzultzean konturatu naiz kazetariek zein sinple egiten duten han gertatzen denaren kontakizuna.

Komedia baten filmatze lanak kontatzen ditu «A Serious Comedy» lanak.

Bai. Zinema jaialdi bateko zuzendariak, komediarik ez, dramak bakarrik jasotzen dituela ikusita, Dubaiko telebistako taldea gonbidatzen du Bagdadera komedia bat filma dezaten. Oso bestelako bitartekoak dituztenez, kanpoko profesionalak behar genituen, irakiarrentzat ere martzianoa gerta dadin.

Lan honetan ere fikzioa eta errealitatea uztartu dituzu.

Iazko egonaldian bertako kultur arloko hainbat pertsona ezagunei elkarrizketak egin nizkien: zinema zuzendariak, ekoizleak, zinema kritikariak, argazki zuzendariak, idazleak... Testigantzen bilketa ez nuen kultur esparrura mugatu, beste hainbat pertsonaren iritzia jaso nuen gizarteko hainbat gairen inguruan. Zerk egiten dien grazia, noraino iritsi umore beltzarekin... Izan ere, garrantzitsua da hori. Elkarrizketak filmean txertatzen joan naiz, betiere fikziozko egoerari lotutakoak. Zati dokumentalak herrialdeari buruzko informazioa ematen du, atzerritarrei begira batez ere. Izan ere, fikziozko istorio batean ezin duzu denbora galdu xehetasun guztiak azaltzen. Hain da herrialde desberdina... Horrez gain, hainbeste gustatzen zait errealitatearen eta fikzioaren arteko mugekin jolastea... Oso polita da. Hain ona izan da interpretazio lana, hain dira aktore onak, ikusleak ez duela garbi jakingo zein zati diren dokumentatuak eta zeintzuk ez. Dokumentalaren estetikaren ordez fikzioaren estetika izan zezan saiatu naiz.

Zein izan zen han bizitako sentipena?

Hain egoera surrealista iruditu zitzaidan han bizi dutena! Halaxe adierazi nuen hango hedabideetan; «istorioak sortzeko paradisua da hau...», esan nien. Besterik da han zinema lanak ekoiztea, infernua da! Ez dut sekula hain gaizki pasa.

Konta iezaguzu...

Zailtasunak ugariak dira. Batetik, hizkuntza dago. Filma irakiarrez filmatu dugu. Nirekin zuzendari laguntzaile moduan ari zenak ingelesez egiten du eta noski, Nizarrek ere bai. Baina bera baimenak kudeatzen ari zen gehiago. Taldekideekin komunikatu ezina arazo handia zen. Azkenerako keinuz elkar ulertzen genuen behintzat. Lehenengo astean, gogoan dut, anaiarekin hitz egin nuela eta nire onetik aterata nengoen. Goizero eguneko plangintza begiratzen nuen. Eta ikusten nuen nola egunero beste egun batez atzeratzen genituen egin beharrekoak... Ez genuen aurrera egiten eta mentalki oso gogorra egin zitzaidan. Filmean ikusten denaren %95 bigarren bidaiako materiala da.

Filmak 29 minutu irauten ditu eta zuek 34 egun behar izan zenituzten filmaketan... Luze jo zuen, ezta?

Pentsa, egunean ez ginen minutu batera iristen! Normalean ohiko ekoizpen batean hiru minutu filmatzen dira batez beste egunean. Kontuan izanda gurea dokumental faltsua izan dela, askoz errazagoa izan beharko litzateke... Kanpoko eszenak dira gehienak, ez nuen nahi lau hormen barruan sartutako sugetzarra bihur zedin. Gizarte-maila denak ager zitezen nahi nuen eta toki asko, ez bakarrik Bagdad, baina ez genuen lortu.

Baimenik ez zenuten lortu?

Hasieran legea jarraituz egitea erabaki genuen. Hilabete lehenago eskatu genituen baimenak eta filmaketa bukatu baino bospasei egun lehenago eskuratu genituen... Eskerrak Nizarrek lagun kazetariak dituen, haiek telebista kateetarako baimenak dituztelako. Batez ere Assad izeneko batek asko lagundu zigun eta Bagdad kanpoaldean zegoen etxe batean filmatu ahal izan genuen, nahiz oso arriskutsua izan zen haraino iristea. Militarrak eurak dira arriskutsuak... Denetarik ikusi dut. Checkpoint batetik bestera arma kargatzearen imintzioa egiten zioten batak besteari... Han erabateko inpunitatea dute! Ni auto barruan beldurtuta nindoan, eta taldeko gainontzeko kideak nire lepotik barrezka, ohituta daude-eta.

