GAUR8 - mila leiho zabalik

«Txernobil txiki bat daukagu etxe bakoitzean»

Txernobylgo zentrala lehertu zenean, Svietak 13 urte zituen eta bainujantzian ibili zen soldadu maskaradunak pasatzen ikusten. Inork ez zion erradiazioaz ezer esan. Orain Euskal Herrira etortzen da urtero, hango umeekin, eta erradiazioa baino arazo larriagoak dauzkatela dio.


Eremu Debekatura sartu aurreko azken herria da Orane. Pixka bat aurrerago, Poliziaren kontrol batera iristen da errepidea eta baimena dutenek soilik jarrai dezakete Txernobylerantz. Svieta Volotxai irakasleak, 41 urte, behin bakarrik zeharkatu du hesi hori azken 28 urteetan. Txernobylgo zentral lehertua eta Pripiat hiri abandonatua bisitatu zituen 2001ean eta negarrez irten zen, tristurak gogoa ilundu zion hilabete askotarako. Volotxai, berez, emakume alaia, bromazalea eta oso adoretsua da. Irakaslea da Oraneko eskolan, arazo larrienak dituzten umeak laguntzen dihardu etengabe, urtero Euskal Herrira etortzen da, Txernobylgo gazteen begirale. Baina Txernobylgo zentrala edo Pripiat aipatzen zaizkionean, eskuekin aurpegia estaltzen du, isildu egiten da, burua mantso mugitzen du, ezetz esanez bezala.

–Ezin dut jasan. Txikitan maiz joaten ginen Txernobylera eta batez ere Pripiatera, gure inguruko hiri modernoena zen eta. Jai egunetan Pripiateko zinemara joaten ginen, antzokira, parkeetara, lakuetan bainatzera, erosketak egitera. Oso hiri bizia zen. Orain abandonatuta dago eta, argazkiak ikusten ditudanean, ezin dut jasan. Oso goibel jartzen naiz. Telebistan Txernobyli buruzko zerbait ematen badute, kanala segituan aldatzen dut. Inpresio handia egiten dit, minduta uzten nau denbora luzez.

1986ko apirilaren 26an, goizeko 1.23an, Txernobylgo laugarren erreaktorea lehertu zen unean, Svieta Volotxai lo zegoen Oranen, zentral nuklearretik 35 kilometrora. Orduan 13 urte zeuzkan eta lasai egiten zuen lo, larunbata zelako eta eskolarik ez zeukalako.

–Goizean jaiki, gosaldu eta landara atera nintzen gurasoekin. Patatak erein behar genituen –dio–. Gogoan dut udaberriko goiz zoragarri bat zela, eguzkitsua, beroa, zerua oskarbi zegoen.

Goiz hartan, Svieta, bere ahizpa Elena, 4 urtekoa, eta gurasoak landan zeuden bitartean, zerutik euri isil eta ikusezin bat ari zuen, zesioa, estrontzioa, iodoa, plutonioa, neptunioa, zirkonioa, kadmioa, berilioa, lantanoa, errutenioa eta beste hainbat partikula erradiaktiborekin.

–Gogoan dut halako batean trafiko ugaria ikusi genuela herritik pasatzen. Auto ilarak zetozen Txernobyldik, Kievera bidean. Umeok bizikletak hartu genituen eta errepidera hurbildu ginen autoak pasatzen ikustera, jakin-minez. Bainujantziak generamatzan, bero handia egiten zuelako. Gero ibilgailu militarrak agertu ziren, kamioi berde eta marroiak, ilara luzeetan, kontrako norabidean: Kievetik Txernobylera. Kamioien atzeko aldean eserita, soldaduak zeuden. Buzoak jantzita zeuzkaten, arnasa hartzeko maskarak, eskularruak. Estralurtarrak ematen zuten. Eta han genbiltzan gu, herriko umeak, bizikletaz, bainujantziekin, ia biluzik, soldadu estralurtar haiek pasatzen ikusten. Inork ez zigun oharrik eman.

Informazio faltaren erruz, milaka pertsona erradiazioaren eraginpean egon ziren katastrofearen ondorengo lehen egun haietan.