Bagdaden bakarrik ez, Omanen eta Arabiar Emirerri Batuetan ere filmatu duzue. Baita Nafarroan bertan ere.

Hara joaterako bagenekien kanpoko eszenak filmatzeko arazoak izango genituela. Bagdadera zuzenean joan ordez Omanen egon ginen bi astez. Desertuko irudiak hartu genituen. Gauzak inprobisatuz joan ginen eta filmaketaren barruan Nizarrek egindako bidaia asmatu genuen. Bagdaden komediaren proiektua burutzeko finantzaketarik lortzen ez duenez, Golkoko herriak zeharkatzen ditu diru bila. Horixe da filmaren hasiera. Zuzendariaren frustrazioa azaldu nahi genuen. Nafarroan Bardea inguruan antzeko paisaia aurkitu dugu. Nizar Granadan dagoenez Bardean filmatu ditugu eszena batzuk berekin.

Zein fasetan dago proiektua?

Musika gehitzen ari gara. Mustafa Zaeer laute jotzaileak konposatu du. Irakeko onentzat jotzen dute. Oso polita da Mikel Salas musikari nafarrarekin egin duen elkarlana. Primeran moldatu dira elkarrekin, nahiz distantzian lan egin behar izan. Oso musika modernoa da, pelikularekin bat egiten duena.

Argi dago Nizar Rawi gabe film hau ez zela aterako.

Ezinezkoa izango litzateke. Nik bera ezagutzeko zortea izan nuen, proiektu hau sortu aurretik lagun egin ginen eta eskerrak oso argia dela era honetako egoerak gobernatzen. Berari esker 12.000 euroko aurrekontuarekin moldatu gara. Crowdfounding kanpaina bati esker 2.000 euro lortu genituen eta gainontzekoa dirua neuk jarri dut familiaren laguntzaz. Irak bezalako herri batera bi aldiz joanda diru kopuru horrekin iristea ez da erraza, egia esan.

Zu zeu film bateko protagonista izan zaren sentsazioa duzu?

Zenbatetan esan ote diogu elkarri oxala dirurik izan bagenu norbaitek gure proiektuaz filma egiteko! Ez guri begira, gehiago irakiarrei begira.

Irakeko zinemagileek bide bera har dezaten da zure helburuetako bat.

Hala da, eurek baitaukate gauzak eraldatzeko gaitasuna zinemak duen boterea baliatuta. Uste dut zinemagileak animatuko direla komedia egitera. Izan ere, proiektuaren sorreratik komedia gidoiekin datorkigu jendea.

Zure umorea irakiarrek ulertuko dutelakoan al zaude?

Badugu zalantzarik Iraken beste herrialdeetan bezala ulertua izango ote den. Baietz espero dut. Egoera erreal bezain burugabeetan ikusiko ditugu pertsonaiak. Nahiko umore beltza da. Filma oso kritikoa da herrialdearen egoerarekin, ez du Irak zuritzen inolaz ere, eta hango jendarteari kritika zorrotza egiten dio. Politikariei luzatutako kritika jakintzat ematen dugu, baina irakiarrei eurek beren kabuz gauzak egiteko deia helarazi nahi diegu. Nizarrek oso garbi du eta orain nik ere bai. Izan ere, komedia erabiliz kritikak leunago sartzen dira. Komedia ez da iheserako bakarrik baliagarria, egoera aldarazten saiatzeko tresna ere bada.

Konbentzituta zaude.

Irakeko ingurune zinematografikoa gutxieneko bat aldatuko denari buruzko zalantzarik ez daukat. Gizartean bertan ezer aldatzea zailagoa da.

«A Political Story» bezala Kimuak egitasmora aurkeztekoa duzu lan berria. Erakusleiho aparta da, ezta?

Bai, sekulakoa da! Era honetako proiektua burutzen duzunean lehertuta bukatzen duzu, batez ere buruari dagokionean. Orain hobeto nago, baina Bagdadetik iritsi nintzenean, martxoan... Edonork zure lanaren banaketa egitea ikaragarria da. Gainera, Kimuak ezaguna da Euskal Herrian zein atzerriko jaialdietan. Primerako erakusleihoa da. Oraintxe aurkeztu dugu, ea aukeratzen duten... Bestela guk geuk egin beharko dugu banaketa. Izan ere, banaketa eta marketina bereziki garrantzitsuak dira, nahiz askotan ahaztu egiten dugun.