–Ez zuten istripuaren lotsa aitortu nahi, ez zituzten sistemaren akatsak agerian utzi nahi, eta horregatik ez ziguten inolako informaziorik eman –dio Svietak, haserre–. Erradiazioaren azpian egon ginen, babesik gabe, ez zigutelako inolako berririk eman.

Agintari sobietarrek hondamendia ezkutatu zuten. Katastrofearen lehenengo alarma bi egun geroago piztu zen, Suedian, Txernobyldik 1.100 kilometrora. Suediako zentral nuklear bateko teknikariek erradiazio maila altuak neurtu zituzten. Euren ihes bat zela baztertu zutenean, kalkuluak egin zituzten eta Sobiet Batasuneko mendebaldetik hodei erradiaktibo bat zetorrela jakinarazi zuten. Europa osoan zabaltzen ari zen hodei hura.

Biharamunean, apirilaren 29an, leherketa gertatu eta hiru egunera, nazioarteko prentsa notiziak argitaratzen hasi zen. Eta Sobietar Batasuneko komunikabideek ere zerbait esan behar izan zuten. Egun horretan, “Ukraina Sobietarra” egunkariaren azalean, txirrindularitza lasterketa baten argazkia agertu zen. Eta bere gainean, ohar oso labur bat. Honako azalpen hauek ematen zituen: istripu bat gertatu da Txernobylgo zentralean, erreaktore batek arazoak izan ditu, neurriak hartu dira kalteak arintzeko, biktimak laguntza jasotzen ari dira, Gobernuko agintariek batzorde bat osatu dute. Eta horixe izan zen guztia, lerro gutxi batzuk. Hiritarrei ez zieten inolako informaziorik eman erradiazioaren arriskuak saihesteko, ezta osasuna zaintzeko aholkurik ere. Ez zituzten iodo pilulak banatu nahi izan, tiroideko minbiziaren kontra oso babes egokia direnak, ez omen zutelako panikorik piztu nahi.

Maiatzaren Lehena festa handia zen Sobietar Batasunean. Kieven desfile jendetsua antolatzen zuten urtero. Istripua gertatu zenean, oso egun gutxi falta ziren eta agintariek ez zuten jaia hondatu nahi. Normaltasun osoz ospatu zuten desfilea, jendetza zegoen kaleetan, erradiazioaren azpian, eta hainbat lekukok gogoan dute tribuna nagusian agintarien seme-alabak ere bazeudela, beroki luze eta txanoekin jantzita. Udaberri bero hartan deigarria egin zitzaien.

Gomendioak irakasleen eskutik

Istripuaren ondorengo hirugarren edo laugarren egunean, lehenengo gomendioak jaso zituzten Oranen, zentraletik 35 kilometrora zegoen herrixkan, Svietak dioenez.

–Eskolako irakasleek esan ziguten arropa luzea jantzi behar genuela, ez ginela kalean egon behar jolasean, etxean sartu eta ate eta leiho guztiak ondo itxita eduki behar genituela... Zurrumurruak besterik ez genituen jasotzen, oso nahasia eta kezkagarria zen dena.

Hurrengo asteetan, prentsa sobietarrak ez zuen beste zehaztasunik eman. Ez zegoen aholku praktikorik, osasuna babesteko neurririk, erreportaje epikoak bakarrik argitaratzen zituzten. «Txernobyl, heroien lurraldea». «Erreaktorea garaitua izan da». «Eta hala ere, bizitzak aurrera darrai».

Leherketa gertatu eta lau egunera, sute nuklearra itzaltzeko lanean ari ziren likidatzaileei agindu berezi bat eman zieten: erreaktorearen teilatuan bandera sobietar bat jarri behar zuten, soldadu gorriek Berlingo Reichstagen 1945ean altxa zutenaren antzera. Erradiazioak bandera desegin zuen egun gutxitan. Eta beste bat jarri zuten bere ordez.

Txernobylgo egoitza publiko bat garbitzeko agindua ere jaso zuten. Hurrengo egunean ezkontza bat ospatuko zen bertan, ezkongaiak eta dozenaka gonbidatu iritsiko ziren autobus batean, kazetariek irudiak hartu eta normaltasunaren adibide bezala erakuts zezaten.

Normaltasun itxurak egitearen prezioa oso garestia izan zen.

–Krimen baten historia da –esan zuen urte batzuk geroago Vasili Nesterenkok, Bielorrusiako Energia Nuklearreko Institutuko zuzendari ohiak–. Gorbatxovek agintari bielorrusiarrei deitu zien panikorik ez zabaltzeko eskatzeko. Zientzialariok neurriak proposatzen genituen, urtegietan iodoa botatzea, dosimetroak banatu eta lur kutsatuen mapak egitea, ebakuazio ordenatuak antolatzea. Baina Bielorrusiako agintariek ikara handiagoa zieten euren gaineko agintariei erradiazioari baino. Telefono dei baten zain zeuden guztiak, agindu baten zain, baina inork ez zuen ezer erabaki nahi, badaezpada. Sistema sobietarrean inork ez zuen ardura pertsonalik hartu nahi. Ezjakintasuna eta korporatibismoa nahastu ziren, nahasketa hilgarria. Nik agintariei deitzen nien, kartak bidaltzen nizkien, txostenak idatzi, mapak marraztu. Orduan mehatxatu egin ninduten. Agenteak etorri ziren institutura eta erradiazioa neurtzeko tresnak kendu zizkiguten. Propaganda antisobietarra egitea leporatu ziguten, traidoreak ginela eta fusilatuko gintuztela esan zuten. Agintariek bai, agintariek iodoa hartzen zuten: osasun azterketak egitera etortzen ziren eta tiroidea garbi-garbia zeukaten denek. Babesteko trajeak eta arnasa hartzeko maskarak zeuzkaten, jendearen artean banatu nahi ez zituzten horiek hain zuzen, «panikoa ez zabaltzeagatik».

Trenetan eraman zituzten umeak

Dena lasai mantendu zuten eta Moskuk zoriondu egin zituen: «Jende bikaina, anaia bielorrusiarrak!». Zenbat bizitza ordaindu ziren laudorio horren truke? Bielorrusiako umeen artean tiroide minbizia biderkatu egin zen. Ondoren jaiotakoek hazteko arazoak dauzkate, bihotzeko gaitzak, giltzurrunekoak. Ba al dakizu zer den ospitaleko gela berean zazpi neskatxa burusoil ikustea, minbiziarekin? Zazpi neska burusoil, isilik eta begirada tristearekin. Inor ez da horren erantzule izan. Eta trenetan bidali zituzten milaka ume ikaratuak…

Txernobylgo leherketa gertatu eta hilabetera, azkenean, Oraneko haur guztiak Kieveko ospitaleetara eraman zituzten. Osasun azterketak egin ondoren, trenetan sartu eta Odesara bidali zituzten. Oporretako hiri bat da Odesa, Itsaso Beltzaren ertzean. Bolada batez arriskutik kanpo egongo ziren umeak, lurralde kutsatuetatik urruti.

Baina, Ukrainan barrena, Txernobylgo umeek ikara sortzen zuten. Trena estazioren batean gelditzen zenean, haurrak jangela batera eramaten zituzten eta bertako langileak izutu egiten ziren. Orduko umeek gogoan dute jendeak marmarka hartzen zituela, komentarioak egiten zituztela: joaten direnean, platerak eta edalontziak zakarretara bota eta zoruak desinfektatu beharko ditugu…

Svietak 13 urte zeuzkan eta bere ahizpa txikia, Elena, 4 urtekoa, zaindu behar izan zuen bidaian. Txernobylgo umeak Odesako hondartzan kanpamentu batean jarri zituztela gogoratzen du. Harriak bota zizkieten behin, zenbait hiritarrek umeak handik kanporatzea nahi zutelako. Odesako beste biztanle asko atseginagoak eta abegitsuagoak izan ziren.