 


NIZAR RAWI, IRAK SHORT FILM FESTIVALEKO ZUZENDARIA:  «Komedia gizakiaren beharrizana da, izan herrialde batekoa ala bestekoa»

Nizar Rawik garbi dauka: «Arteak bakarrik salbatuko du gure gizartea». Hori sinetsita, kultur gordailu lanak egiten dituen erakundea sortu du Bagdaden, Cultural and Visual Arts Society. Iraken era honetako elkarte bakanetakoa da. «Hamar urtetik gora daramatzat hainbat kultur proiekturen garapena sustatzen. Haurrekin lan asko egiten dut», kontatu du Rawik. Irak Film Short Festival jaialdian ere lan aparta egiten du, bertako sortzaileen ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzen.


Lander Camarerok aktore eta ekoizle lanetan jarri du lehen aldiz “A Serious Comedy” proiektuan. Bere egunerokotasunean agertzen da Rawi –«ni neu naiz», dio–, nahiz egoera fikziozkoa izan. Horrek gauzak erraztu dizkion arren ez zaio erraza egin kamera aurrean jartzea. 


Uste duzu irakiarrek ulertuko dutela filma?
Film osoa ez du inork ulertuko, ezta nik ere! [barreak] Hasteko, artea da, eta ez da dena zertan ulertu. Horrekin batera, Landerrek xehetasun askori erreparatu die lanean. Hari asko dituen istorio interesgarria da. Zentzu horretan, mezu ugari ditu filmak. Ikusleek ez dituzte denak harrapatuko, baina bai nabarmentzen diren bizpahiru mezu nagusiak. Ikus-entzunezkoen alorrean lanean ari diren irakiar gehienei gustatuko zaie, seguru nago. Oso gauza berritzaileak agertzen dira eta horixe da gehien atsegin dudana. Europar zinemagile gazteen belaunaldiko kidea da Lander eta zinema egiteko modu desberdina dute. Oso lantresna desberdinak erabiltzen dituzte, oso modu berrian. Gure zinemagileek asko daukate ikasteko belaunaldi berri honengandik.

Zer diozu kultur aniztasunaz? Umorea kultura da eta umore euskalduna eta irakiarra islatzen ditu «A Serious Comedy» lanak.
Filmaketak iraun zuen bitartean ez zen erraza izan elkar ulertzea, Landerren aginduak lantaldeari azaltzea. Izan ere, guk beste modu batean egiten dugu lan.
Landerrek, ezer baino lehen, ahalegin handia egin du gure jendartea ulertzeko. Gainera, oso elementu interesgarriak aukeratu ditu komedia egiteko. Komedia gizakiaren beharrizana da, izan herrialde jakin batekoa ala bestekoa. Halaxe uste dut. Ez da Euskal Herriko, Irakeko edo Afganistango kontua. Komedia komedia da, musika bera bezalaxe. Unibertsala da. Eta filmak egitea, nolabait, hizkuntza unibertsala delakoan nago. Filmaketan parte hartu dutenetako asko nire lagunak dira, zinemagintzan ari direnak, eta harrituta geratu dira dena zein erraz joan den ikusita. Horrek esan nahi du zinema egile bezala gauza asko dituztela komunean. 


Zuk esandako hitzak izan zituen abiapuntu Camarerok. «Orain inoiz baino beharrezkoagoa da Iraken komedia egitea», esan zenion. Zergatik?
Bagdadeko hiritarrek komedia ikusteari ez diote utzi. Noski, gure herrian egiten ez denez, atzerriko komediak ikusten dituzte. Saudi Arabiako, Siriako eta Egiptoko komediak ikustearen oso zale dira, adibidez. Nahiz gizartearekiko oso kritikoak izan, asko gustatzen zaizkie. Telebistan etengabe ikusten dituzte. Komedia egiteko baldintza guztiak hortxe ditugu, norbaitek pausua ematea falta da, besterik ez. Espero dut Landerren ondoren gehiago animatuko direla. Eskaera handia dago. Denok daukagu barre egiteko beharra. Eta horrez gain, hainbeste gauza dagoenez kritikatzeko, komedia oso aproposa da. Oso modu sotilean edo azidoan egin dezakezu salaketa, eta era horretan errazago sartzen zaio ikusleari belarrietatik.


Zer moduz moldatu zara aktore lanetan?
Nire interpretazioa ezin txarragoa da! Denetarik egiten dut nire egunerokoan baina lehenengo aldia da inork aktore izatea eskatu didana! [barreak] Gure ohiko bizimodua irudikatu genuen, ez genuen kamera askorik inguruan, baina hala ere ez zitzaidan batere erraza egin.