–Umeon artean ere zurrumurruak zabaldu ziren –dio Svietak–. Inork ez zekien zer gertatzen zitzaigun. Baina bi urte bakarrik biziko ginela esaten hasi ziren batzuk. Orduan nik gure amaren aurrezkietan pentsatzen nuen. Bizitza osoa pasa zuen gure amak nekazaritzan lanean. Oso zorrotza eta oso zuhurra zen: irabazitako dirua ondo gordetzen zuen, ez zuen txanpon bakar bat ere alferrik gastatzen. Jostailu bat edo gozokiren bat erosteko dirua eskatzen genionean, ez zigun ematen. Odesan hiru hilabete pasa genituen eta Oranera itzuli ginenean, amari esan nion bi urte baino lehen hil egingo ginela. Eta horregatik diru guztia gastatu behar genuela, janaririk eta arroparik onena erosteko, bidaiak egiteko, luxuz bizitzeko. Amak ezetz esan zidan, noski. Bada, begira: nire ideia ez zen hain zoroa izan. Urte batzuk aurrerago, Sobietar Batasuna desagertu zenean, kiebra ekonomikoa etorri zen eta amak aurrezki guztiak galdu zituen.

«Erradiazioa ez da larriena»

Herri xumea da Orane. Egurrezko etxe txikitan bizi dira, bide lokaztutan sakabanatuta, eta askok komuna baratzean daukate: zulo bat, etxola baten barruan. Bizimodua ateratzeko abere gutxi batzuk zaintzen dituzte; lur sail eskas, izoztu eta kutsatuei patata batzuk eta barazki batzuk ateratzen dizkiete.

–Gobernuak diru-laguntza bat onartu zuen Txernobyldik gertu bizi garenontzat –azaltzen du Svietak–. Hemengo produktuak kutsatuta daudenez, janari garbia eros genezan. Badakizu zenbatekoa den? 0,15 euro hilero. Ogi bat erosteko adina.

Nola neurtu etsipena?

Svieta irakaslea da, dozenaka haur batzuk dituen Oraneko eskolan. Eskola arruntak emateaz gainera, osasun arazoak eta batez ere egoera familiar larriak dituzten haurrekin lan egiten du urte osoan, atsedenik hartu gabe.

–Dagoeneko erradiazioa ez da gure arazorik larriena –dio–. Minbiziak eta gaixotasunak kezkagarriak dira oraindik ere, baina egoera okerragoak bizi ditugu etxeetan ospitaleetan baino. Katastrofearen ondoren, ia berrehun mila pertsonak emigratu behar izan zuten. Ehunka familiek herriak abandonatu, aurreko bizitza lurperatu eta berri bat bilatu behar izan zuten. Eskualde oso bat abandonatuta gelditu zen. Behartutako emigrazioa, pobrezia, langabezia, etorkizun falta. Inor ez da etorriko hona fabrika bat jartzera, lanpostuak sortzera, erabat utzitako herriak dira gureak. Ondorioz jende askok depresioak dauzka, tristura, estresa, nerbioak. Nola neurtu hori. Nola neurtu etsipena: gazteek hemendik ospa egin nahi dute, lurralde tristea da gurea, etorkizunik gabekoa.

Urtero Euskal Herrira etortzen da Svieta, ume talde batekin uda pasatzera, Txernobil Elkartearen eskutik. Hilabete pare batez, osasun azterketak egin eta tratamenduak jartzen dizkiete haurrei, janari hobea jaten dute, giro garbiago batean bizi dira, defentsak indartzen dituzte eta oporrak gozatu ondoren alaiago daude. Oso nabarmena omen da atsedenaldi honek haurrengan duen eragina, Svietak dioenez.

–Gure herrietan gazteak itzalita bezala egoten dira, inguruko tristurak kutsatu egiten ditu. Asko oso goiz hasten dira zurrutean. Hori arazo handia da. Aitek edan egiten dute, amek edan egiten dute, ume asko erdi abandonatuta daude, oso utzita. Eskolan ikusten dut hori, egunero. Eta etxeetan biolentzia handia dago. Ez da ikusten, ez da entzuten, ez da leherketa atomiko bat bezain ikusgarria, baina egunero gertatzen da, ez da inoiz bukatzen, eta umeengan oso argi sumatzen ditut kalteak.

Svietak hasperen egiten du.

–Txernobyl txiki bat daukagu etxe bakoitzean.